Borrar
Wilde, mozorrorik gabe hitzaurrea idatzi du Felipe Juaristik Aitor Aranak itzuli duen De profundis libururako. [MIKEL FRAILE]
Oscar Wilderen 'De profundis', «gizon eroriaren parabola», itzuli du Aitor Aranak
LITERATURA

Oscar Wilderen 'De profundis', «gizon eroriaren parabola», itzuli du Aitor Aranak

Readingo kartzelan zegoela Alfred Douglas maitale ohiari idatzitako eskutitz luzean «egiazko Wilde» ageri da Felipe Juaristiren hitzaurre argigarria du liburuak

N. AZURMENDI

Sábado, 20 de octubre 2007, 02:47

DONOSTIA. DV. Gehien euskaratu den idazleetakoa da Oscar Wilde (Dublin, 1845-Paris, 1900), baina itzuli gabe zegoen Wilderen lanik berezienetakoa: 1897an, Readingo kartzelan bi urteko zigorraldia betetzen zegoela, lord Alfred Douglas maitale ohiari idatzi zion De profundis eskutitz luzea. Hurrengo asteotan Wilderen inguruko zenbait nobedade ekarriko dituen Aitor Arana idazle eta itzultzaileak euskaratu du, eta Txalaparta argitaletxeak jarri du kalean, Felipe Juaristiren hitzaurre zabal eta argigarria lagun duela.

Alfred Douglasen aitak sodomia leporatu eta, garaiko Ingalaterra asaldatu zuen epaiketa baten ondoren, bi urte igaro zituen Wildek kartzelan homosexualitatea garbitzeko. «Kartzelako egonaldiak asko aldatu zuen Wilderen ikuspegia -azaldu zuen Juaristik-, eta barruan zeukana azaldu zen, batere mozorrorik gabe. Nire ustez Wilderen idazlan berezi eta hunkigarriena den honetan ikusten da zein zen benetako Wilde».

Aste honetan bertan, Britainia Handiak historian eman duen pertsona zorrotz eta gatzdunena aukeratu dute Wilde. Kartzelakoa, ordea, ez zen «mundu guztiak miresten zuen» txispaz beteriko hura, pasarte haren kontura «dena galdu zuen gizon umiliatua baizik, maskararik gabekoa». Hartara «pertsona eroriaren parabola» da, Juaristiren eta Aranaren ustez, bizi zen artean argitaratzeko asmorik gabe idatzi zuen eskutitza; sakon-sakonetik, oinazetik eta oinazean, «sentitzen zuena adierazteko».

Itzulpen zaila

Wilderekin itxuragabeki jokatu zuen Alfred Douglas Bossie zen, hasiera batean, izkribuaren hartzailea, baina testuaren izaera nolabait pribatuak ez zuen apaldu testuaren maila. «Irakurlea eraman egiten du eskutitzak, maisuki dago idatzia», azpimarratu zuen Aitor Aranak jatorrizko lanaren ezaugarriak aipatzean. Literaturaren aldetik duen maila jasoa, itzultzailearentzat, buruhauste iturri ere izan da: «Zailtasun handiko pasarteak ditu, orrialde erdiko esaldi luzeak eta atal nahiko erretorikoak».

Horiexek dira, hain zuzen, itzultzaileari gutxien gustatu zaizkionak. De profundis-en ez dago ipuinetan ageri den Wilde garden eta maitagarriaren arrastorik. Aitzitik, Biblia, Dante, klasikoak eta idazlearen erudizioaren maila ematen duten aipuz josita dago hainbat pasartetan nahiko iluna den lana. «Klase magistralaren itxura» ere badu De profundis-ek Aitor Aranarentzat. «Kontuan izan behar da buruz eman zituela zita guztiak, kartzelan ez baitzuen libururik», ekarri zuen gogora.

Literatur zalearen, eruditoaren eta maisuaren alboan, ordea, traizioa jasan duen maitalea ere badago. Bikotearen arteko liskarrek, kexek eta txutxu-mutxuek ere badute tarterik pasarte sublimeagoen ondoan. Alderdi horretatik, Wildek Bossie esker txarreko gazteari «minaren esanahia eta haren edertasuna» irakasteko idatzi zuen liburua «telenobela moduan» ere irakur daitekeela uste du Aitor Aranak . «Batera datoz bi zatiak». alegia, Wilderen lan egiazkoenean.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Oscar Wilderen 'De profundis', «gizon eroriaren parabola», itzuli du Aitor Aranak