Borrar
Izaskun Jauregi eta Itziar Zubizarreta Galtzagorri Elkarteko kideak, atzo egitasmoaren aurkezpenean. [A.G.]
Haur txikienen artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina martxan Tolosan Kanpainaren ardatzak
TOLOSA PLAN PILOTUA

Haur txikienen artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina martxan Tolosan Kanpainaren ardatzak

Galtzagorri Elkarteak jarri du abian, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago

AMAIA GOIKOETXEA A.G.

Miércoles, 12 de diciembre 2007, 01:42

TOLOSA. DV. Bularretik Mintzora izenburupean, irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina aurkeztu zen atzo Tolosako Haur Liburutegian. Bertan izan ziren Galtzagorri Elkarteko kide diren Itziar Zubizarreta eta Izaskun Jauregi, Tolosako alkate Jokin Bildarraitz, eta Tolosako Haur Liburutegiko arduraduna den Susana Larre.

Galtzagorri Elkarteak jarri du martxan kanpaina hau Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin. Itziar Zubizarreta elkarteko kideak azaldu zuenez, «egitasmo berri hau kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio da. Haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago, eta helburu nagusia 0-6 adin tarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea da, beren ingurune naturalean: etxean, eskolan eta liburutegian, hain zuzen ere».

Aipaturiko egoitza horietan giro irakurle bat sortzeko bideak jorratu eta modu natural batean irakurtzeko, kontatzeko eta entzuteko ohitura sustatu nahi du kanpaina honek.

'Irakurtzen eman'

Haurrek jaiotzen direnetik gauza asko behar dituzte modu egokian garatzeko: inguruarekin komunikatu, errealitatea pixkanaka ezagutu eta bertan seguru sentitu. Baina behar horiek asetzeko, haur txikiek oraindik ez dituzte garatuak trebetasun kognitiboak, ezta hizkuntz trebetasunak ere gauzak eskatu eta adierazteko. Itziar Zubizarretak azaldu zuenez, «haur txiki horren beharrei aurre egiteko, bere inguruko helduek 'altxor' preziatu bat daukate. Hau modu egokian erabiltzen badute, ondorio magikoak sortuko ditu haurraren adimena, hizkuntza, emozioak... garatzeko, baita haiekin lotura afektibo sendo bat finkatzeko ere. Altxor hori irakurketa da. Haur txiki batek dasta dezake altxor horretatik baldin eta bere helduek 'irakurtzen ematen' badiote, jaten ematen dioten bezalaxe».

'Irakurtzen emate' hori lehen hilabeteetan sehaska kantak abestea edo errima xume eta goxoak xuxurlatzea litzateke, irudi sinple batzuk eskainiz. Gero, 'irakurtzen ematea' ipuin bat kontatzea litzateke, edo poesia bat irakurtzea eta harekin jolas bat egitea. Orduan, irakurketa bera eta ipuina bera, oinarrizko behar bat bilakatzen dira haurrarentzat, errealitatea ezagutzeko estimulu anitzak eskaintzen dizkiolako.

«Sehaska kantu bat abesten dugunean, poesia bat irakurtzen ari garenean, marrazki bat haurraren aurrean jartzen dugunean edo ipuin bat kontatzen dugunean haurraren maila psikologiko eta afektibo berean komunikatzen ari gara; eta horrek onura asko dakarzkio haurrari», baieztatu zuen Itziarrek.

«Lehenengo urteetan komunikazio hau zentzumenen bidez ematen da (hitza, ukimena, begirada...). Gero, irakurketa eta idazketaren ikasketarekin, beste bide bat zabaltzen da komunikazioan, baina heldu baten laguntza eta presentzia ezinbestekoak dira komunikazio hori burutzeko».

Esperientzia pilotua

«Egitasmo hau esperientzia pilotu bat da -adierazi zuen Jokin Bildarraitz Tolosako alkateak-. Aurrerago beste herrietara ere zabaldu nahi da, baina lehenbizi neurtu egin nahi dugu jendearengan zenbateko eragina duen. Prozesu dinamiko bat da, luzea, ebaluatu beharrekoa eta hazten joango dena».

Beraz, gerora beste herrietara zabaldu nahi bada ere, momentuz Tolosan bakarrik jarriko da martxan Bularretik Mintzora egitasmoa. Eta zergatik aukeratu du Galtzagorri Elkarteak Tolosa kanpaina honi ekiteko? «Tolosako Haur Liburutegiarekin oso harreman estua dugulako. Aspaldiko urte hauetan lankidetza handia mantendu dugulako aukeratu dugu liburutegi hau», azaldu zuen Itziar Zubizarretak.

«Behin liburuzainok Bilbora joan ginen Galtzagorri Elkarteak antolaturiko hitzaldi batera, eta bertan, kolonbiar batek egitasmo honen berri eman zigun. Guztiok pentsatu genuen guk ere Euskal Herrian halako zerbait nahi genuela», azaldu zuen bere aldetik Susana Larrek, Tolosako Haur Liburutegiko arduradunak.

Itziarrek gaineratu zuen urtarriletik aurrera hasiko direla egitasmoari forma handiagoa ematen, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan. Egitasmo hau berria da Euskal Herrian. AEBetan, Britainia Handian, Italian, Suedian eta Katalunian egindako antzeko egitasmoen ildo berean dago. Ekimen hauek haurren osasuna kontzeptu orokor eta oso gisa hartzen dute kontuan. Izan ere, frogatua dago txikienen osasunean literaturak eta irakurketa ozenak berebiziko garrantzia dutela: ipuin eta istorio txikien, abesti eta esku-jolasen bidez zuzenean konektatu daiteke haurren munduarekin eta beraien sentimentuekin.

Hiru egoitza izango ditu kanpainak, etxea, eskola eta liburutegia, eta hiruretarako formazio aukerak eta material sailkatua diseinatu du Galtzagorri Elkarteak. Etxean gurasoekin eta haurren zaintzaileekin lantzeko materiala prestatu dute: gomendio zerrenda bat, bibliografia egokia, ikastaroak liburutegian, eta maileguan eramateko liburuz beteriko kutxa. Eskoletarako ere beste horrenbeste egin dute: bibliografia, gomendio zerrenda bat eta ikastaroak. Eta azkenik, liburutegietarako ere formazio saioak, bibliografia egokia eta maileguan etxera eta eskoletara eraman daitezkeen liburu kutxak prestatu dituzte.

Horrez gain, kanpaina honen ekimen nagusienetakoa Bularretik Mintzora liburu-diskoa izango da. Itziar Zubizarretak zuzendu du, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurelio Edler Copés-ek musikatu. 0 eta 6 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzendua dago.

Eredu garbiak eskaintzen dira guraso eta irakasleek joko horiek ikasi eta haurrekin erabiltzeko. «Disko-liburuxka honetan, literatur tradizioaren galerari aurre eginez, sehaska kantak, esku jolasak.. bildu ditugu», azaldu zuen Itziarrek. «Haurren irakurzaletasuna sustatzeko hezitzaile eta gurasoentzako tresna egoki bat moldatu dugu beren haurrekin erabili ditzaketen jolas kanta eta ipunak ezagutzeko».

Bularretik Mintzora disko- liburua, oraingoz, Haur Liburutegian eskuratu ahal izango da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Haur txikienen artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina martxan Tolosan Kanpainaren ardatzak