Borrar
«Bilbo aitzindari izan da euskara kontuetan hainbat aldiz»
AITOR ZUBEROGOITIA ETA PEDRO ZUBEROGOITIA 'BERTAN BILBO' LIBURUAREN EGILEAK

«Bilbo aitzindari izan da euskara kontuetan hainbat aldiz»

Hor euskarak izan duen presentzia aztertu dute bi anaia hauek, Azkue, Aresti, Gereño eta beste asko erreibindikatuz.

FELIX IBARGUTXI

Lunes, 9 de junio 2008, 11:14

liburua plazaratu du Bilboko Udalak, euskarak hiri horretan izan duen presentziaren historia, alegia. 360 orrialdetan zehar hainbat gertaera eta pasadizo agertu dituzte Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiek, azkenean argi gelditzen delarik Bilbo oso toki garrantzitsua dela euskara kontuetan. Aitor kazetaria da eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea; Pedro, historialaria, eta institutu batean ari da lanean.

- Lan honek aurre egiten dio estereotipo bati, alegia, Bilbo oso toki erdalduna delako estereotipoari.

- Aitor Zuberogoitia: Bai, baina gure asmoa ez zen estereotipo horri aurre egitea, baizik eta errealitate bat azaleraztea eta esatea Bilbo euskara kontuetan aitzindaria izan dela hainbat aldiz eta hori ez dela ezagutzen. Zerrendatuko dizut adibide batzuk: Bizkaiko Foru Aldundiak euskara katedra sortu zuen Bilbon, 1888an. Euskara hutsezko lehenenengo aldizkaria ere Bilbon sortu zen, Resurreccion Maria Azkueren hau ere XIX. mendearen hondarrean. Euskal olerkigintza erabat eraldatu zuen gizona ere, Gabriel Aresti, Bilbokoa zen. Mitxelenak berak esaten du euskara batua sortu baino dezente lehenago, 1960an, Arestiren , euskara batuan idatzirik dagoela goitik behera. Beste bat: Elbira Zipitria ibili zen Donostian, etxebizitza batzuetan, ikastolak muntatuz, baina lokal publiko batean eginiko lehenengo ikastola Bilbon izan zen, 1957an, San Nikolas elizaren lokal batean. Eta Euskal Herrian lehenengo ikastola ofizialtasuna lortu zuena Azkue Ikastola izan zen, 1968an. Eta euskarazko lehenengo euskarazko antzerki talde profesionala ere Bilbokoa dugu, Maskarada. Hiztegigintza modernoa ere Bilbon sortu zen, Kintanarekin-eta. Eta testuliburugintza modernoa (Saioka) Santutxun hasi zen. «Euskaltegi» hitza ere, Bilbon asmatu zuen Imanol Berriatuak, eta Bilbon jarri zuen praktikan. Lehenengo euskaltegi profesionalak Bilbokoak dira.

- Eta Bilboko hiriaren garrantziaz Xabier Gereñori esker jabetu omen zineten.

- A. Z.: Bai, Xabier Gereñorengana joan ginen, aldizkarirako elkarrizketa luze bat egitera. Hainbat gauza kontatu zizkigun. Adibidez, 40ko hamarkadan saiatu zela akademia batzuk zabaltzen euskara irakasteko, eta horregatik kartzelan sartu zutela. Eta 50eko hamarkadan Cinsa disketxea sortu zuen, haren bidez disko asko plazaratu zuelarik. Baita ere 50eko hamarkadan Festivales de la Canción Vasca antolatu zituen Coliseo Albian eta jendez lepo betetzen zen. Gereñok aipatutako kontuetatik tiraka hainbat gauza deskubritu dugu; adibidez, 50eko hamarkadan Soroak taldea sortu zutela Robles Arangiztarrek eta Txabi Villaverdek, eta gospela eta jazza kantatzen zutela euskaraz. Gauza harrigarriak topatu ditugu.

- Lehen esan duzuen euskara katedra hori kontu jakingarria da.

- Pedro Zuberogoitia: Hori, XIX. mende erdialdetik zetorren asmoa zen. Baina orduan euskararen aldeko ekimenek denbora behar zuen. Eta ekina behar zen. Halako batean, gertatu ziren baldintzak, seguru asko foruen galeraren ondoko giroa zegoelako. Jakina denez, Unamuno, Sabino Arana eta Azkue lehiatu ziren eta azken honek atera zuen. Euskarazko eskolak emateko zen soilik katedra hori, baina orduan gauza handia izan zen.

- Azkue erraldoi bat izan zen Bilborako.

- A.Z: Eta euskal kultura osorako, Izan zen gauzak argi eduki zituen gizon bat, bazekien noran-tza jo behar zen eta ildoa hizkun-tza behar zuela. Horrez gain, lanerako gaitasun ikaragarria zeukan.

- Harrigarria da gizon honen heriotza. Ibaira erori eta, atera bazuten ere, handik laster hil zen.

- A.Z: Nik horren berri ez neukan eta gelditu nintzen txundituta. Kontuan izan behar da gizon edadetua zela.

- 'Euskalzale' aldizkaria mugarri garrantzitsua izan zen, beraz.

- P. Z.: Dudarik ez. Iraupen laburrekoa izan zen. Jakina, Azkueren kontaktuak mugatuak ziren; Bilboko burgesia besterik ez. Eta dirua, berriz, etengabe behar zen horrelako aldizkari bati eusteko.

- Bilboko burgesiak eta oligarkiak erakutsi al zuten euskararekiko interesik aspaldiko garai haietan?

- P.Z.: Ale bakan batzuek bakarrik. Sotatarrak... beno Sotatar bat, Ramon Sota. Bai oligarkia bai maila guztietako burgesia euskararengandik ihesi zebilen. Prestijio kontuagatik. Pentsa, gaur ere hala gertatzen da.

- Gabriel Aresti oso lotuta zegoen Bilboko hiriarekin. Ikusi besterik ez dago zenbat toki-izen agertzen diren bere olerkietan.

- A.Z.: Hiria barru-barruan zeraman. Bai Sabino Arana, bai Aresti, bai Txabi Etxebarrieta, hirurak jaio ziren hor Albia inguruan. Albia alde hori Abandoko bihotza izan zen bere sasoian, Bilbok irentsi aurretik. Eta gero Kafe Antzokia egin zen Albia alde horretan. Pentsa zer hari historiko daukagun hor. Gizon urbano bat zen Aresti, eta horrek izugarrizko garrantzia dauka apurtzeko estereotipoarekin. Bere garaian sotana-estereotipoak eta intelektual oso barnera bilduen estereotipoak jarraitzen baitzuten indarrean.

- Une honetan Bilbo al da euskaradun jende gehien duen hiria?

- A.Z.: Ni horretan nago. Liburua orain bi urte amaitu genuen eta orduan 2004ko datuekin jokatu genuen. Udalaren datuen arabera, bizilagunen %15, hau da, 53.000 lagun euskaldun bizi omen ziren Bilbon, eta %26, 91.000 lagun, euskaldun izateko bidean. Nik uste dut Bilbo dela potentzialik handiena daukana.

- Hor badago beste arlo oso interesgarri bat, euskaratik hartutako hitzak. 'Lexicón bilbaíno' liburu bat ere bazen, horrelako hitz asko zekartzana.

- A.Z.: Emiliano Arriagak idatzi zuen liburu hori. Irakurri dugun lanetatik oso argi gelditu zaigu Bilbon euskararen presentzia oso-oso aspaldidanikoa dela. Bere merkatari izaerarekin batera doa hori. Kanpora zabaltzeko erabili zuen hizkuntza hori izan zen. Baina XIX. menderarte ez zaio gailentzen gaztelania euskarari erabat Bilbon. Eta, gailentzen zaionean da, batez ere, industria iraultzarekin batera emigrazio handia datorrelako. Maitena Etxeberriak handik mende batera egiten duen ikerketan esaten du Bilboko erdaldun jendeak erabiltzen zituen 33.500 unitate lexikaletatik %10 euskarazko berbak direla. Eta %11, euskararen eta gaztelaniaren nahasketa.

- Aipatu esamolde batzuk oso bilbotartzat har daitezkeenak.

- A.Z.: «Un curcursito de pan». «Porciones de bustiña». «Las kalderapekos». «Las pisarrecadas».

- Beste kontu jakingarriren bat?

- P.Z.: Asko. Mende honen hasieran, Euskeltzale Bazkuna izan zen. Ia-ia funtzionatzen zuten gaur egungo euskara elkarteek bezala. Hau da, euskaldungaiei bidea ematen zieten euskara praktikatzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Bilbo aitzindari izan da euskara kontuetan hainbat aldiz»