Borrar
Sagrario Aleman, Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko gela batean. /LUIS AZANZA
«Ikasle-irakasleen artean maitasun-harremana sortzen da»
SAGRARIO ALEMAN, EUSKARA IRAKASLEA ETA EUSKALTZAIN BERRIA

«Ikasle-irakasleen artean maitasun-harremana sortzen da»

Unibertsitate garaian hasi zen euskara eskolak ematen, Arturo Campion euskaltegian, eta orain ere horretan ari da.

FELIX IBARGUTXI

Lunes, 16 de junio 2008, 09:58

Orain dela egun gutxi Euskaltzaindiko sarrera-hitzaldia egin zuen Sagrario Alemanek, bere jaioterrian bertan, Etxalekun. Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko zuzendari eta irakaslea dugu eta hantxe jardun gara hizketan. Gutxi izango dira Alemandarrak bezain lotuak ikastetxe honi; lau anaia-arreba dira hor jardunak, irakasle. Etxalekun jarraitzen du erroldatuta eta hura ez dauka saltzeko. Orain ere asteburuero joaten da, besteak beste amari bisita egitera.

- Noiz hasi zinen Arturo Campion euskaltegian?

- 1972an, uste dut. Unibertsitatean hasi berria nintzen. Urte bat lehenago sortua zen.

- Gogoan al duzu zure lehenengo ikasle haien izenik?

- Bat Villarreal zen. Ez dakit bera edo anaiaren bat. Yarnoztarrak; bi edo hiru etortzen ziren... Esan ohi zena: «Gente de Pamplona de toda la vida».

- Garbi dago zein motibazio mota izango zuten.

- Bai, gehienak izango ziren, nik uste, familiaren bidez euskararekin lotura zutenak. Igual asko mugitzen zirenak Iruñeko euskal giro hartan. Jende mendizalea, dantza-taldeetan sartua zegoena... Nik uste dut planteamendu handi-handirik ez genuela inork.

- Ahal zena egin eta kitto.

- Arturo Campionen beste toki batzuetan ez bezalako ausardia egon zen: lokal batzuk bilatzeko ausardia.

- Zu zer ari zinen ikasten unibertsitatean?

- Farmazia. Eta burutu nituen ikasketak, baina hemendik joan behar izan nuen, hemen hirugarren urterarte ematen zutelako.

- Farmazialari sekula ez zara jardun.

- Ez, inoiz ez. Ez dut damurik. Ikasketak gustatzen zitzaizkidan, Kimika beti gustuko izan dut. Baina aterabideak, berriz... gehienak botikaren bat ipintzen zuten eta nik horri ez nion alizienterik ikusten.

- Eta didaktikari dagokionez, hasierako urte horietan nola moldatu zinen?

- Taldeko lana zegoen. Azken baten irakasle talde polita zegoen Campionen. Gauzak asko komentatzen genuen. Gero metodo bat hartu genuen, Patxi Altunaren Euskera hire laguna. gogoratzen naiz Altuna bera etorri zitzaigula egun batean esplikatzera nola erabili behar zen liburua. Hark emandako aholkuez gain guk bagenituen irizpide garbi batzuk: eskoletan euskaraz egin behar da; ez dugu eskoletan irakatsi ziguten bezala irakatsi behar -orain hitz-zerrenda bat eta gero aditz forma batzuk- baizik eta esaldien bidez egin behar genuen. Ikasleek ere laguntzen dute asko: ikasleen jarrerak, gogoak, ilusioak... Nik esaten dut batzuetan: orduan ordu gutxiago sartzen zituen ikasleak... gogoratzen naiz hasi ginela astean lau ordu t'erdirekin eta gero sei ordura pasa ginela eta geroago zortzira. Baina hori ez da egia arras. Orain ez bezala, orduan jendeak denbora gehiago izaten zuen, gauza gutxiagotan sarturik zegoen, eta eskola eman ondoren joaten ginen poteatzera eta segitzen genuen euskaraz. Uste dut nolabaiteko murgiltze bat egiten zela.

- Eta glotodidaktikako liburu teorikoak zenbateraino irakurri dituzu?

- Azkenean guztiok bide beretsutik jan dugu Euskal Herrian. Batzuk jardun dira teorizatzen eta beste batzuk ez gara iritsi teoria handi horietara, baina eduki dugu trasmisore batzuk teoria horiek modu erraztuan -bahetik pasata- trasmititu dizkigutenak. AEKko Didaktika Taldea inportantea izan zen; hor zeuden Josu Naberan eta beste batzuk.

- Beraz, esan daiteke badugula sistema guztiz eraginkor bat euskara irakasteko?

- Bai, badago eraginkortasun bat, baina ez da metodologia kontua bakarrik. Ikasleak denbora behar du, hizkuntzak ikasteko beti behar da denbora dezente, eta ikaslea gauza askotan sarturik egoten denez... eta nahiz euskaltegira etorri, batzuetan zaila zaio arazo guztiak ahaztu eta horretan zentratzea. Hasteko, astero zortzi ordu etorri behar dira euskaltegira, gutxienez.

- Gehi etxeko lanak.

- Ez, normalean ez diegu etxeko lanik ematen. Baina, bestalde, lau urtez luza daiteke ikasketa prozesua.

- Eta porrotaren arrazoi nagusia denborarik eza izan ohi da.

- Bai, hori da arrazoi nagusia, bai ez matrikulatzeko eta bai matrikulatu ondoren ikasketak uzteko ere. Eta beste arrazoi bat: garai batean jende gaztea etortzen zen euskaltegira, orain jende heldua, eta helduei gehiago kostatzen zaie gauzak memorizatzea eta abar. Eta oso presaka bizi garela, hara beste arrazoi bat; buruan batera bospasei gauza ditugula bizi gara. Horrek ez digu uzten guzietan ongi errenditzen.

- Esan ohi da bi eratako motibazioak daudela, nagusiki, euskaltegi batera joateko: motibazio identitarioa (euskaltzaletasuna) eta motibazio profesionala edo ekonomikoa.

- Nafarroan eta Iparraldean motibazioa gehiago da identitarioa. Euskaltegi honetan behintzat oso garbi ikusten da. Euskal Autonomia Erkidegoan lanpostu askotan eskatzen dute euskara, Nafarroan ez dago horrelakorik. Dena dela, ikasle berak ez du motibazio bakar bat izaten. Dena dela, jende gazteenak beste ikuspegi bat du, igual gurea baino praktikoagoa, eta esaten dute: beharbada ondo etorriko zaigu euskara jakitea. Ikusten da kurrikuluma handitu nahi hori. Baina beste era bateko kasuak ere ikusi izan ditugu, benetan tristeak: batzuek ez dute nahi lantokian jakin dezaten euskara ikasten ari direnik. Esaten dizute: «Mesedez, niri ez deitu lanera euskaltegiko kontuekin». Izan ere, azken urte hauetan zenbait tokitan euskararen kontrako jarrera batzuk harrotu dira. Eta enpresetan ez da aukerarik ematen euskara ikasteko; esango nuke erraztasun gehiago dagoela ingelesa edo alemana ikasteko, zoritxarrez.

- Orain zuzendari soil zara, ala eskolak ere ematen dituzu?

- Bai, eskolak ere ematen ditut. Azken urteotan EGArako prestalketan ari direnei. Eta aurten lehen urratsekoekin aritu naiz. Salto ttiki bat izan da.

- Ez, salto handia.

- Bai, oso diferentea da.

- Zer eman dizu ikasle jendeak?

- Nik uste dut ikasle-irakasleen artean maitasun-harremana sortzen dela. Ez dakit gure umeak diren... Adiskidantza sortzen da. Bestalde, didaktika aldetik asko erakusten dizute ikasleek.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Ikasle-irakasleen artean maitasun-harremana sortzen da»