Borrar
Tere Irastortza, bere liburuarekin. /LUSA
«Traszendentzia esaten den hori, familia izatean sentitu nuen»
TERE IRASTORTZA, IDAZLEA

«Traszendentzia esaten den hori, familia izatean sentitu nuen»

Jainkoari buruz idazten hasita, azkenean euskara bera -eta horko zenbait hitz zahar- hartu du gogoetagai 'Izendaezinaz' liburuan

FELIX IBARGUTXI

Lunes, 10 de noviembre 2008, 02:24

Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961) poesia liburuak idatzi ditu batik bat. Orain saiakera lan bat plazaratu du: . Beasaingo ikastolako zuzendaria da eta Idazle Eskolakoa ere bai.

- Jainkoa beti gizonezkoa izan da erlijio handietan.

- Eta singularra izan da beti. Liburuan saiatu naiz esplikatzen nik zergatik horri ezin diodan Jaungoikoari deitu, eta gero egin dut ariketa bat: parentesi bat jarri dut batzuek Jaungoikoa esaten duten esaldi horietan. Parentesia ez da zerbait ez aipatzeagatik. Iruditzen zait parentesiaren irudi horrek bi esku-ahurren forma daukala, ahora eraman bagenitu bezala txistu edo abistu egiteko, edota beste bati xuxurla egiteko. Nik uste dut batez ere erlijio monoteistetan Jainkoa urrundu egin dela gertuko espaziotik, eta urruneko aginte bat dela.

- Jainko hitza ez zaizu gustatzen.

- Ez. Batere ez. Jaun hitza ez zait gustatzen. Metaforizatu egiten dut eta esaten dut Etxeko Jaun izan beharrean Urrutiko Jaun bilakatu zela. Hori da Moisesek egin zuena: Moises urrundu egiten da bere herritik Jainkoaren mezua ekartzeko. Eta daukagun desgrazia da herrira itzuli zenean hautsi zitzaizkiola oholak eta ez dakigu zer zegoen idatzita han. Igoal laudoriozko kantu bat zen, baina guri irakatsi zigutena aginduak izan ziren. Beraz, Moises urrundu egin zen bere herritik ordena jartzeko.

Usteak ez dira aski momentu batzuetan, krisia dagoenetan-eta. Behar da sineste kolektibo bat, eta barruan ezin denez, kanpoan bilatu behar da. Nik ez dut esaten garai batean herri batzuentzako oso emankorra izango ez zenik Jainko hori, baina oro har, jende arruntarentzako, oso frustrazio handia izan da.

- Ni-tik gu-ra pasatu zara liburuan zehar.

- Moisesek ahots bat entzun zuen, su batean eta builaka. Galdetu zion: «Zein zara zu?» Eta hark: «Ni naiz ni». Orduan, Jainkoak guztia isolatzen du eta egia den bakarra Jainkoa da. Horixe izan zen Orixeren trauma: aurrena mundu guztia ukatu behar da, gero Jainkoagan sinesteko. Euskal usadioan garbi dago «gu» eta «gure» horien indarra. Familia ere gutarra da: «gure aita», «gure osaba», «gure etxea»... Hitanoa ere hor dago. Hitanoa, azken batean, hurbilketa bat da. Eta ahozko euskal tradizioan bada beste gauza bat oso interesgarria: gertatu diren gauzez omenka hitz egitea.

- Zuzenean ikusi ez badugu «omen» esango dugu, hala esaten dute adinekoek behintzat.

- Hori da. Gaur egun nola gutaz ez dugun hitz egiten, hitz egiten dugu komunikabideetan hitz egiten denaz, eta hitz egiten dugu hori hala balitz bezala, inongo omentasunik gabe. Ni oso Barandiaranzalea naiz, eta baita Estornes Lasarena. Oso gogoan izan dut beti Barandiaranek bere testamentuan esandakoa: «Gu ez gara gure baitakoak». Gero Sarrionandiak bere egin zuen. Eta gure etxean esan izan dena ere garrantzi handikoa da: «Denik ez da esan behar, baina ez denik ez da sinestu behar». Hori lehengoek esaten zuten beren sinesteei buruz.

- Zer esan nahi du zehatz «Gu ez gara gure baitakoak» horrek?

- Berak, Jainkoaren izaera demostratzeko erabiltzen zuen. Alegia, esan nahi zuen: jakintsuenak ere ez daki hau nondik datorren eta nolakoa den. Nik, beste era batera interpretatzen dut gehiago: ez garela bakarrak, eta norbera ez dela bakarrik bizi-tzeko jaio. Eta bakarrik hiltzea da dagoen desgraziarik handiena. Jaiotzeko batzuen laguntza laguntza behar dugu, bizitzeko ere bai, eta ondo hiltzeko ere bai.

- Hitz egin dezagun heriotzaz.

- Lehen, heriotzari ez zitzaion beldurrik, nire iritzian; bizitza zen beldurgarria. Jakina, erlijioak behar zuen beldur bat eta beste munduaren beldurra sortu zuen. Orain, Jainkorik ez dagoelarik, ematen du heriotzaz ez dugula beldurrik izan behar, baina orain minaren beldurrez bizi gara. Badirudi gure historia pertsonala gure historial klinikoa dela. Bestalde, uste dut hiltzeko beldurra badela bizitzeko daukagun beldurraren ifrentzua. Oso kokatuta gaude gure bizimoldeetan, eta edozein dardarizok izugarrizko inarrosia sortzen digu.

- Beraz, Leizarragak hika egiten zion Jainkoari.

- Baina ez Aita Gurean bakarrik. Hor katixima horretan hika ari da etengabe. «Goragokoei ezin zaie hika egin», esaten zuten eta esaten dute; kontuz, hori da beste hizkuntza batzuek eta beste eredu sozial batzuek ezarri digutena.

- Liburuan bereizi egiten dituzu beldurra, ikara eta izua.

- Ikara gauza naturala da, gizakiak daukana jaiotzen denetik. Horregatik daude hitzak: lurrikara, hotzikara... Izua, berriz, eragindakoa da; erlijioak eragindakoa edota momentu honetan estatuak eragindakoa..

- Zuk sentitu al duzu traszenden-tzia esaten den hori? Agian mendi punta batean sentituko zenuen traszendentziaren ikara hori...

- Bai, nik batzuetan pentsatu dut: ni banator nonbaitetik. Baina gehienetan hizkuntzarekin sentitu dut. Neurekiko esan dut: hitz hau badator nonbaitetik. Euskarak, antzinako hizkuntza delako, badauzka gauza asko zer pentsatua ematen dutenak. Baina gramatika, garai batean, latinetik ikasten zen; eta orain ingelesetik daukagu gramatika transformazionalista. Geure ikuspegitik gramatika egiten ez gara jartzen, ze hori da nazionalismoa, partikularismoa, etnizismoa.

- Esadazu hitz kilikagarri horietako batzuk.

- Hatsa eta gunea. Hatsarekin batera, (h)atsedena, (h)atsegina, (h)atsarrea...

- Zure emakumetasunak zenbaterainoko garrantzia du liburu honetan?

- Handia. Lehen aipatu duzun traszendentziaren kontua... nik hori familia izateko momentuan sentitu nuen. Aurretik eta geroztik ez naiz berbera. Sena sentitu nuen eta sena da beste kontzeptu bat oso inportantea. Nire ikasketak oso unibertsitarioak izan dira, oso intelektualak, eta familia izan eta gero sena garatu zitzaidan.

-Eta senak lotzen gaitu lehengo zerbaitekin.

- Hor badago memoria bat itzaldu egiten duguna. Oihenartek jaso zituen atsotitzetan sumatzen da jakin-tza bat. Hitza bera: «atso-hitza», emakume adinduaren hitza. «Sorgin» hitza «sortu»tik dator. Feminismoak patroi ideologikoa izan du eta etorri behar luke aztitasunera, sorgintasunera, senera.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Traszendentzia esaten den hori, familia izatean sentitu nuen»