Borrar
Iñaki Mendiguren itzultzailea eta Joxean Ormazabal editorea. /LUSA
Euskaraz ere itxi da Harry Potter azti gaztearen inguruko zikloa
Cultura

Euskaraz ere itxi da Harry Potter azti gaztearen inguruko zikloa

Kalean da saileko zazpigarren liburua, ‘Harry Potter eta Herioaren erlikiak’

NEREA AZURMENDI |

Miércoles, 12 de noviembre 2008, 09:15

Donostia. DV. Finis coronat opus. Latinezko amaiera jarri zion atzo Iñaki Mendiguren itzultzaileak Harry Potterrekin izan duen hamar urteko harremanari, «bukaerak burutzen du lana» adieraziz. Hamar urte igaro dira alegia Iñaki Mendigurenek J. K. Rowling idazle britainiarrak sortutako Harry Potterren aurreneko liburua Harry Potter eta sorgin-harria euskarara ekarri zuenetik. Atzo bertan, 54 urte betetzen zituen egunean, aurkeztu zuen zazpigarrena, zantzu guztien arabera azkena izango dena: Harry Potter eta Herioaren erlikiak, aurrekoak bezala Elkar-ek argitaratua. Horrenbestez, euskaraz ere itxi da Harry Potter azti gaztearen inguruko zikloa.

Aurreneko liburua euskaratzeko enkargua jaso zuenetik, Mendigurenek 3.700 orrialde itzuli ditu, etxeko izan ditu Potter eta zazpi liburuetako gainerako pertsonaiak eta, Joxean Ormazabal editoreak azaldu zuenez, «harrylogo» ere bihurtu da. Zer eman dion hamar urtez luzatu den proiektuak? Bada, itzultzaile bezala, «sari mordoxka [besteak beste, 2002ko Euskadi Saria, Itzulpenaren alorrean, Harry Potter eta sekretuen ganbera liburuagatik] eta lana, lan gehiegitxo ere bai, beste zeregin batzuekin tartekatu behar izan baitut. Orduan esan balidate hainbeste orrialde itzuli behar nituela, ez nuen adorerik izango», esan zuen. Baina izan du, eutsi dio emandako hitzari eta, «itzultzaile bezala erronka oso atsegina izan da, harreman polit asko izan ditut irakurleekin, batez ere haur eta gaztetxoekin» eta, tartean «krisialdiren bat» izan badu ere, ez du proiektuaren inguruko ilusioa galdu.

«Literatura ona»

Estu behin baino gehiagotan ibili da Mendiguren lana aurrera ateratzeko. Ez, ordea, gogoz kontra, gustuko dituelako itzuli dituen zazpi liburuak eta horien egile J.K. Rowling. «Iruditzen zait gozatu egiten duela idazten, eta irakurle bezala ere gozatu egiten da bere liburuak irakurtzen».

Harry Potter eta Herioaren erlikiak, ingelesez 2007ko uztailean eta gaztelaniaz aurtengo otsailean argitaratu zena, zazpi liburuek osatzen duten «obra luze baten amaiera egokia» iruditzen zaio, eta dio azkenean egileak ondo biribiltzen duela trama, ondo lotzen dituela aurrekoetan solte-edo utzitako hariak. «Azkeneko liburu honetan Harry Poterrek onartu behar du bere heriotza ezinbestekoa dela Voldemort benetan suntsitzeko. Hori ulertzen eta onartzen duenean irabazten du borroka, eta horretan asko laguntzen diote adiskidetasunak eta maitasunak. Hori da nik liburu honetatik atera dudan mezu nagusia; heriotzari buruzko metafora eta gogoeta oso polita iruditu zait». Oro har, «gaztetxoentzako positiboak izan daitezkeen mezuak eta literatura ona» aurkitu ditu Mendigurenek «mundu berezi bat ondo asmatu eta garatu duen» Rowlingen liburuetan.

Ez zaio horrenbeste gustatu liburuak «fenomeno» bihurtu dituen marketing aparatua, baina argi dauka hori baino gehiago dela Harry Potterren inguruko bilduma: «Merkatuak asko engainatzen gaitu, baina zazpi liburutan ezin da publikoa engainatuta eduki».

Harry Potter ez da garai batean izan zena. Fenomenoak, alegia, indarra galdu du. Hiru pelikula falta dira oraindik estreinatzeko azkeneko liburuari dagokionak bi zati izango ditu eta horrek berpiztuko du agian interesa hurrengo hiru urteetan, baina Joxean Ormazabal editoreak argi esaten du ez ingelesez, ez gaztelaniaz, ez euskaraz, salmentak ez direla garai batekoak, nahiz eta «beti hor dagoen liburua» izan.

Agian oraintxe heldu da Harry Potter bilduma patxadaz irakurtzeko garaia. Mendigurenen ustez, zalaparta komertzialak, neurri batean, «distortsionatu egin du obra, eta irakurlearentzat agian ez da mesedegarria izan presioa, inork baino lehen eta presaka irakurri behar hori. Moda pasatuta, iritsi gara normaltasunera... Hemen dago materiala, eta akaso beste baretasun batekin irakur daitezte liburuok aurrerantzean».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraz ere itxi da Harry Potter azti gaztearen inguruko zikloa