

Secciones
Servicios
Destacamos
NEREA AZURMENDI
Lunes, 9 de marzo 2009, 03:45
Idazlea eta itzultzailea da Juan Martin Elexpuru (Bergara, 1959), eta Euskal Filologian Doktore. Herri hizkera, ahozko ondarea, tokian tokiko euskara... Kezka eta ardura ugariko gizona izanik, badu berri bat: Iruña-Veleiako euskarazko idazkunei buruzkoa. Ez du esaten denak egiazkoak direnik, baina ez zaizkio behar bezain sendoak iruditu denak faltsuak direla frogatzeko eman dituzten argudioak. «Seguru zaudete?», galdetzen du, uste duelako gaiak duen garrantziak, behin betiko alde batera edo bestea egin aurretik, erabateko segurtasuna eta ikerketa sakonagoak behar dituela
- Iruña-Veleiako aurkikuntzen berri izan zenuenean, zein sentsazio izan zenuen?
- Euskal munduko gehienok bezala, poz handia, antzinateko euskararen arrasto gutxi zegoelako ordura arte; Akitaniako lapidetan zeuden izen solteak eta Nafarroan beste banaka batzuk, baina oso gutxi. Ikuspegi askotatik iruditu zitzaizkidan garrantzitsuak aurkikuntzak.
- Eta ofizialki faltsutzat jo zituztenean?
- Eszeptizismoa. Modu oso borobilean esan zuten frogatuta zeudela faltsutasunak, baina azalpenak oso ahulak iruditu zitzaizkidan. Nire ustez, filologoek protagonismo handiegia hartu zuten, eta horrelako gai batean arkeologoek, fisikariek eta arkeometrian adituek izan dutena baino pisu handiagoa behar zuten. Filologoek hitzak aurkeztu zituztenean eta horren borobil esan zutenean ezinezkoak zirela, espero nuen gutxienez topatzea «lehendakari» edo horrelako neologismo erabat ezinezkoak, baina zerrendan azaltzen ziren hitzak, nire ustez, oso posibleak ziren antzinatean.
- Bi urtez oso informazio gutxi izan dugu Iruña-Veleian aurkitutakoaz, baina urtarrilaz geroztik ostraka gehienen argazkiak eta horiek faltsuak direla ondorioztatu duen batzorde zientifikoaren txostenak guztion eskura daude interneten. Zerbait berria ekarri dizu informazio horrek guztiak?
- Argazki eta txosten horiei esker badugu iritzi bat egiteko bidea. Aurreko bi urteetan interneten bitartez filtratu ziren argazki gutxi batzuk, asko jota 15, eta euskarazkorik ia baterez. Euskarazkoen artean, problematikoenak zabaldu ziren, eta hori iritzi bat sortzen joan da, prozesu honetan izugarrizko pisua izan baitu internetek. Hor bi urteko aro oso iluna egon da, baina ez du merezi gehiegi azpimarratzea, aurrera begiratu behar baita. Ia dena sarean jarri duten honetan ikusten dugu, batetik, ehundaka ostraka direla. 400 edo 500 ikusten dira, baina badirudi gutxienez mila daudela. Lehenengo gogoeta bat da nork, zergatik eta zertarako faltsifikatu ditzakeen horrenbeste ostraka, nahasmena sortzeko nahikoa direlako dozena erdi. Bigarrena da ikusten dituzula argazkiak eta, hori oso subjetiboa bada ere, pentsatzen duzula ea nola faltsifikatu daitekeen hori guztia. Irakurleei esango nieke sartu eta begiratu dezatela...
- Idazkunak faltsuak direla froga tzeko muturreko adibideak erabili dira batik bat, xelebreak hainbatetan. Besteak beste, Descartes izena, baina zuk ez duzu Descartes irakurtzen Descartes jartzen duela dioten tokian...
- Horrela da, eta nahi duenak begiratu dezala ostrakaren argazkia... Iruditzen zait batzorde zientifikoak eman zituen arrazoiak ez zirela batere zientifikoak, eta izenburuetara iritsi dena alderik anekdotikoena izan da: pegamentuarena, Descartesena... Horren arabera beste guztia zalantzan jarri da, eta nik ez dut esaten indusketa taldeak akatsik egin ez duenik. Seguruenk egingo zituen, baina batzorde zientifikoak ere bai.
- Baina batzorde zientifikoaren txostenak onartu ondoren, ofizialki ez dago zalantzarik.
- Nik uste dut oraindik honek hari luzea ekarriko duela. Abiada bizian egin dute aurrera, baina estropezu ere egin dezakete.
- Koordinakunde bat sortu da auzia erabat argitu dadin eskatzeko. Zeuk ere bigarren iritzi bat behar dela uste duzu?
- Zer gutxiago bigarren iritzi bat baino! Laborategiek asko dute oraindik esateko analisi fisiko eta kimikoen bitartez, gauza asko geratu baitira alor horretan argitu gabe, maiz aipatu izan den patinaren kontua, esate baterako. Nire ustez nazioarteko batzorde berri bat osatu beharko litzateke, gaia ezin baita horrela itxi, besterik gabe, azterketa asko egiteke daudela. Badirudi zientzialarien lana ez dela oso ona izan, eta beharrezkoa izango litzateke gai horietan espezialitatuta dauden zientzialari eta aditu neutralen iritzia jasotzea. Inolako presiorik izango ez duen jendea beharko litzateke, ikusita baitago guk zer egiten dugun: batera edo bestera.
- Alde horretatik, Koenraad Van den Driessche geologoak, ostrakak egiazkoak edo faltsuak direla esan gabe, haren ustez batzordeak eran tzun gabe utzi dituen hainbat galdera utzi ditu airean.
- Azpimarratzekoa da Van Driessche egiten ari den lana. Gaiari adarretatik heldu dio iruditzen zaiolako injustizia ikaragarri bat egiteko bidean egon gaitezkeela. Aurreiritzirik gabe, eskatzen ari da egin daitezela egin gabe gelditu diren hainbat froga, egia jakin nahi duelako froga zientifikoetan oinarrituta.
- Txostenen batzuetan idazkunak faltsutzat jotzen dira antzekorik edo aurrekaririk ez dutelako. Asebete tzen zaitu argudio horrek?
- Kontuan izan behar da orain dela 1.700 urteko idazkunak izan daitezkeela eta, gainera, ostrakena ez dela oso fenomeno zabaldua, Estatuko hiri erromatarretan oso grafito gutxi azaldu delako. Beraz, ez dago konparaziorako elementu gehiegirik. Hitzen batzuk gaizki idatzita daudela diote, eskola giroko idazkunak izanik ortografia akatsak ezinezkoak balira bezala... Edonola ere, oso gauza gutxi dakigu garai hartako euskarari buruz eta, nire ustez, ezin da oso altu hitz egin eta ezin da esan faltsuak direla arrazoi gehiago eman gabe. Esate baterako, txosten batzuetan esaten da bat faltsua baldin bada horrek beste denak faltsu bilakatzen dituela. Hori, nire ustez, disparate bat da. Louvreko museoan edo Pradon Rubens faltsu bat aurkituko balute, horrek esan nahiko luke museoko gainerako pintura guztiak zalantzan jarri behar direla? Baliteke ostrakaren batzuk faltsuak izatea, ez dakit, baina horrek ez ditu besteak faltsu bihurtzen.
- Gaiari berriro heltzea posible dela iruditzen zaizu, edo erabat itxita gelditu da itxuraz askorentzat oso deserosoa den gai bat?
- Gauza itsusi dago. Arabako Foru Aldundiko Kultura sailak erabaki oso gogorra hartu zuen. Okerreko hautua egin zuela iruditzen zait, baina uste dut ezin zaiola borondate txarra inori egotzi eta, printzipioz, pentsatu nahi dut erabaki burugabe hori borontate txarrik gabe hartu zuela. Orain atzera egitea kosta egingo da, baina egin egin beharko da. Kultura diputatuak berak esan zuen, gaztelaniaz, Iruña-Veleiakoa zela «el mayor fraude al patrimonio artístico de toda la Península», eta benetan izan daiteke, baina alderantziz, baldin eta aurrera jarraitzen bada itsu-itsu. Zalantzari ate guztiak ixtearen arriskua izan daiteke benetakoak izan daitezkeen piezak zakarrontzira botatzea. Pieza asko eta asko dira, eta oraindik gehiago agertu daitezke.
- Zure ustez, induskatzen jarraitu beharko litzateke?
- Gauzak dauden bezala uste dut normalena momentoz gelditzea dela.- Bistan da gaiak arkeologiaz harago doan dimentsioa hartu zuela hasieratik. Horren zergatien inguruko hipotesiren bat baduzu?
- Nahiago dut espekulaziotan ez sartzea, oso arriskutsua delako. Normalean, honelakoetan kalterako izaten dira espekulazioak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.