Secciones
Servicios
Destacamos
N. AZURMENDI
Jueves, 24 de febrero 2011, 09:24
«Zer da euskara euskaraz ez dakitenentzat? Haiek euskarara hurbiltzeko, zer eta nola egin daiteke udaletatik?». Ez dira nolanahikoak aurten, hirugarren ediziora heldu diren urtean, Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen topaketek mahai gainean jarri dituzten galderak.
Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek antolatzen dituzte topaketak. Aurten, estreinakoz, denek biziki eskertu zuten sostengua eskaini dien lankide berri bat dute: Kutxa. Erakunde horretako ordezkari Mikel Irizarrek aurkezpenean azaldu zuenez, «guk asko sinesten dugu sareetan, gizarte ehunean; udalen eta euskara zerbitzuen sarea oso inportantea dela askotan konprobatu dugu. Eta orain, kutxen eredua bera desagertzear egon daitekeen honetan, gizarte sare potente bat behar dugu guk ere atzetik eredu horri eutsi ahal izateko».
Topaketen mamiaz mintzatzerakoan, Estibalitz Alkorta Foru Aldundiko Euskara zuzendariak azpimarratu zuen gizarte kohesiorako hizkuntza politikak dituzten erakundeek ezinbestean hartu behar dituztela aintzat euskara ez dakiten herritarrak. Jokin Azkue Eudel-eko ordezkariak, berriz, tipologia desberdinak bereizi zituen «indefinizioaren esparrua» izendatu zuen horretan, gogora ekarriz gazteen artean gero eta gutxiago ematen dela elebakartasuna, nahiz eta 40 urtetik gorakoen artean asko izan oraindik euskararekin harremanik ez duten Euskal Herriko biztanleak. Gauzak aldatu nahi izanez gero «zeregin handia» dagoela aitortzeaz gain, Azkuek azaldu zuen «horiek euskarara hurbiltzeko modu asko» daudela. Ekintzak ere bai; asko baina solteak. Azkueren ustez, «horrek ahulezia sakondu egiten du, eta saiakera berezia egin behar da ekintzak bateratzen, sinergiak sortzen eta sarean lan egiten».
Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Patxi Martínez de Marigortak ere euskara ez dakitenen taldeak «hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegitik» duen garrantzia azpimarratu zuten, batez ere kontuan izanik «inkesten arabera euskararen alde azaltzen direla neurri handi batean». «Jarrera hori, talde horretako kideak asko izanik, oso garrantzitsua da, eta oso inportantea da halaber elebitasun hartzailea edo elebitasun pasiboa», azpimarratu zuen Martínez de Marigortak, aurreratuz topaketetan Katalunian alor horretan egiten ari diren zenbait esperientzia interesgarri azalduko direla, han «oso normala baita pertsona bati katalanez hitz egitea eta hark gaztelaniaz erantzutea».
Esperientzia partekatuak
Egitaraua zehazteaz Udaltop hirugarren aldiz hartuko duen Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikari Iñaki Arruti arduratu zen. Bi egunez luzatuko diren saioen nondik norakoak azaldu aurretik, ordea, aurreko bi edizioek izan duten arrakasta ekarri zuen gogora, 120 parte-hartzailetik gora izan baitituzte.
Apirilaren 7an, egun osoz, eta 8an, goizez, ikuspegi desberdinetatik helduko zaio gaiari, baina batez ere esperientziak partekatuko dira, Euskal Herrikoak zein Kataluniakoak. Aurreneko hitzaldikoa, esaterako, guztiz pertsonala izango da: euskara eta identitatearen inguruko hausnarketa egingo duen Jone Miren Hernandez EHUko irakaslearena, euskaldun berria izanik ondo baino hobeto baitaki zer den hizkuntza batera hurbiltzea. Ikerketa interesgarririk ere aurkeztuko da topaketetan.
Berrikuntzen artean, aurreneko aldiz antolatu diren erakusketa eta azoka eta, hitzordu berezia, apirilaren 7ko egitaraua ixteko antolatu den mahai-ingurua: «Hizkuntza politika, euskaraz ez dakitenei begira» izenburupean, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko hizkuntza politikaren ardura duten erakundeetako ordezkariak bilduko ditu; hurrenez hurren, Lurdes Auzmendi, Xabier Azanza eta Bernadette Soule.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.