Borrar
«Kemen aldetik, hogei urtekomutil bat bezala sentitzen naiz»
MIKEL MARKEZ, KANTARIA

«Kemen aldetik, hogei urtekomutil bat bezala sentitzen naiz»

Kantagintzari erabat emana bizi da eta aste honetan bederatzigarren diskoa plazaratu du

FELIX IBARGUTXI

Domingo, 9 de octubre 2011, 12:30

. Mikel Markezek berrogei urte bete ditu aste honetan. Herenegun disko berria aurkeztu zuen eta «sekula baino gehiago disfrutatu» omen du grabazio-estudioan. «Presioak kentzen goaz poliki-poliki. Noski, badugu presiorik, nahi dugu gauzak ondo ateratzea, joaten gara etxera pentsatuz egin duguna ea hobetu dezakegun, eta mila buelta ematen ditugu».

Uste dut kantari kanonikoa bihurtzen hasita zaudela.

Piska bat xahartzen ari naizelako. Suertez, badut ohitura bat: hogei urtetik behin hamar gaztetzea. Egia da nire lanaren pisua hor dagoela, baina ni oraintxe hogei urterekin bezala sentitzen naiz. Bromak aparte, egia da, kemen aldetik hogei urteko mutil bat bezala sentitzen naiz. Hala ere, berrogei urteko eskarmentuarekin. Lehengo egunean, etorri zitzaidan rock taldeko mutil bat eta esan zidan : «Joé, el mítico Mikel Markez». Eta ni neure artean: Nola da posible, mitiko?

Azaldu diskoari izenburua ematen dion kanta horren tripak.

Noski, ez dut hiria esango. Ez ditut izenak aipatutako. Istorio bat baino gehiago daude kanta horren atzean, edo istorio guztiak: zuri gertatutakoak, irakurri dituzunak... Uxue Alberdiri pasatu nionean, gero elkarrekin lantzeko irakurri zuen poema eta gogoan dut argazkia, zera esan zidan: «Jontxo, kantu hau pornoerromantikoa da». Agian etiketa horrek balio du. Lehendik jorratuta neukan arlo hori, badakizu: kantu erotikoen disko bat aterea daukat.

Zuk fedea duzu horratik kantuaren trasmisio-ahalmenean, fede hori gabe ezingo zenuke sentimenduei buruzko kanta erdi-erromantikorik egin, ala?

Berdin da zein garaitan gauden, gizarteak behar ditu kantuak bizitzeko, eta, beno, tarteka atera-tzen dira zenbait kantu, balio dutenak. Orain dela mila urte kantuan egiten zuen jendeak, eta hemendik mila urtera ere kantatzen segituko dira kantuak. Jendeak beti beharko ditu kantuak, bai maitemintzeko, bai harremanetarako, bai espresatzeko. Eta horretaz konturatzen zarenean zure figura bigarren maila batean geldi-tzen da. Ez du inporta norzuk diren egileak; azken batean, inportanteak kantuak dira. Saiatu behar duzu kantuak egiten zu zeu batere inportantea ez zarela ulertzetik. Zure begiek kantua ere, jende askok entzun du, eta askok ez dakite nork egina den. Baina hori da gerta daitekeen gauzarik onena.

Jakinminez nago. Hamaika aldiz azaldu duzu Zure begiek kantuaren sorrera. Egin omen zenuen maiteminduta zeunden Oiartzungo neska batengan pentsatuz. Neska horrek ezer esan al zizun?

Ez. Badakit jakin zuela berarengan pentsatuta egin nuela kantua, baina ez zidan ezer esan.

Aian bizi zara. Aia zer da zuretzat?

Alaba zaharrenak hamasei urte ditu. Beraz, ni Aiara joan nintzen bizitzera orain hemeretzi urte. Kurba asko daude Aiara heltzeko, eta kurba bakoitza filtro bat da. Esan nahi dut Aia ez dela pasarako lekua. Jendea propio joaten da hara, eta horrek birjina bihurtzen du tokia, nolabait esanda. Oso toki purua da. Zu, joan gaur arratsaldeko 7etan eta badakizu zer aurkituko duzun. Errenterian ez da horrela, han mugimendu handia dago eta topo egin dezakezu edozer gauzarekin. Aia da, denbora piska bat geldirik mententzen den leku bat, horrek daukan gauza zoragarriekin.Eta hori ekidin nahi baduzu, erraza da: hartu kotxea eta zoaz Zarautza. Ni Aian oso zoriontsua naiz.

Benito Lertxundiren inguruan lan bat egiten ari zarete Pako Aristi eta biak. Harekin izandako elkarrizketa-ordu luzeetako materialarekin liburua osatu nahi duzue. Lana nola doa?

Amaierako fasean dago. Planteatu genuen lau pusketatan egitea lana: «Nik egingo dizkiat aurreneko 50 folioak, hik egin itzak beste 50, gero nik beste 50, eta hik azkeneko 50ak». Pako idazlea da eta hobe hark ematea bukaera, ezta? Baina zera gertatu zen: nik egin nituen 50 folio, pasa nizkion, eta berak 150 itzuli. Orain ni ari naiz bukatzen. Pakok ez daki 50 folio idatzi eta planto egiten. Pare bat hilabetean liburi hori bukatuta dago.

Erramun Martikorenarekin batera ari zara plazarik plaza, kantu berri eta zaharrak kantatzen. Baina ez da oraingo harremana, oso aspaldikoa baizik.

Nik Erramun, hamazazpi urte nituela ezagutu nuen. Pentsa! Uste dut Amaiurren izan zela, egin genuen kantaldi batean. Bazen beste kantari bat ere, Pottoka, ez dakit oroitzen zaren.

Ez.

Amaiurko mutil bat zen, nortasun handiko kantaera zeukana. Askotan egin dut Iparraldera kantatzera joan eta, gero, Erramunen etxean lotan gelditu. Adiskidetasun hori asko areagotu zen elkarrekin bidalia egin genuenean Estatu Batuetara. Boisen izan ginen hiru astez, 1995ean. Eta bera Hegoaldera etorri denean ere askotan lo egin du gure etxean. Egia da azken urteotan harreman profesionala estuagoa dela. Oraintxe bertan ordu eta erdiko kantaldia egin genezake biok elkarrekin. Otsagabian izan ginen orain hamabost egun, eta, hantxe mahai batean, afalostean eta lagun artean, hiru-lau ordu egon ginen kantuan. Hori gauza ederra da. Berak nire kantu batzuk ikasi ditu eta nik bereak.

Oso hiztun egokia zara. Kontatu nola trebatu zaren alde horretatik.

Ni ikastolako umea izan naiz. Bi adar ditut: aita Huelvatik etorri zen, trenean sartu zen Sevillan, Iparralderantz lan bila, okurritu zitzaion estazioan jaitsi zen eta estazio hartan Rentería ipintzen zuen. Izan zitekeen Irun edo Zumarraga. Ezagutu zuen gure ama, Errenteriako emakumea, aita oiartzuarra zuena, eta ama Bedaiokoa.

Baina, batzuetan, ikastolatik pasatzea ez da nahikoa hiztun egokia izateko.

Ni, hizkuntzaren eta kulturaren mundura kantuak eraman nau. Oso gazterik hasi nintzen: hamabost urtekin gitarra jotzen, eta hamaseirekin kantuak egiten. Interesatu zait beti entzutea, oso biltzailea izan naiz, ordenagailua artxiboz betea daukat, Aian urtean bitan-edo juntadizoak egiten ditugu edadeko bertsolariekin, eta handik etxera beti eramaten dut zeozer. Aiako kantu zaharrekin ere egin genuen disko bat. Asko izan naiz en-tzutekoa eta asko izan naiz irratikoa ere.

Esan zenuen elkarrizketa batean, denbora asko ez dela, kantariak orain ez direla gizartearen abangoardia.

Benito Lertxundik esan zigun Ez Dok Amairu mugimendu kulturala izan zela, baina baita ere abangoardia ideologiko bat. Alegia, inork ez zuen erabakirik hartzen ezta alderdi politikoek ere Ez Dok Amairurekin kontatu gabe. Kon-tsultak egiten zitzaizkien. Alde horretatik esan nuen hori. Begibistakoa da: orain, alderdi politikoek, instituzioek... erabakiak hartzeko garaian, ez diete ezer galdetzen ez kantariei, ez idazleei.

Zer moduz daukazu ahotsa?

Oso ondo. Ebakuntza izan nuen. Bozioa eduki nuen eta tiroidea kendu zidaten. Eduki nituen kriston beldurrak. Medikuek, badaezpada, arrisku guztiak aipatzen dizkizute. Ahots-korden arriskua ere aipatu zidaten, baina azkenean ondo atera zen dena.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kemen aldetik, hogei urtekomutil bat bezala sentitzen naiz»