Borrar
Hernaniko bertso-kontu guztiak eta primizia bat

Hernaniko bertso-kontu guztiak eta primizia bat

‘Bertsoaren haria Hernanin’ liburuak emakume ezezagun bat bistaratu du:Joxepa Zubeldia (1867-1947). Estitxu Eizagirre kazetariak liburu mardula burutu du, 758 orrialdekoa. Hernaniko bertsolaritzaren entziklopedia da

FELIX IBARGUTXI

Lunes, 19 de mayo 2014, 01:23

Estitxu Eizagirre kazetariak Bertsoaren haria Hernanin liburua burutu du, errepaso zabala eginez hango bertsolaritzarena. Liburu mardula da, 758 orrialdekoa, hainbat bertsoz eta irudiz hornitua. Tartean bata primizia bat:Matea Joxepa Zubeldia emakume bertsolariari buruzko atala eskaintzen du.

Paulo Txikia Bertso Eskolak argitaratu du emaitza. Duela sei urte, Hernaniko bertso-eskola horrek hiru ardatz zituen proiektu bat osatu zuen. Bertsolaritza Hernanin izeneko DVDa kaleratu zuten, 2010ean, herriko hainbat laguni egindako elkarrizketekin. Bigarren ardatza webgunea da, eta hirugarrena liburu hau. Udalak apustu sendoa egin zuen proiektuaren alde hasieratik, eta diruz lagundu du.

Zortzi ataletan banatuta dago. Atal bakoitzean Urko Apaolaza Avilak garai hartako Hernani kokatzeko sarrera labur bat egin du: herriko ekonomia, gizartea, kirola, politika... Ondoren, garai hartan kanta-tzen zuten bertsolarien biografiak daude, eta Gaiak izeneko atala dator gero. Hainbat gairen inguruko bertsoak sartu dituzte hor, garai ezberdinetakoak.

Liburua egiteko, iturri nagusi bat han eta hemen egindako elkarrizketak izan dira. Unai Agirrek eta Jesus Mari Irazu bertsolariek 35 elkarrizketa egin zituzten lehengo DVD hartarako, eta Estitxu Eizagirrek beste 15 egin ditu libururako. Gainera, Antonio Zavala zenaren Auspoa saileko liburu asko baliatu ditu Eizagirrek. Garairik zaharrena osatzeko erabili du Auspoa. Horrez gain, Zeruko Argia eta Argiako artxibotik bertso, kronika eta argazki asko hartu ditu, eta baita ere Bertsozale Elkartearen datu basea baliatu du.

Lehen atala, pentsatzekoa zen bezala, Jose Juakin Erroizenea Txabolategi-ri eskaini zaio. Hori baita Hernaniko lehen bertsolari ezaguna. 1769an jaio zen, Ereñozun, eta askotan aipatu izan da, Euskal Herrian ezagutzen den lehen desafioa jokatu zuelako. Villabonan kantatu zuen Juan Inazio Zabala amezketarraren aurka. Hain aspaldiko bertsolaria izateko bere bat-bateko bertso ugari bildu zituen bere garaian Antonio Zavalak.

Eta Txabolategik badu ondorengo zuzen bat: Eli Pagola hernaniarra, 2013ko Tabernetako Txapelketan nagusi geratutakoa. Gauza bitxia gertatu da: orain Hernanin kantuan dabilen bertsolaririk gazteena Eli Pagola da, eta Txabolategi haren birraitona zen. Erronkarako grina zuen Txabolategik, eta Pagolak ere bai. Neska gazteak honela azaldu du ahaidetasuna: Berak honela azaldu du ahaidetasuna: «Txabolategiren alaba bat Aiako Iraola baserriko Pagola batekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituen. Semeetan zaharrena nire birraitona zen, alegia, aitonaren aita».

Liburuak badakar atal bat erabateko berritasuntzat har daitekeena: Joxepa Zubeldia (1867-1947) bertsolariari buruzkoa. Emakume hau Txirritaren garaian bizi izan zen. Haren bertso batzuk oso ezagunak ziren Hernanin, baztangaren pasadizoa kontatzen zutelako. 1818an, gobernadoreak erabaki zuen Lasarte-Orian baztanga zuten gaixoak Hernaniko Benefizen-tzi etxera ekar-tzea. Garai hartan, baztanga hilgarria zen, eta izurritea zabaltzeko arriskua zegoen. Udalak eta herritarrek protesta egin zuten, eta, azkenean, Lasarten bertan barrakoi batean kokatu zituzten baztangadun gaisoak.

Orduan herri bazkaria egin zen Ezkiaga pasealekuan. Diotenez, Joxepa mahai gainera igo eta aulki batean eserita kantatu zituen gero oso famatu egin ziren bertso batzuk. Hona hemen azkena: «Orra bertso berriyak / andre batek jarri / eztiot esker txarrik / ematen iñori / orduko uniyua / beti da komeni / ala gerta dedilla / biba gu ta Ernani». Izenburu hau zeukan bertso-paperak:Bertso berrik andre batek jarrik Ernaniko berrik oso arrigarrik.

Joxepa Zubeldiak koaderno asko bete zituen bertsoz eta poemaz, baina hil eta gero alabek material haiek denak erre zituzten. Izan erre, etxean beti lotsaz bizi izan zuten amaren jarduera hori.

Matea Joxepa Zubeldia Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen. Baserriaren jabeak madrildarrak ziren eta orduan bazen ohitura etxeko alabak neskame bidaltzekoa baserriko jabeen etxera. Halaxe bidali zuten Madrila, artean neskatoa zela. Madrilen ezagutu zuen senarra, Manuel Ortiz Martinez burgostarra. Ezkondu eta Madrilen bertan bost seme-alaba izan zituzten. 1904an Hernanira bueltatu ziren eta bertan jaio ziren beste bi alaba. Azkenean zazpi seme-alaba eta 27 biloba izan zituen Matea Joxepak.

Senarra meatzeetan lan egina zen eta oso gaixo zegoen. Ezin zuen lanik egin, asmak jota zegoela-ko. Madrildik bueltatu zirenean Joxepak janari denda bat ireki zuen Hernaniko Kale Nagusian, eta hortik atera zuen familia guztia aurrera. «Seme-alaba eta guzti, berak bakarrik jarri eta atera zuen aurrera denda... Esaten dutenez, gizona denda aurrean egoten zen aulki batean eserita, bere bizarrarekin. Hernanin bizardun bakarra bera zen, eta horregatik gara gu Barbasenekoak», kontatu du Mikel Ruizek, Joxeparen bilobak.

Manuel Ortizek ez zuen euskaraz ikasi, baina etxean seme-alabek dena euskara egiten zuten. Senar-emazteek beren artean gazteleraz egiten zuten, baina gainontzeko elkarrizketa guztiak euskaraz izaten ziren haienean.

Aterpe, hil berria

Apirilaren 27an aurkeztu zuten liburua jendaurrean, herriko Biteri kultur etxean. Estitxu Eizagirrek pena agertu zuen Julian Ezeiza Aterpe hil berria zelako eta ezin ikusi zuelako inprimategiko emaitza. Hain zuzen ere, gizon hau izan zen 1970eko bertsolaritzaren suzia piztuta mantentzen gehien nabarmendutako bat.

1981ean Xabier Amuriza azaldu zen Hernaniar bertso-ikastaroa ematera. Gertakizun garrantzitsua izan zen. Garbi geratu zen bertsotan bazegoela ikastea, bertsolariak ez zuirela berezko gauza bat.

Gero, 1986an, Bertsozale Elkartea sortu zenean, Juanjo Uria hernaniarrak paper inportantea jokatu zuen. Lehenago Hernaniko alkatea izana zen.

Euskal Herriko bi txapeldun eman ditu Hernanik : Manuel Lujanbio Txirrita (1936) eta Maialen Lujanbio (2009). Eta herriko bertso-eskolatik pasatako lagun hauek sari-zerrenda daukate: Aitor Mendiluze, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Jesus Mari Irazu, Jokin Sorozabal, UnaiGaztelumendi, Iñaki Zelaiak...

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hernaniko bertso-kontu guztiak eta primizia bat