

Secciones
Servicios
Destacamos
felix ibargutxi
Sábado, 23 de mayo 2015, 11:44
"Back to Leizarraga" izenburuko saiakera plazaratu du Kepa Altonagak Pamiela argitaletxearen bitartez. Gaur egungo euskal prosaren adierazkortasun mailaz keztatuta ageri da idazlea, Leizarraga bezalako klasikoak aintzat hartzea proposatzen du eta "zein" partikularen alde agertzen. "Nire irakurketetan atzo bai eta gaur ere topo egin dut eskasia berberekin, ahuldade berberekin. Behin eta berriro konstatatu dut lexiko guztia deskolokatuta daukagula, behin eta berriro konstatatu dut zeinismoa erabat estigmatizatuta eduki izan dugula azken ehun urteotan, gure idazlanetatik zeharo ezabatu arte", esan zuen liburuaren aurkezpenean. Gaurko testu asko "plastilinazko prosa" iruditzen zaio Altonagari.
Kepa Altonaga (Loiu, 1958) biologoa da eta EHUko irakaslearen gogoeten abiapuntuan Xabier Amurizaren adierazpen batzuk daude, eta hura da liburuko "hari eroalea". Hala ere, Altonagarentzat oso susmagarria da Amurizak plazaratutako gogoeten ostean etorri den isiltasuna, erantzunik eza. "Esan liteke isiltasunezko konspirazio bat ehundu dela haren inguruan", dio.
Altonagaren ustez, idazleak "ondo hornitutako armairua" eduki behar du, eta besteak beste erlatibo anaforikoa ere eduki behar du armairu barruan, noiznahi erabiltzeko prest. "Euskal prosari erlatibo anaforikoa galaraztea euskara autoinmolatzea litzateke", dio bukaera aldera. Beste era batera esanda, "zein" partikularen bidez eraikitako erlatibozko esaldien alde agertu zaigu bizkaitar idazle eta irakasle hau. Honatx adibide bat, esandako liburutik hartua: "Ni neu inoiz ez naiz ilargitik hurbilago sentitu Nevadako basamortu lunarretan baino, zeintzuetan entrenatu baitziren, besteak beste, ilargian lehen aldiz pausatu ziren Apollo 11 misioko astronautak".
Zenbait iritzi
Hizkuntza lanabes duten honako hauek ere badute auziaren inguruko iritzia:
Eider Rodriguez, idazlea: «Partikula hau kolore bat gehiago da»
«Ez dut Altonagaren liburua oraindik irakurri, baina Xabier Amurizaren tesiak interesgarri askoak iruditzen zaizkit, batez ere pragmatismoaren ikuspegitik, eta euskal hiztunok ez gara superheroiak, eta ez dugu izan nahi. Iruditzen zait bai Altonagak eta bai Amurizak a priori epikarik gabeko hizkuntza baten aldeko apustua egiten dutela; gero norberak egin dezala nahi duena hizkuntza horrekin. Alde horretatik, 'zein' partikulak nire aldeko botoa dauka; non, noiz eta nola erabili da gakoa. Nik neuk duela ez hainbeste deskubritu nuen partikula hau (hamar bat urte?). Esan nahi dut neuri ez didatela eskolan irakatsi, eta ezagu-tzen dudanetik erabiltzen dut, nola bestela! Euskaraz literatura idazteko orduan dugun handicapetako bat erregistro faltarena da, eta 'zein' partikulak erregistro ezberdin baterako bidea ematen du; kolore bat gehiago da idazterako orduan. Horrez gain, eta irakasle naizen aldetik, oso erosoa da eskolak emateko orduan, ideiak bururatu ahala malabarismorik egin gabe txertatzeko abagunea eskaintzen baitu. Eta pentsatu dut partikula horrek ematen duen dinamikotasuna oso bat datorrela egungo esteken formularekin; eta horregatik agian zaigula hain erabilgarri. Mundua azaltzeko modu berrietarako balio duela, alegia».
Uxue Alberdi, idazle eta bertsolaria: «Bertsotan ez dut uste sekula aditu dudanik»
«Nik ez dut uste inoiz erabili dudanik. Belarrira ez dit natural jotzen, eta ahal badut saihestu egiten dut. Euskaraz pentsa-tzen dudanean ez dut egitura horretara jotzen; nire buruan esaldiak bestela osa-tzen dira. Bertsotan ere, ahozko jardunean, ez dut uste sekula aditu dudanik. Esaldi zuzen eta laburrak behar izaten ditugu bat-batekoan, eta normala da zeinismora ez jotzea. Dena den, ez naiz zurruna, ongi iruditzen zait idazle bati estiloak, esaldiak... hala eska-tzen badio horretara jotzea».
Bernardo Atxaga, idazlea: «Fikzioan ezin da horrenbeste erabili»
«'Back to Leizarraga' liburua oso gogoan hartzekoa da. Euskararen auzia dela eta Otto eta Fritzen txiste hartan bezala gerta-tzen da maiz. Gaua da eta Otto farol baten azpian zerbaiten bila dabil. "Zer galdu zaik hor?", galdetzen dio Fritzek. Eta Ottok: "Hemen ezer ere ez. Baina argi gehiago zegok". Halaxe jokatzen dute askok, euskararen arazoak saihestuz. Altonagak, ordea, oso bestela. Toki ilun bat seinalatzen du. Genetikari buruzko unibertsitate liburu batean ez dela, kasu, "herentzia" hitza behin ere azaltzen. "Ondoretasuna" erabiltzen dela ordez. Betiko purismo antzuaren ildoa da hori. Eta ez da kasu bakana euskal idazkietan: lirdinga bat bezala erantsi zaio joera purista euskara idatziari. 'Zein' erlatibo anaforikoari buruz ere bat nator Altonagarekin, eta saiakeretan eta antzekoetan ezinbestekoa iruditzen zait. Fikzioan? ezin da hori eta horrenbestez erabili. Erabilerak tonu jakin bat emango lioke testuari. Izan ere, 'zein' hori gordean egon da luzaro, eta sepia kolorea hartu du».
Koro Navarro, itzultzailea: «Batzuek, nahiago hil hori idatzi baino»
"Zein" nahitaez erabili behar da testu jakin batzuk itzultzeko. Egoki eta neurriz erabilita, guztiz erosoa eta lagungarria da prosa arin bat osatzeko. Baina kontuz gehiegikeriekin, oraintxe pairatu dugun "non" horrekin adibidez. Irudipena daukat, bestalde, batzuek nahiago dutela hil "zein" idatzi baino. Horrelaxe ikusten ditugu "Laurak, beti oso txukun orraztuta dabilenak, esan zidan azkenean zer ileapaindegitara joaten den" tankerako perlak. Ba ote du horretan zerikusia Euskaltzaindiaren aposizioei buruzko arau nahasgarriak?
Ereduzko prosa. Euskal Herriko Unibertsitateko "Ereduzko prosa gaur" biltegi erraldoian "zeina" partikularen bilaketa eginda, emaitza hauxe: guztira 743 agerraldi, liburuetan 685 agerraldi eta prentsako artikulu- etan 39. Eta liburu horien izenburuei erreparatuz gero, segituan nabaritzen da delako partikula askoz sarriago agertzen dela itzulpen-liburuetan besteetan baino. Bada liburu bat marka guztiak apurtzen dituena, Joan Mari Irigoienen 'Lur bat haratago' (Elkar, 2000), non 169 aldiz ageri den "zeina" hitza. Ez da harritzekoa, XVII. mendeko Nafarroan girotutako liburua baita, eta gainera Irigoienek Axularren prosa hartu baitzuen eredutzat.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.