

Secciones
Servicios
Destacamos
n. azurmendi
Miércoles, 19 de octubre 2016, 17:37
Baliteke iragan mendeko 80ko hamarkadaren lehen urteetan 'Ion eta Mirka' albuma irakurri zutenetatik askok asteazken honetan Donostiako Komikigunean aurkeztu den 'Jon eta Mirka' irakurtzeko adinean dauden seme-alabak izatea. Eta baliteke Gregorio Muro gidoilariaren zientzia fikziozko istorioa, Daniel Redondok marraztua, orduan bezain entretenigarria geratzea gurasoei zein seme-alabei.
Aurkezle lanetan ibili den Dani Fanoren hitzetan «euskal komiki mitikoa» da 'Jon eta Mirka', eta «berri oso ona» hori berriro argitaratu izana, belaunadi berriei eskaintzen baitie lehen aldiz argitaratu zenean gazteak ziren haiek izan zuten txunditzeko eta fantasiazko mundu batean murgiltzeko aukera bera.
'Jon eta Mirka'-ren itzulera, hain zuzen, orain urtebete-edo Gregorio Murok Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuenean iragarri zuen lan-ildoetako batean kokatzen da bete-betean, egitasmoaren xedeetako bat bere lan ezagunenak berrargitaratzea baita. 'Justin Hiriart'-en bost liburukiak biltzen zituen bertsio integrala argitaratu zuen iazko udazkenean, eta 'Jon eta Mirka' bilduma osatu zuten bi istorioak -'Espedizio galdua' eta 'Bihotz izoztuak'- ekarri ditu orain, album bakarrean. 'Espedizio galdua' da, hain zuzen, Muro Harrietek sortu zuen aurreneko album luzea, 'Justin Hiriart'-en aurrekoa eta, usterik zabalduena kontrakoa bada ere, kanpoko merkatuetan hark baino harrera hobea eta oihartzun handiagoa izan zuena. Zientzia fikzioa moda-modan zegoen garai hartan, Europako hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu zen.
Maiz gertatu izan den eta gertatzen den bezala, Frantziako edizioak eusten zioten Euskal Herrian sortutako proiektuari, eta hark planto egin zuenean amaitu zen hirugarren atal bat ere bazeukan saila. Muro Harrietek prest zeukan, izenburu eta guzti. 'Frontera de fuego' izan behar zuen hura, azkenean, bertan behera gelditu zen, baina proiektua berreskuratuko balitz gaur-gaurkoa emango luke. Izan ere, 'Frontera de fuego'-k kontatzen zuen nola jarri zuen Ipar hemisferio aberatsak ekuatorean suzko muga zeharkaezin bat, Hego hemisferioko biztanle pobreak uxatzeko.
Urteak igaro izan ez balira bezala
Liburu bakarrean bildu diren bi istorioetako protagonista 'gizatiarra' Jon izeneko gazte bat da, umezurtz-etxe ilun eta goibel batetik ihes egin duen familiarik gabeko nerabea. Mirka, berriz, neskato estralurtarra da, aspaldiko espedizio galdu bateko kideen bila dabilena. Elkar ezagutu bezain pronto sortuko da bien artean sintonia aparta, eta luze gabe ekingo diote abenturak partekatzeari, buru borobileko robot txiki eta sinpatiko bat lagun dutela. Abenturak, eta ez nolanahikoak, berdin baitzaie itsaspean ibiltzea, inken aztarnak arakatzea, mohaien uhartea bisitatzea edo, bigarren istorioan, erabat estralurtarra den giroan murgiltzea.
Pentsatzekoa denez, onik eta garaile ateratzen dira misio guztietatik Jon eta Mirka. Dani Fanok azpimarratu du komikiak lehen aldiz irakurri zituenean bereziki gustatu zitzaiola Jon eta Mirkaren ibilerak abentura hutsa izatea. Eta hala dira, etengabe gertatzen batzaizkie gauzak binetaz bineta. Akzio hutsaz haragoko kezkak ere islatzen ditu, ordea, haur eta gazteei zuzendua bada ere edonork atseginez ikusi eta irakurri dezakeen albuma. Ekologia, baliabide naturalen neurriz kanpoko ustiapena, teknologiarekiko menpekotasun gehiegizkoa, hezkuntzaren garrantzia, bakezaletasuna... Gai horiek guztiek dute presentzia istorioetan. Alde horretatik ez du ematen orain dela 30 urte sortutakoak direnik, zeren eta orduan kezka horiek zabaltzen hasita bazeuden ere, gaur egun buruhauste nagusi bilakatu baitira.
Gregorio Muro Harrieten ustez, iraungitze datarik gabeko osagai horiei esker jarraitzen dute gazte eta sasoiko Jon eta Mirkaren abenturek. Uneren batean aurki daitezke pasarte anakroniko samarrak, baina oso gutxi dira, eta bere horretan utzi ditu egileak, alboan ohartxo bat jarrita. Honatx horren adibide den elkarrizketa bat:
- Objektu hau nondik datorren jakinez gero, transmisorearen jatorria ezagutuko genune. Baina, nola?
- Agian, museo edo liburutegi izeneko informazio biltegi horietako batera joanez.*
Asteriskoak ohar batera darama, eta oharrak argitzen du komikia (Olivetti batekin, jakina) idatzi zenean ez zegoela internetik eta orain horrelako zabaltzak argitzeko erabiltzen diren Google edo Wikipediarik. Ez ordenagakurik, ez telefono mugikorrik, ez gps-rik... Hala ere, oso sinesgarria da edukien eta gogoeten aldetik profetikoa suertatu den komikia. Murok asmatu eta Redondok irudikatu zituen zenbait tramankulu eta teknologia ez direnez oraindik existitzen, ez daukate zahar itxurarik, eta ezagunak egiten zaizkigunei ez zaizkie urteak igartzen.
Fikziozko unibertso horren sorreran sekulako garrantzia du Daniel Redondo bilbotarraren ekarpenak. Karrera ia osoa Frantziako merkatuarentzat lanean egin duen Redondok marrazkilarien artean ohikoa den jarrera apala izan du aurkezpenean, euren lana gidoilariaren istorioa marrazkitan islatzea dela adieraziz. Eta, hain zuzen, horrexegatik da lan aparta 'Jon eta Mirka': Muro Harrieten istorio interesgarriarekin batera Redondoren marrazki bikainak dituelako, xehetasun handikoak aurreneko istorioan, kolore-festa bigarrenean, dinamiko eta bizi-biziak bietan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.