

Secciones
Servicios
Destacamos
El Diario Vasco
Viernes, 2 de diciembre 2016, 18:12
Ekaiz Goikoetxeak eta Koldo Izagirrek jaso dute UPV/EHUko 'Oihenart' Aforismoen VI. Lehiaketaren lehen eta bigarren sariak. Hauek banatu ditu Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzu buruak. Ekitaldian Juan Ramon Alberdik hirugarren saria jaso du. Aipamen berezia aldiz, Oihane Garmendia Glariak, Erronkariko euskararen aldarria egiteagatik.
Saria jasotzerakoan Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta irakasleak azaldu du «lehiaketara aurkeztu nuen aforismo batean diot niretzat aforismoa gabeziaren balio erantzia dela, poesiatik eta filosofiatik gertu dagoen generoa da, nire kasuan munduari eta egunerokotasunari eskaintzen diodan begirada eta hizkuntza eta isiluneak muturreraino bihurritzean oinarritzen dena. Begi ukaldi batean irakurri baina gutxienez trumoia lehertu arteko arrastoa utzi behar dute aforismoek. Okurrentziak gabe, geratzeko etortzen diren ideiak dira aforismoak. Teknologia berriei esker, irakurtzeko moduak, euskarriak, asko aldatu dira denbora gutxian eta aforismoak, tuiter eta bestelako euskarrien bidez, indarra hartzen ari dira. Erraz irakurtzen dira aforismoak, iradokitzaileak dira eta zehaztasuna eta sakontasuna eskaintzen dute. Nire 15-16 urteko ikasleek esaterako, atseginez hartzen dituzte goizero-goizero beraiekin partekatzen ditudan aforismoak, zer pentsatua ematen diete, zertaz idatzia, zertaz eztabaidatua, euskararen baliabideak zukutuz arrastoa uzten duten esaldiak on daitezkeen kontzientzia hartzen dute... Poesiara, filosofiara gozamenetik hurbiltzen laguntzen die aforismoak, begirada fintzen, munduari bestela begiratzen. Orain artean berariaz aforismorik idatzi gabea banintzen ere, bertsoak kantatu eta idatzi izan ditudanean, beti esan izan didate bukaera aforistikoetarako joera izan dudala. Eta bai, txikitandik gustatu izan zait poesia, filosofia eta aforismoak irakurtzea. Lehiaketaren berri izan nuenean, aukera polita iruditu zitzaidan inoiz iritsi gabea nintzen euskararen zirrikitu horietara iritsi eta egunerokoari nire begiradak jasoak irakurleei bestela iradokitzeko. Asko kostatzen zait guztiz asebetetzen nauten aforismoak irakurri eta idaztea, ez baita batere erraza, baina lortzen denean, ze ederra den! Ez dakit kreazio literariorik baden aforismo on batek lor dezakeena lor dezakeenik. Poesia ez bada...».
Halaber, Koldo Izagirrek agertu du: «Lagun gaizto batek animaturik, aforismoak egiten hasi nintzen. Hasi eta berehala harrotu nintzen: 'Gustuko aldapan biderik ez'. Erraza zen aforismoak egitea, erran zaharrak apur bat manipulatu eta kito. Ustea bai galanta. Zirtoaren zorrotza ere behar du aforismoak. Aldapa handi samarra zela ohartu nintzen hasia neukana, eta bide jakinik gabea. Gozorik ez. Haikuak egitea bezalako zer edo zer. Karlos Linazasororenak errepasatu nituen: 'Garunean hitza dago, eskuan idazketai. Arraioa, garuna, emadak hitz bat, hitz bat bederenik! Bai zera. Garuna arrunkeriaz betea daukat. Eta okerrena, oraindik ere goiko apaleko pentsamenduak ere ageri zaizkidala, gehiegi eta modu txarrean irakurtzeagatik, gero dioenak bego dio eta horrelako hozkiemangarriak. Halako batean, lagun gaizto horrek, eztiki: 'Zer, bidali al dituk aforismoak lehiaketara?'. Irriño ironiko batekin, bistan da. Ez nintzela gauza esan nion. Kontsolatzen saiatu zen. Horra nire mendekua, bildumatxoa egin ez ezik lehiaketara igorri eta bigarren saria eskuratu! Bertsolari baten ondotik idazlea, esaldi pindartsuak asmatzen! Munduan inor baldin bada, azal dadila idazleetan marka hobetzera. Nik zazpi koaderno bete behar izan ditut pentsatzen ez dudanaz oroitzeko. Mila esker handi bat, lagun gaizto!»
Juan Ramon Alberdik aldiz, zera adierazi du «aforismoa literaturako bonsaia da: handik laburtu, hemendik txukundu, ahalik eta dotoreen adierazten den ideia kontzentratua, irakurlearen baitan, esanahi ezberdinez hornitzen den egundoko zuhaitz bilakatzeko. Hortik datorkio aforismoari literaturan duen gune estrategikoa: ideia soil batetik bide berriak garatzeko gaitasuna, zeina euskaraz gauzatzean, gure hizkuntzaren dimentsioa ere areagotzen den. Oihenart sariketak horiek guztiak burutzeko bidea ematen duenez, sarritan hartzen dut parte bertan. Horregatik, oso garrantzitsua da niretzat sari hau lortzea eta izugarrizko ilusioa sortarazi dit lanean jarraitzeko.»
Aurtengo edizioan lehiaketara aurkeztu diren lanak epaitu dituzte: Cristina Lasak (irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea), Eider Rodriguezek (irakaslea), Antonio Casado idazkari moduan aritu delarik. Lehiaketa UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz, abian jarri zuen 2010ean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Horarios, consejos y precauciones necesarias para ver el eclipse del sábado
El Norte de Castilla
Multas por las gallinas 'sin papeles'
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.