

Secciones
Servicios
Destacamos
Zarauzko Talai Berri txakolindegiak omenaldi egin zien atzo Anjel Lertxundi 'Andu' (Orio, 1948) eta Antton Olariagari (Usurbil, 1946), enpresa horretarako 25 urteotan zehar egin duten lanagatik. Txakolindegiaren markaren diseinuaz eta garapenaz arduratu izan baitira.
Badaude tartean ahaidetasun-loturak: upategiaren sortzailea, Bixente Eizagirre, Lertxundiren koinatu baita. Eta Tomas Murua zena izan zen hirugarren omendua; hau, berriz, txakolindegirako eskultura asko egindakoa.
Oso aspaldi hasi ziren lankidetzan 'Andu' eta Antton. 1975. urte aldean hasita, ikastolentzat Irakur bildumako hiru liburu osatu zuten elkarrekin. 1977an sortu zen Egin egunkaria eta biak hantxe hasi ziren lanean.
1980an, 'Aise eman zenidan eskua' narrazio-liburua plazaratu zuen Lertxundik eta huraxe izan zen Olariagak egindako lehenengo azala. Jesus Uriarteren argazki batean oinarritu zen marrazkilaria. Harrezkero hamaika portada egin dizkio Anttonek, azkena iazko 'Horma'-koa. Haurrentzako zenbait liburutan, Madame Kontxesi bildumakoetan adibidez, lankidetza bereziki estua izan dute. «Baina gu ez gaude atzera begira, aurrerantzean ere egingo ditugu gauzak», esan zuen Olariagak atzokoan.
Bikote artistiko bat aipatu dugu eta jarrai dezagun beste batzuk aletzen. Euskal mundutxoan baditugu fideltasun kasu batzuk benetan deigarriak, horietako bat Patxo Telleria (Bilbo, 1960) eta Mikel Martinezena (Lizarra, 1955). Bilbon bizi zirelarik, lehenengo aldiz Maskarada taldean jardun zuten elkarren ondoan, 'Marxkarada' antzezlana burutu zutelarik, Marx anaien testu batzuk oinarri gisa harturik. «Umore absurdoa zen hura. Uste dut 'Maxkarada' 1987an izan zela, baina hura lagun gehiagorekin egin genuen. Gero, 1993an, Mikel eta biok bikote moduan aritzen ginen lehenengo antzezlana estreinatu genuen: 'Monstruo sakratuak'», adierazi du Patxo Telleriak. Harrezkero antzezlan asko egin izan dituzte elkarrekin. Konpainia sortu zuten gero, Tartean izenekoa, eta eurak dabiltza beren antzezlanen produktore.
Benito Lertxundi (Orio, 1942) eta Olatz Zugasti (Hernani, 1965) dugu beste adibide bat. Artean oso gazte zelarik, Zugastik Lertxundiren disko batean parte hartu zuen abeslari moduan, 1981ko 'Altabizkar / Itzaltzuko bardoari' diskoan, hain zuzen ere. Eta harrezkero Benitoren disko guztietan lagundu du, ahotsa ipiniz eta harpa joz. Bikote sentimental bihurtu ziren gero.
1991n, Olatz Zugastik bakarkako bere lehenbiziko diskoa plazaratu zuenean, 'Kantu baten bila nabil', Benitok ere parte hartu zuen, gitarra akustikoa jo zuelarik. Baina ondorengo diskoak senarraren partaidetzarik gabe ondu zituen Olatzek, eta gainera ez zizkion materialak erakusten; bere kabuz prestatu nahi izaten zituen diskoak, gizonaren itzaletik urrunduta.
Jabier Muguruza kantugilea (Irun, 1960) duela 27 urte hasi zen elkarlanean Iñaki Irazu (Asteasu, 1954) poetarekin, Les Mecaniciens taldea osatu berria zuela. Ordurako, haren anaia (Bernardo Atxaga) ezagutzen zuen, eta haren bitartez izan zen enkontru artistikoa. «Hasiera-hasieratik iruditu zitzaidan Iñaki sentiberatasun poetiko berezi baten jabe zela, eta emozioen mundua jorratzeko abilidade eta gaitasun apartak zituela. Eta halaxe jarraitzen dugu geroztik. Urte asko pasa dira, baina nire lan guztietan azaltzen da bere letra bat edo beste. Esan beharra daukat Euskal Herritik kanpo ere oso estimatua dela bere lana. A, eta aurten –aleluia!– hainbeste espero genuen poesia-liburua argitaratuko da!», esan du Muguruzak. Erein etxeak publikatuko ditu Iñaki Irazuren poema eta kantu-letra batzuen bilduma, 'Errukiaren saria' izenburuaren pean.
Pako Aristik (Urrestilla, 1963) eta Mikel Markezek (Errenteria, 1971) aspaldi ezagutu zuten elkar. «1990-91n izan zen, Pako etorri zitzaidan elkarrizketa egitera zuen egunkariko 'Zabalik' gehigarrirako. Artean lehenbiziko maketa baino ez neukan publikatua. Elkar ondo hartu genuen eta lagunak egin ginen», esan du Markezek.
Elkarrekin hiru ikuskizun moldatu zituzten: lehenbizikoa, 1998ko 'Tribuaren hitz galduak', hiru-lau urtez iraun zuena, gero 'Abiadura handiko urte baten kronika' eta 'Tabuak saltsa berdean'. «Guztira hamar urte egin genituen elkarrekin, urte batzuetan 60 emanaldi, eta ni piska bat aspertu edo nekatu egin nintzen eszenarioekin, eta berriro bere etxean egoten den idazle tradizional bilakatu nintzen», gaineratu du Aristik. 2012an Benito Lertxundiren gaineko liburua plazaratu zuten: 'Plazer bat izan duk, Benito!'.
Eta benetan aspaldiko adiskidetasun-kasua: Pello Añorga eta Jokin Mitxelenarena. Biak ala biak Oiartzungoak, Ugaldetxo auzokoak, Pello zaharxeagoa, 1956koa, Jokin 1962koa. Pello Añorgak 1983an atera zuen lehen liburua, umeentzakoa. Eta 1984an bigarrena, 'Pottoko'. «Huraxe izan zen Jokinen lehenbiziko ilustrazio-lana. Arte Ederrak eginak zituen eta irakasle zegoen Oreretako ikastolan. Marrazki oso espresiboak egiten zituenez, berari proposatu nion marraztea. Eta hain ondo ulertu genuen elkar, hain esplikazio gutxirekin, ezen erabaki baikenuen urte hartan bertan ateratzea 'Tio Xentimo'», azaldu du Añorgak.
Gero Marripuinak izeneko jendaurreko –umeen aurreko– lankidetza burutu zuten, Pello kontalari, Jokin marrazkilari. «Guztira 50 bat liburu egin ditugu elkarrekin, azkena iaz, 'Tontolapiko'. Elkarrengan konfiantza osoa dugu eta elkarri esaten dizkiogu gauzak batere erreparorik gabe. 1995ean Alemaniara bizi izatera joan zen Jokin, baina sarri etortzen da. Egonean egoten dakigu eta hori luxua da. A zer ditxa! Gainera, gure harremana berritzeko, gordetzen ditugu errito batzuk, hala nola: sutondoko kafe-orduak, korrikaldiak eta paseoak, biderik eta bukaerarik gabekoak».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.