Borrar
Betizua bere umearekin. Erdi Aroko behiak ez ziren askoz handiagoak izango. MAITE BARTOLOMÉ
Ez dezagun behia ahaztu

Ez dezagun behia ahaztu

Erdi Aroan ugariago eta inportanteago izan ziren behiak, ardiak baino

Domingo, 29 de abril 2018, 12:05

Patziku Perurenak 'Leizalarreko unaiak (1683-1771)' liburua atera du eta, halaxe, berriro jarri zaigu agerian aspaldiko kontua: hemen, Erdi Aroan, askoz ugariago zirela behiak, ardiak baino; eta ondorengo mendeetan ere, behiak eta unaiak gure paisaiaren oso parte inportante izan zirela. Kosta egiten zaigu irudikatzea, baina handikiek bazituzten pertsona batzuk kontratatuak beren behi-taldeak zaintzeko, eta 'unai' esaten zitzaien. Arturo Campionek 'Narraciones baskas' liburuan idatzi zuenez, Zaraitzuko bailaran unai asko emakumeak ziren. Gaur, berriz, zenbat Unai ote daude, unaiak zer ziren ez dakitenak!

'Unai' hitzak arrasto sakona utzi du etxe-izenetan. Perurenaren liburuan irakur daitekeenez, Nafarroako mendialdean herri gutxi dago Unaienea, Unandegia edo gisako etxe-izenik gabea.

Unaiei buruzko Patzikuren ikerketa-lan honetan, beste gauza askoren artean, ikus daiteke Baztango eta Gipuzkoako Beterriko jauntxoek nola ekartzen zituzten beren behiak Leitzalarreko sarobeetara.

Leitzako gure ikerlariak adierazpen mamitsuak egin zituen iaz, 'Goizuetako dokumentu zaharrak' liburua aurkezteko ekitaldian: «Alvaro Aragon Ruano oiartzuar ikerlari finak esandakoarekin bat nator: 'saltus' alde honetako basoetan, ardirik ez da kasik ageri XVI. mendera arte. Are gehiago esanen nuke, ardia ez zela hemengo basoetarako egina, eta badakit ongi zer den sasiardia ere. Begien bistako dena, basoak urritu eta larre soilak ugaldu ahalean, ardia ere gailendu egin zela XVI. mende aldetik honuntz, eta aspaldi handitik zetorren behi/sarobe/unai sistema zaharra desegin».

Baina badirudi euskal nazionalismoari gehiago gustatu zaiola ardia, behia baino. Berriz ere Patzikuren iazko hitzak: «Normala da gure lehen aberri-diseinatzaileek artzaintza mitifikatu izana, orduantxe bizi baitzen gailurrean artzaintza, eta Bilbo aldeko burgesia okituak eta Labe Garai inguruetako bizimodu latzak, nola ez hartu artzaintza paradisu garbitzat? Eta horri jeltzaleen beste oina, 'Jesus artzaina' erantsi ezkero, nola ez joan neolitikoraino, liluraren liluraz Pirinioak Jerusalemtzat hartuz?».

«Normala da gure lehen aberri-diseinatzaileek artzaintza mitifikatu izana»

patziku perurena

«XVI. mendera arte eta dokumentazioaren arabera, Gipuzkoa osoan nagusi ziren behiak eta zerriak, baita sarobeetan ere«

alvaro aragón ruano

Galdetu diot Alvaro Aragon Ruanori berari, eta honela erantzun dit: «XVI. mendera arte eta dokumentazioaren arabera, Gipuzkoa osoan nagusi ziren behiak eta zerriak, baita sarobeetan ere. Jeneralean, behiak eta zerriak ordu arte eliz erakundeen eskuetan egonak ziren, gehienetan eliak ('bustos') osatuz eta sarobe edo kortetan gordeta ('bustalizas'). XV. mendearen bukaeran eta XVI.aren hasieran, eliz erakundeak hasiko dira sarobeak errentan jartzen edo saltzen bertako udalei. Beraz, garai batean Iruñeko katedralaren, Orreagako Donamariako Monasterioaren edo Jerusalemeko San Juan Elizaren esku egon ziren sarobeak (XII. eta XVI. mende bitartekoak) Gipuzkoako udalen menpe geratuko dira. Horrek adierazi dezake behi eta zerrien egonkortzea eta ardien hazkundea, hedakuntza. Geroago, XVII. mendean, Gipuzkoako baserri arrunt batek, bataz beste, idi pare bat, bi esne-behi, bat edo bi txahal, 12 ahuntz eta 20-25 ardi zituen».

1799ko Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako txosten batek honela dio: «Ciertamente, Señor, en tiempo pasado era mas la abundancia de ganado Bacuno, que el del Obejuno en el distrito de vuestra señoria, a causa de ser sus pastos mas a proposito para la manutencion del primero y reducirse sus terminos y Montes a Bosques, y estar muy poblados de Arboles, por cuyo motivo, no era posible sustentar el numero de Obejuno».

Goi-larreetan ere behiak nagusi ziren Erdi Aroan. Alvaro Aragonek emandako beste datu bat: 1452an, ia 2.000 behi zeuden Enirio Aralarko sarobeetan, horien artean 350 behi Orreagako monasteriokoak.

Marizuloko arkumea

Oraingoek bezalaxe, lehengo Piriniar arrazako behiek larreak behar zituzten, baina baita itzala ere, batez ere udaran, siesta ('sestear') egiteko. Beraz, larrea bai, baina zuhaitzak ere bai, eta hortik sarobeen garrantzia. Horrez gain, hostoak, arbiak eta zenbait barazki jaten zituzten. Ardien elikadura sinpleagoa da –batik bat, belarra– eta ez dute itzalik behar, euren artean –buruan ondoaren magalean sartuta– babesten dira eguzkitik.

Bestalde, ikerlari oiartzuar honek frogatu du XVII. mendean ardien inguruko aprobetxamenduak ugaritu egin zirela: gazta eta esnekiak –Gipuzkoako gaztagileek Bizkaira esportatzen zituzten beren gaztak–, gurinak –sukaldatzeko eta kandelak egiteko–, muturrak, eskuak eta hankak saltzen hasi ziren lapikoan erabiltzeko, ardi latxaren ilea kapusaioak egiteko erabiltzen zen eta Frantziara ere bidaltzen zen, Oloronen oihalak egiteko, ez kalitate handikoak, baina hala ere oso estimatuak.

Orain, denboran atzerago joango gara. Aralarren, duela hogei bat urte, indusketa egin zuten Josean Mujikak eta. VIII. mendeko tumulu-txabola batean burutu zuten lana. Topatutako hezurrei dagokienez, %87 txahal edo txekorrenak ziren, %11 ardi edo ahuntzenak, eta %2 zerrienak. Datuok ere nahiko adierazgarriak dira.

Eta goazen are atzerago. Ardiaren arrasto zaharrena, Gipuzkoan, orain dela 6.000 urtekoa da. Arkume baten hezurra aurkitu zuten Urnietako Marizulo koban. Eta Araban –Peña Larga, Los Husos...– badaude duela 7.500 urteko aztarnak ere.

Beraz, ardia oso aspaldikoa da gurean, baina Erdi Aroan ugariago eta inportanteago izan ziren behiak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ez dezagun behia ahaztu