Borrar
Ojacastron asko dira euskal kutsuko toki-izenak. WIKIPEDIA
Errioxako hitzak

Errioxako hitzak

Jakinekoa zen Ezcaray eta Ojacastron euskal kutsuko toki-izen asko topa daitezkeela, baina Errioxako beste toki batzuetan ere agertu dira

Domingo, 4 de febrero 2018, 10:48

Eduardo Aznar Martinezek (Bartzelona, 1977) Errioxako euskarari buruzko liburua plazaratu du, Pamiela argitaletxearen bidez: 'Tierras, gentes y voces'. El legado del euskera riojano'. Orain dela zazpi urte atera zuen 'El euskera en La Rioja. Primeros testimonios' haren jarraipena da oraingo emaitza.

Orain arte kontu nahiko jakina zen Oja ibaiaren iturburuan, Ojacastro eta Ezcaray aldean, euskaraz egiten zela Erdi Aroan. Liburu berri honek erakusten digunez, euskararen arrastoak –toki-izenak eta– ia Errioxa osoan ditugu, ugariago dira mendebaldean, baina badaude ekialdean ere.

Ezcarayko toki-izenen zerrendan sartzen bagara, hauek ditugu, adibidez: Aldaia (aldapa), Aramburu (haranaren goiko aldea), Chavarri (etxe berria), La ren de Esconovia (Azkonobia?, azkonarren habia?), Lizardia, Urdanta (Urdaneta?, txerriak zeuden tokia). Eta Ojacastron: Artaso (arte-basoa?), Beroque (beroki?, hotzak jotzen ez duen tokia?), Esquicia (ezkiak edo makalak zeuden tokia?), Ipusçarana (Ipuz-harana?, giputzaren harana?), Uyarra (ur iharra, ibai iharra?).

Errioxan non daude euskal toki-izen gehien?, galdetu diot Aznarri. Eta: "Dudarik gabe, Ojacastro, Ezcaray eta inguruko herrixketan: Zaldierna, Santurdejo, Azárrulla, Turza, Ayabarrena, Cilbarrena... Baita ere, izen dezente ditugu Tirón ibaiaren goiko aldean, Burgosko partean: Fresneda de la Sierra Tirón, Santa Cruz del valle de Urbión, Pradoluengo.... Eta beste gune interesgarri bat Brieva de Cameros eta Viniegra de Abajok osatzen dute. Haron eta Obarenes mendien aldean ere ugaria da euskal toponimia. Inguru horrekin jarraituz, Casalarreina herriaren izen zaharra Naharruri da, eta Galbárruli herriarena Galbarruri. Esan dizkizudan toki hauetatik aparte, toki-izenak oso bakanak dira".

Beraz, garbi dago batez ere goialdean iraun zuela euskarak, 1.000 metrotik gorako parajeetan, jendea abeltzaintzatik bizi zen toki batzuetan.

Dokumentazio aspaldikoena harrizkoa da. Alegia, hilarrietan idatzitako hitzak. "Horrelako hitzek adierazten digute kristautasunaren lehen mendeetan, duela bi mila urte, Errioxan bazegoela euskara arkaikoaren aldaera bat. Hala ere, erromatarrek lur hauetan zehar aurrera egitean topatu zuten hirietako batzuen izenei erreparatzen badiegu (Calagorri=Calahorra, Graccuri=Alfaro), esan liteke garai zaharrago batzuetan bazegoela hemen euskara, alegia, Kristo baino bi mende lehenago gutxienez", esan dit Aznarrek. "Datu arkeologikoak aintzat hartuta, ausartuko nintzateke esatera Burdin Aroan iritsi zela euskara Errioxako lurretara, orain hiru mila urte".

Noiz arte iraun ote zuen euskarak? Paperezko agirietan aipatzen den azken hiztuna Ezcarayko Pero Gorria da. 1488ko dokumentu batean agertzen da. "Behin XVI. mendea ezkero, badirudi bukatu egiten direla bertako euskal hiztunak, baina hala ere euskara entzuten da, iparralderago dauden lurraldeetatik azaldutako eskulangileei esker, adibidez elizetan lan egitera etorritakoak, harginak, teilagileak...".

Aznar ez da lehenengoa Errioxako euskara aztertu duena. Jose Juan Bautista Merino Urrutiak ere (Ojacastro, 1886 - Getxo, 1982) makina bat lan egin eta publikatu zuen. Lehenbiziko ikerlari haiek Oja bailarara mugatu ziren gehienbat (Ezcaray, Ojacastro eta inguruak). "Merino Urrutia bila ibili zen Errioxako beste eskualde batzuetan ere, baina haietan ez zuen toki-izen askorik bildu. Nik zorte handiagoa izan dut, izan ere azken hamarkadotan mapa eta izen-zerrenda berriak argitaratu baitira. Hala ere, euskal toki-izen gehienak betiko tokietan agertzen zaizkigu: Oja, Tirón eta Najerilla ibaien inguruan. Ekialdean badaude herriak euskal itxurako toki-izen bat bera ere ez dutenak. Nire ustez, arrazoia izan daiteke La Rioja Baja esaten diogun eskualdeko jendea latinez hasi zela oso goiz".

Garai bateko ustea zen 'uri', 'baltz' eta 'barri' bezalako atzizkiak, Errioxara ekarriak zirela, alegia, Arabako jendearekin batera etorritakoak. Aznar ez dago ados: "Egia da Errioxako ipar-mendebaldean daudela baltz eta barri osagaiak duten hitz gehienak; beraz, Arabatik gertu. Baina erreparatu behar diogu mendialdean hego-mendebaldean, beltz eta berri osagaiak dituzten toki-izenak topatu direla. Beraz, ematen du egon zela Errioxako euskalki zahar bat, Arabakoaren aldean forma arkaikoago batzuk bazituena".

Liburuko beste atal batean, 'Vocabulario general vasco-riojano delakoan', gure garaira arte iraun duten euskal jatorriko hitzak irakur ditzakegu. Hemen adibide batzuk:

Chara: Zuhaixkak eta laharrak dauden tokia, txara.

Chichi: Haragia, bai jatekoa, bai pertsonena.

Ciquiñar: Zikindu.

Gazuza: Gose handia, 'gose-hutsa'-tik ote datorren....

Hondalán: Mahatsondoa landatzeko egiten den zuloa.

Rasca: Etxeko animaliei, jateko eta edateko egiten zaien aska.

Rasca: Etxeko animaliei, jateko eta edateko egiten zaien aska.

Tirria: Inbidia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Errioxako hitzak