Borrar
Arantxa Urretabizkaiak bere haurtzaroko giroa erretratatu du

Arantxa Urretabizkaiak bere haurtzaroko giroa erretratatu du

'Zuri-beltzeko argazkiak' oroitzapen-liburua "familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile" bati buruzkoa da

FELIX IBARGUTXI

Martes, 25 de noviembre 2014, 14:01

Arantxa Urretabizkaiak oroitzapen-liburua plazaratu du: Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela argitaletxea). Honela deskribatu du emaitza, edo asmoa behintzat: «Hauxe da nire asmoa: nire haurtzaroan kokatutako tresnak, argazkiak hartu dizkiot iraganari eta argazki horiekin kontatu nahi dut nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren atarian dagoen belaunaldia, nolakoa zen bizitza, sasoi hartan, urte haietan, Donostiako bazterreko auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan». Liburuak 1947an du hasiera eta 1960aren inguruan bukaera. «Urte haierako kronika» dela esan du idazleak.

Urretabizkaiak aurkezpenean azaldu duenez, liburuan apenas datorren datu intimorik: «Kontatzen ari naizena ez baita nire bizitza bakarrik. Haurtzaroan, plurala ezinbestekoa da». Eta are gutxiago, ez du beste intimitatean sartu nahi izan».

Memoria nahiko ona dauka, «dezentekoa». Baina liburua idaztean segituan ikusi du ahizpak gauza batzuk oroitzen zituela, eta berak beste batzuk. «Noski, fikziozko liburua da. Ez baitago memoria baino fikzio handiagorik».

Liburu hau idazteko akuilua amaren bizitza kontatzeko gogoa izan zuen. Nahi zuen kontatu «zer nolako haustura mingarria» gertatu zen emakume harentzat, Errepublikako girotik frankismoko giroa pasatzean.

Etxean euskaraz bizi ziren «baina kalea eta eskola guztiz erdaldunak ziren. Eskolan ez nuen, euskara zela-eta zigorrik jaso, baina bagenekin, oso ondo jakin ere, han ezin zela euskaraz egin. Hala ere, gogoratzen naiz ni ahizparekin kalean euskaraz egiten nindoan batean nola batek esan zigun oso ondo, egiteko beti euskaraz».

Liburuaren portadan Donostiako eskaparate bat agertzen da, Nerecan dendakoa. «Han egin zuen amak lana, 18 urtekin hasi eta 65 bete arte». Eta barruan jaiotetxearen argazkia ikus daiteke. Loiola auzoko Txomin-ene aldeko etxeetako batean jaio zen Arantxa Urretabizkaia, denbora askoan hondatuta egon da eraikin hori eta aurten eraitsi egin dute.

Pamiela etxeko Jose Angel Irigaray editorearen iritziz, «Arantxak oso modu xumean kontatzen dituen gauza horiek karga handia dute. Berak ez du pretentsio handirik, ez du barrokismorik, ez du ondoriorik atera nahi, eta hori dena bertutea da. Modu apalean, diskretuan idazten du, eta hain zuzen ere horrexegatik, eraginkorra da liburua».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arantxa Urretabizkaiak bere haurtzaroko giroa erretratatu du