Borrar
Klasiko herrikoiak 'Literatura Unibertsala' bilduman

Klasiko herrikoiak 'Literatura Unibertsala' bilduman

Hermann Hesse, Marguerite Duras, Françoise Sagan eta Rebecca Westen lanak euskaratu dituzte

Nerea Azurmendi

Martes, 27 de enero 2015, 20:46

1990 urtean 'Literatura Unibertsala' egitasmoa abian jarri zenetik, 164 liburu eman dira argitara izen bereko bildumaren baitan. Nazioarteko literaturaren historiako lanik behinenak euskaraz eskaintzea xede duen proikuaren azkeneko lau aleak kaleratu berriak dira. Eta lau liburuek badute ezaugarri berezi bat: literatura maila gorenekoak izateaz gain, argitaratu zirenean eta hurrengo hamarkadetan arrakasta handia lortu zuten publiko zabalaren artean.

Esan daiteke, beraz, bildumako azken labekadak XX. mendeko lau klasiko herrikoi ekarri dituela: Hermann Hesseren 'Siddharta' (David Lindeman eta Irati Treviñok euskaratua); Françoise Saganen 'Tristezia, zer berri' (Gerardo Markuletak itzulia); Marguerite Durasen 'Samina' (euskarara Xabier Artola Zubillagak ekarria) eta Maialen Berasategik itzuli duen Rebecca Westen 'Soldaduaren itzulera'.

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz garatzen duen proiektua Erein eta Igela argitaletxeek gauzatzen dute 2012 urteaz geroztik, horretarako deitutako lehiaketa irabazita. "Azkenaldian ari gara saioak egiten liburuak irakurleari hurbiltzeko, kanon zaharkituen araberako hautuak egin beharrean gaur egun interesgarriak izan daitezkeen lanak argitaratuz", dio Iñaki Aldekoa editoreak. Tamainan ere igartzen da Aldekoak aipatutako kezka, 200 orrialdetik beherakoak baitira hiru liburu; laugarrenak, Durasen 'Samina'-k, 201. Edonola ere, hauen aurretik kaleratutako zerrendari erreparatuz gero bistakoa da irakurlearengana heltzea hasieratik izan dela egitasmoaren lehentasunetako bat.

Arriskua ere badu, ordea, askok, batez ere adin batetik gorakoek, aurretik beste hizkuntza batzuetan irakurrita dauzkaten lan ezagunak kaleratzeak. Baina badira, Gerardo Markuletak gogora ekarri duen bezala, liburu horiek ezagutzen ez dituzten belaunaldi gazteak, eta horiengana heltzea ez da erronka makala. Beste arrazoi bat ere badago lan horiek irakurtzeko edo berrirakurtzeko: itzulpenen kalitatea. Iñaki Iñurrieta EIZIEko presidenteak esan du "itzulpenginzaren aurrerapenean ardatz nagusia" izan dela Literatura Unibertsala egitasmoa, eta hori aspaldi hasi zen nabarmentzen urtero argitara ematen diren lanetan.

I. Mundu Gerrakoak

Bilduma aberastu duten lau lanen kidekotasun bakarra ez da bere garaian lortu zuten arrakasta eta Europako literaturan utzi duten arrastoa. Horrez gain, XX. Mendeko momentu erabakigarriei lotuta daude lauak. Zuzenean edo zeharka, I. Mundu Gerrarekin zerikusia dute 'Soldaduaren itzulera'-k eta 'Siddahartha'-k. II. Mundu Gerraren inguruko bizipenen eraginez idatzi zuen Durasek 'Samina'. 1954An, hurrengo hamarka astinduko zuen askatasun uhina aurreratu zuen Saganek 'Tristezia, zer berri' eleberrian.

Rebecca Westek (Kerry, 1892-Londres, 1983) 1918an argitaratu zuen 'Soldaduaren itzulera', gerra amaitu berritan. Lan hori ingelesetik abiatuta euskaratzeak, bide batez, ahots berri bat ekarri du literatur itzulpengintzara: Maialen Berasategi gasteiztar gaztearena. Gainerako itzultzaileak bezala, bera arduratu da idazlea eta haren obra hobeto ulertzeko oso lagungarria den hitzaurrea atontzeaz. Hitzaurre horiek dira hain zuzen Literatura Unibertsala bildumako liburuen ezaugarri interesgarri bat.

Berasategiren hitzetan, "azterketa sen oparoa" zuen "idazle polemikoa" izan zen West, bere lumaz alor ugari ukitu eta bazter asko harrotu zituena. Eleberri honetan I. Munduk Gerratik azken hamabost urteetako oroitzapenak zeharo ezabatuta etxeratzen den soldadu baten itzulera kontatu zuen eta, batez ere, itzuleraren ostekoak. Christopher Baldryk hamabost urteko zuloa ekarri du frontetik. Arrotza egiten zaio etxea, baina etxekoei ere arrotza egiten zaie 21 urteko gazte buruarina balitz bezala jokatzen duen garai bateko gizonezko zuhurra. Baldryren 'hutsuneak' era askotako ondorioak izango ditu protagonistarengan eta gertukoengan, batez ere harremanen alorrean. Berasategik nabarmendu duenez, oroitzapenak galduta bueltatu den soldadu ohiaren bizitza berriaren haritik aztertzen dira, besteak beste, "klase sozialen arteko diferentziak, maitasun erromantikoaren zama" eta, nagusiki, nola "gizonezkoak protagonista dituen tragedia publiko baten ondoan", gerraren ondoan alegia, badagoen "tragedia pribatu bat", kasu honetan biktimak emakumeak direla.

Istorioa eta protagonista urrun kokatzen baditu ere, bai denboran, bai espazioan, gerraoste kutsua du halaber aleman jaio eta suitzar hil zen Hermann Hesse (1877-1962) idazle ezagunaren hirugarren eleberriak. 1946an Nobel saria eskuratu zuen Hessek 1922an argitaratu zuen 'Siddhartha'. Izen bereko protagonista gaztea Indiako brahman baten semea bada ere, edozein gazte izan liteke. Gerrak eta gerraosteak zeharo desitxuratutako Europa hartako gazte bat, adibidez. Gaurko bat ere bai, zalantzarik gabe. Irati Treviñorekin batera itzulpenaz arduratu den David Lindemannen ustez, nobela iniziatikoaren erreferentzia nagusitzat jo daitekeen eleberriak "edozein gazteren bizitzako dilemak" islatzen ditu. Bizitza eskola da alde horretatik eta, batez ere, bilaketa baten kronika, Shiddharthak bide denak urratzen baititu berearen peskizan. Itzulpen lanari buruz ere mintzatu da Lindemann. Itzulpengintza eta Euskal Filologia ikasketak egindako alemaniar honek, Hesseren "eite zertxobait zaharkitutako" prosa modu ahalik eta zuzenenean ekarri du euskarara, eta Irati Treviñok "euskarazko irakurlean pentsatu du" testuari bere itzulia ematerakoan. Azkenean elkarrekin eman dizkiote "pare bat buelta", eta honatx euskaraz laster mendea beteko duen nobela, hamaika aldiz eta hamaika hizkuntzatan argitara emana.

Emakume apurtzaileak

Rebecca West ez zen bazter batean isilik egoteko prest zegoen emakumea. Marguerite Duras eta Françoise Sagan ere ez. Denak izan ziren, bakoitza bere momentuak, bakoitza bere erara, emakume apurtzaileak. Durasek eta Saganek, frantses literaturak eman dituen idazle emakumezko irakurrienak eta ezagunenak izateaz gain, bizitza nahiko bereziak izan zituzten. Biek utzi zituzten euren bizitzen zantzuak liburuetan, baina alde horretatik konprometituenetakoa Durasen 'Samina' da. Xabier Artola Zubillagak itzulitako liburuak sei narrazio biltzen ditu, "bi autobiografiko, bi autofikziotzat jo daitezkeenak eta bi ipuin".

Marguerite Durasek zuzen-zuzenean jasan zuen II. Mundu Gerraren zentzugabekeria. Robert senarrarekin batera, Erresistentziako kide izan zen. Bera ez zuten atxilotu; bai ordea senarra. 1944 urtean segada batean erori eta Alemaniara deportatu zuten, kontzentrazio eremu batera. Urruntze horrek eragiten dion saminaz idazten duena ez da, beraz, beste norbaiten bizitza asmatu duen sortzailea, samina bere-berea duen emakumea baizik. Liburua osatzen duten gainerako atalak ere min horrek zeharkatzen ditu eta, beste gai batzuen artean, biktimen eta borreroen arteko harreman konplexuetan sakontzen dute. Okupazioaren azken urteetan idatzitako testuak badira ere, tiradera batean gordeta izan zituen, 1985ean argitaratu ziren arte.

Françoise Saganen 'Tristezia, zer berri' liburu askoz ere bizi eta argitsuagoa da. Saganek 19 urte baino ez zituen izen handiko kritikariz osatutako epaimahai batek aurreneko eleberri hura saritu zionean. 1954 urtea zen. 850.000 ale saldu zituen hilabete gutxi batzuetan. Sagan aurreiritzi handirik gabeko neska gazte bizizalea bazen ere, Frantziako gizartea ez zegoen prest 16 urteko neskato baten eta hainbat helduren bizipenak konplexurik eta disimulurik gabe kontatzen zituen eleberri bat espanturik egin gabe onartzeko. Hori da, hain zuzen, eleberriaren mamia: aitarekin eta haren maitalearekin Kosta Urdinera oporretara doan 16 urteko Cécilek, batetik, bere istorioa izango du hamar urte zaharragoa den mutil batekin; bestetik, Raymond aitaren inguruan hiru emakumek -bera barne- harreman oso konplikatuak izango dituzte. "Emakumeen sexualitateari esplizituki heltzen ziola eta, eleberriak zalaparta handia sortu eta gerraosteko belaunaldiaren ikur bilakatu zen", irakur daiteke liburuaren azalean. 60.eko hamarkadan ohikoa-edo bilakatu zela aurreratu zuen Saganek, eta hurrengo hamarkadetan ere asko izan ziren Saganek horren gazte zela sortu zuen fikziozko mundu txikian aske izatea zer zen irudikatu zuten emakumeak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Klasiko herrikoiak 'Literatura Unibertsala' bilduman