Secciones
Servicios
Destacamos
n. a.
Lunes, 13 de abril 2015, 18:29
Günter Grassek harreman berezia zeukan bere lanak beste hizkuntza batzuetara eramaten zituzten itzultzaileekin. Liburu berri bat argitaratzen zuenean, ardura hori euren gain hartzen zutenekin -itzulpenerako eskubideak erosita zeuzkaten argitaletxeek hautatutakoekin alegia- biltzeko ohitura zeukan eta, itzultzailearen askatasuna aintzat hartzen bazuen ere, arau zehatzak jartzen omen ... zizkien. Besteak beste, esaldiak kentzea erabat debekatuta zeukaten. Nafarroako Unibertsitateak argitaratzen duen 'Revisiones' aldizkarian argitaratutako 'Una declaración de amor a la lengua alemana: Grimms Wörter' artikuluan Pilar Estelrich i Arcek gogoratu zuen bezala, gerora beste egile batzuek imitatu duten ohitura 1978an estreinatu zuen Grassek, 'Der Butt' eleberria argitaratu zuenean. Ez ziren kortesiazko bilera arinak: zortzi orduko saioak egiten zituzten egunero, astebetez, eta egun horietan prest zeuden Grass bera eta bere hurbileko kolaboratzaileak itzulpen lanari ekiteko zorian zeuden profesionalen zalantza den-denak argitzeko. Hala eta guztiz ere, kasuren batean hizkuntza jakin batzuetara itzuli gabe gelditu izan da libururen bat, saioa egin duten itzultzaieek amore emanda.
Aurretik, izan ere, ez zien batere erraztasunik ematen Grassek itzultzaileei: "Liburu bat idazterakoan, ez ditut kontuan hartzen itzultzaileak izango dituen arazoak. Horrelakorik egingo banu, beste era batera idazten hasiko nintzateke, eta ez nago prest", esan zuen. Bere hizkuntzaren erabileran lortu zuen maisutasuna eta hizkuntzarekiko zuen pasioa, alegia, ez ziren inolaz ere bateragarriak "globalizazioaren mesedetan" egin beharko zituzkeen kontzesioekin.
Euskarazko ahaleginak
Euskarara ekarri diren lan nagusiak barne hartzen dituen Literatura Unibertsala bildumako aleak errepasatzea nahikoa da ikusteko alemanez idatzitako literaturak ez daukala presentzia handiegia 160 zenbakia gainditua duen bilduma zabal horretan. Beste horrenbeste esan liteke askoz ere idazle eta idazlan gehiago -1.230 eta 3.341, hurrenez hurren- biltzen dituen Euskarari ekarriak guneak eskaintzen duen informazioari buruz.
Armiarma proiektuaren baitan garatzen ari den gune horretan hainbat hizkuntzatatik euskarara itzuli diren literatur lanak zerrendatu dituzte egileka, ahal den guztietan erreferentzia soila informazio osagarriz aberastuz. Eta Günter Grassi euskaratu zaizkion lanak aurkitzeko ez da urrutira joan behar, azalean baitaukate idazlearen soslaia eta, horren azpian, haren obra zabalaren euskarazko bertsioen zerrenda laburra, bi lanez osatua.
Aurreneko itzulpena 1994koa da, Eusko Jaurlaritzak eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak 1990an abiatutako Literatura Unibertsala bildumako liburuak Ibaizabal argitaletxeak kaleratzen zituenekoa. Bildumako 34. alea da, hain zuzen, urte haietan Hesse, Mann edota Goethe alemanetik euskara ekarri zituen Xabier Mendiguren Bereziartuk euskaratu zuen 'Katua eta sagua'. 'Katz und Maus' kontakizun laburra 1961an idatzi zuen Günter Grassek. Danzigen girotutako trilogiaren bigarrena da, zinemarako egokitzapenak horren ezaguna egin zuen 'Latorrizko danborra'-ren segida modukoa. "'Kontakizun labur honetan Grassek bere nobelagintzaren gailurretako bat harrapatzen du eta beste obra batzuetako eszenario bera darabil: orduan Danzig eta gaur egun Gdansk deritzon hiria. Garaia ere bera da, 1939tik 1945era doan epea, baina alderen bat aurkitzekotan, esan behar dugu, beste inon ez bezala aztertzen duela hemen maitasuna. Mahlkeren irudia berreskuratzeko, distantzia eta ironiazko gaindegitik egiten duen ahalegin horretan, Danzigeko trilogia deritzona osatu eta azken hamarkadetako alemaniar literaturak idatzi dituen orrialderik sinesgarrienetakoak ontzea lortu du idazleak. Erdi hondoraturik dagoen itsasontzi bateraino igerian eginez uda ematen duten adoleszente-talde hark berak joan behar izan zuen handik gutxira frontera, gizadiak orain arte ezagutu duen gerraririk suntsitzaileenean parte hartzera. Grass maisukiro barneratzen da neska-mutil haien amets, gurari, sentimendu eta frustrazioen munduan, protagonistak inguratzen dituen samina forma arkaiko eta unibertsaletan aditzera ematen duelarik", idatzi zuen Xabier Mendiguren Bereziartuk hitzaurrean. Hitzaurrea ez ezik, itzulpena ere oso-osorik irakur daiteke Armiarmari esker.
Handik zortzi urtera itzuli zen Grass euskarara, 2002an, Alberdania etxearen eta Andolin Eguzkitza (1953-2004) idazle, itzultzaile eta euskaltzainaren eskutik. Aukeratutako lana 'Batzarra Telgten' ('Das Treffen in Telgte') izan zen, eta Narrazioa bildulman argitaratu zen 240 orrialdeko liburua. 1979ko eleberri honetan XVII. mendean, Hogeita Hamar Urteetako Gerraren amaieran alegia, kokatutako fikziozko bilera bat baliatu zuen Grassek II. Mundu Gerraren ondorengo egoeraz eta intelektualen jarreraz jarduteko, beste gai batzuen artean gurera erraz ekar daitezkeen hizkuntzari buruzko gogoetak barne.
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.