

Secciones
Servicios
Destacamos
n. azurmendi
Jueves, 7 de abril 2016, 19:03
Haur literaturaren bueltako astea ezin bukatu haurrei zuzendutako lan berririk aurkeztu gabe. Nazioarteko eguna joan den larunbatean, apirilaren 2an, ospatu zuen literatura mota hori 'benetako' literatura den edo ez den eztabaida alde batera utzita, ezin ukatu ekoizpen editorialaren zati handi bat bereganatzen duenik.
Espainiar estatuan, kasu, beste liburu mota batzuek baino hobeto eutsi diote krisiari haur eta gazteei zuzendutakoek. Hala, multzo horretako liburuak argitara emandako guztien %10,3 izan baziren 2008an (guztizko horretan testuliburuak ere sartzen dira), urtez urte gora egin zuen kopuruak, gainerako joera beherakoa zen bitartean, 2014an %12,5era heldu arte. Euskarazko produkzioaren kasuan, haur eta gazte literaturaren presentzia are handiagoa da. 2014 urteari dagokion euskarazko argitalpenei buruzko X. txostenak erakusten du fikzioari dagokionez gazteenei zuzendutako liburuak direla nagusi. Markagailuak argi uzten ditu gauzak: literatura 229-haur eta gazte literatura 484, txostenak darabilen terminologia erabilita betiere. Urte hartan argitaratu ziren 1.787 liburuei 807 testuliburuak kentzen bazaizkie, haur eta gazteei zuzendutakoak guztizkoaren %49,39 izan ziren. Ia erdia. Ez dago gaizki.
Etengabe segitzen du handitzen gazteenei zuzendutako lanen liburutegiak. Baditu lau ale berri, Elkarrek ekarriak eta ostegun honetan Donostian aurkeztuak. Bi dira lehendik ere haurrentzat idatzitakoak diren bi idazlerenak: Pello Añorga eta Castillo Suarezenak. Beste bi liburuen egiteleak berriak dira letren plazaren kantoi honetan. Bata da Paddy Rekalde, oraingo honetan alde samurrera etorria, eta bestea Ana Jaka, poeta batik bat, gaztelaniaz dezente idatzitakoa, euskarazko lehen nobela -'Ez zen diruagatik- 2014an argitara eman zuena.
Estreinako urratsak
Zortzi urtetik gorako irakurleei zuzendutako 'Eta Zer?' sailean argitaratu du haurrei zuzendutako aurreneko lana Ana Jakak. Andoainen jaioa eta ikasketaz kazetaria, Iruñean bizi da, liburuen promozioan lan egiten duela. Patxi Gallegoren marrazkiak dituen 'Marimutila naiz, eta zer?' aurkeztean esan du haurrentzat idazteko gogoa zuela, probatu egin nahi zuela. Izaera berezi samarra duen sail honek planteatzen duen erronkari aurre eginez estreinatu da, uztartu behar izan baititu sailak berezkoa duen diferentea izateko eskubidearen aldeko mezua, eta istorio erakargarri bat. Sail horretan badaude potoloak, lotsatiak, adoptatuak, nobioak dituzten amonak, betaurrekodunak, erremerre hitz egiten dutenak... Guztira, 'normaltzat' jotzen den horretatik urruntzen diren 28 profilek osatzen dute honezkero bilduma.
Ana Jakak sortu duen pertsonaia, Ione, marimutila da, futbolean mutilek baino hobeto egiten duen neska, soinekoak gogoko ez dituela eta bere izaerarekin pozik dagoena. Bai, behintzat, halako batean 'marimutil' deitzen diotenean tonuan iraina igartzen duen arte. Ionek ez du aparteko arazorik den bezalakoa izateagatik, baina gero eta nabarmenagoa egiten zaio inguruaren, gizartearen presioa. Ederki egingo dio aurre, ordea, aitonaren laguntzarekin. Ana Jakak ere, bilduma honen bertute nagusiarekin bat eginik, ederki asmatu du korapiloa askatzen pedagogiarik eta paternalismorik gabe, «enpatiaren bidetik» pertsonaia erakargarriak dituen istorioa sortuz. Liburuak 32 orrialde ditu, eta 8,20 euroko salneurria.
Bigarren 'hasiberriari' dagokionez, nork esan Paddy Rekalde deustuarrak orain arte literaturan egindako bideak haur literaturara eramango zuenik... Xabier Mendiguren editoreak aurkezpenean gogoratu bezala, idatzi dituen narrazio, eleberri zein poemetan gehiago da Rekalde gauekoa egunekoa baino, gogorretik jotzekoa samurretik baino, eta zintzilik daramatza, irabazita ere bai seguruenik, 'errealismo zikina' eta horrelako etiketak. Orain, aita denez, eguna haurrez inguratuta ematen duen irakaslea denez, samurtu egin ei da. Edo, berak esan bezala, beti izan da samurra, eta horregatik egin du gogorrarena. Edonola ere, beti interesatu izan zaio, eta baliatu du, errealismo majikoa, eta haurrek «euren burutik errealitatea nola osatzen duten» ikustea ere bai.
Mikel Santos 'Belatz' iruñarraren marrazkiek osatu duten 'Sagarraren misterioa' kontakizunean gauak garrantzitsua izaten jarraitzen du. Hurbileko misterioak, «film erraldoietan agertzen diren gezurrezko» misterio horiek baino apalagoak ere inportanteak dira. Kasu honetan, itxuraz bere kabuz mugitzen den sagar bat da misterioaren iturria. Gari protagonistak azkenean argituko du ustezko misterioa, pazientziaren, gauaren eta, Ionek bezala, aititaren laguntzarekin. Liburuak 48 orrialde ditu, eta 9,45 euroko salneurria.
Gizon sudurgorria eta bisoi muturzuria
Pello Añorga (Oiartzun, 1956), ezinbesteko erreferentzia da euskarazko haur literaturan. 1983an eman zuen argitara aurreneko liburua, eta haren ondotik 40 inguru etorri dira, baina ez da soilik idazlea. Istorioak bideratzeko euskarri hori baliatzeaz gain, 1986 urteaz geroztik ipuinak kontatu egiten ditu, eman, eta ez bakarrik hitzekin, haur zein helduengana iristea ahalbidetzen dion bere presentzia osoarekin baizik. Era berean, 2008an eman zioten Euskadi Literatur saria eskertzeko irakurri zuen hitzaldi ederrean jaso bezala, ofizio bat baino gehiago da Añorgarentzat sortzea eta kontatzea, idatziz edo aurrez aurre, hartzaileak haurrak edo helduak diren bereizi gabe.
Oraingoz azkena duen liburua, lehen irakurleei zuzendua, 'Giosepporen sudurra' da, eta badu zerikusia Añorgaren esperientziarekin, eta bere izaerarekin ere bai. Gioseppo protagonista gizon serioa zen, zapataria, bere lanari erabat emana. Halako batean, zapata forma hartua duen sudurrean grano bat atera zitzaion, gorri-gorria eta handia. Kezkatuta, ospitalera joan zein, eta zain zegoela, ingresatutako haurrak zeuden zibergelara heldu zen. Sudurra gehiago gorritu zioten haurrek margoekin, eta orduz geroztik Gioseppo izan zen, pailazo ospetsua ez ezik «zapatari graziatsua». Kontakizuna, egilearen hitzetan, «sinpatikoa, alaia, poetikoa, samurra...» da, eta «errealitatea eta fantasia» nahasten ditu. Lotura zuzena du urte askoan ospitaletan dauden haurrei ipuinak kontatzen ibilia den Pello Añorgaren esperientziarekin. Neurri batean, bere 'alter egoa' ere ba omen da Gioseppo. Mikel Valverdek ilustratu duen liburuak, Batela bilduma 36. zenbakira eraman duenak, 32 orrialde ditu, eta 7,35 euroko salneurria.
Castillo Suarez (Altsasu, 1976) aurkezpenik behar ez duen poeta da. Bada, horrekin batera, haur literatura dezente jorratutako beste Castillo Suarez bat. Bakarra da, jakina, baina 'literatura' eta 'haur literatura' gutxitan elkartzen diren bideetatik doazenez, bidaia bikoitza egin behar da idazlearen alde guztiez jabetzeko. Oraingo honetan irakurtzen hasten ari direnei zuzendutako liburua ekarri du, 'Paxkalin' bisoi muturzuriari buruzkoa.
Ipuin nafar-nafarra da protagonistari dagokionez, espezie hori Nafarroako adierazgarria baita. Lurraldeko ibai gehienetan aurki daitezke bisoi muturzuriak, bakarren batean izan ezik, eta arriskuan dago. Ameriketatik etorritako bisoi muturbeltza du etsaietako bat, eta bestea espazioaz berea izango balitz bezala jabetu den gizakia. Hain zuzen ere, bisoi muturzuri askok autoen gurpilen pean amaitzen dituzte euren egunak, pasabide segururik ezean errepideak gurutzatu behar baitituzte batetik bestera mugitzeko. 'Paxkalin' ere tenore horretan da, ondoko herrira etorri den zirkura joan nahi baitu. Horretarako, baina, errepidea gurutzatu behar du, eta aitak ez dio uzten... Eider Eibar ilustratzaileak sortutako animalek kolorez betetzen duten liburuan, itxuraz sinplea den dilema horretatik abiatuta gauza asko kontatu ditu Castillo Suarezek. Liburuak, Batela bildumako 37.a denak, 32 orrialde ditu, eta 7,35 euroko salneurria.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.