Borrar
Juan Mari Beltran, sunpriñua eskuetan duela. Oiartzunen daukan Herri Musikaren Txokoan ehunka musika-tresna bildu ditu ARIZMENDI
Makila zuritu eta soinua!

Makila zuritu eta soinua!

1936ko gerra baino lehenago, hurritzaren azalarekin ‘sunpriñua’ izeneko soinu-tresna egiten zuten Aralar aldeko artzainek

Domingo, 29 de octubre 2017, 09:51

Lehengo astean, liburu-CD-DVD hau aurkeztu zen Donostian: 'Soinu-tresnak euskal herri musikan 1985-2010'. Juan Mari Beltran musikologoak prestatutakoa da, aspaldi ikusi zuen argia lehenbiziko edizioak, eta oraingo hau laugarrena da, zenbait material berri gehitu zaizkiolarik. Baditu gainera azpitituluak bost hizkuntzatan, tartean euskara batua eta gaztelania. Funtsean, 1983-1984 urteetan egindako soinu- eta irudi-grabazio batzuk dira atzera entzun eta ikus daitezkeenak. Hor ageri zaizkigu Primi Erostarbe pandero-jole eta irrin-tzilaria, Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga albokari entzute-tsuak, Asentsio eta Ramon Goikoetxea txalapartariak… Eta tartean bada soinu-tresna oso ezezagun bat ere: sunpriñua. Alegia, Nafarroako artzainek –eta beste toki batzuetakoek– egiten eta jotzen zuten tresna.

Juan Mari Beltranek, Etxarri-Aranatzen jaiotako gizona izanik, aditua zuen sunpriñuaren berri. «Umetan askotan egoten nintzen amaren herrian, Iribasen. Badakizu, Larraungo bailaran. Hamasei-hamazazpi urte nituela, hango festetan, anaia eta biok ari ginen txistu jotzen, eta ostatuan jotzen ari ginela, adineko lagun batzuek esan ziguten bazela soinu-tresna bat, sunpriñua, eta harekintxe jo ohi zen doinua kantatzen hasi ziren», esan dit.

Beltrani iltzatuta gelditu zitzaion informazio hura. Gero konturatu zen amaren izeba itsuak ere doinu hura bera kantatzen zuela. «Itsua zen, eta errezoan eta kantuan egoten zen. 'Durunbele' kantatzen zuen, garai batekoek sunpriñuarekin ibiltzen zuten doinua».

Gazterik hasi zen Juan Mari ikerketak egiten, eta hain zuzen ere sunpriñuari buruz publikatu zuen lehenbiziko artikulua, 'Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra' delakoan, 1978an. Izenburu hauxe zeukan lanak: 'Azal doinuak. Sunpriñu eta txulubite'.

Urte batzuk dituztenek gogoratuko dute beharbada zer zen txulubita edo txilibitua. Labanarekin lizar-makila joz, askatu egiten zen azala eta, putz eginez, txistu egiten zen. Edozein neska-mutikok egin zezakeen txilibitua; sunpriñua, berriz, artzainek egin ohi zuten.

Juan Mari 1970eko hamarkadan hasi zen datu batzuk biltzen. DVD honetan Irudi asko 1984koak dira; hor agertzen da Juan Bautista Lasarte sunpriñuari buruzko azalpenak ematen bere etxeko sukaldean, sukalde benetan deigarrian, lehengo garaietara garamatzana, ehun edo berrehun urte atzera.

J.M. Beltran J.B. Lasarterekin hizketan, 1984an, haren etxean.

Udaberriarekin batera, Iribaseko eta inguruko herrietako artzainek –Baraibar, Mugiro, Alli...– Aralarko goi-larreetara eramaten zituzten ardiak. Gizonak egunero igotzen ziren ardiak jeztera, eta egunero jaisten herrira esnearekin. Juan Bautista Lasartek «gazte-garaiko» kontuak esaten dizkio Juan Mari Beltrani: «Menditik etortzen ziren artzainak esnearekin eta sunpriñue joz. Lekutan-lekutan gelditzen ziren eta jotzen hasten. Gu, kanpora atera eta aditzen egoten ginen. Alegrantza handia ematen ziguten».

Baina nolakoa izaten zen tresna hau? Hurritzaren azalarekin egiten zen. Izerdia mugituta zegoela, eta ilgoran, askatu behar zen azala; beraz, behin maiatz erdialdeaz gero. Ia bi metroko makila aukeratzen zuten. Gero, labanarekin markatu egiten zuten azala nola ebaki. Espiral moduan ebakitzen zuten eta azkenean tira luze bat edukitzen zuten esku artean. Hurrengo pausoa izaten zen atzera biltzea, tutu edo kukurutxo-itxura emanez, hasieran estuago, gero zabalago.

Baina sunpriñuak, soinu egingo bazuen, pipitta edo bokilla behar zuen, eta hori ere hurritz-azalarekin egin ohi zen. Pipitta tutuaren hasieran ipintzen zen, eta artzainak putz egitean bibratu egiten zuen.

Sunpriñua egiteko hiru bat asteko epea izaten zen. Handik aurrera, makilari begiak ateratzen hasten zitzaizkion, eta azala ezin zen osorik askatu. Ez zuen asko irauten. Azalak, lehortuz gero, ez zuen jadanik balio; hortaz, artzainek uretan gordetzen zuten tresna, asketan edo erreka-putzuetan. Halaxe, sanferminak arte iraun zezakeen. Dena dela, izaten omen ziren joaldi batzuk baita urrian ere.

Eta zer jotzen ote zuten artzain haiek? Doinu nagusiari 'Durunbele' deitzen zitzaion, eta jotzaile bakoitzak bere gustura jotzen zuen: batzuek azkar eta txorrotxio asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak eginez. DVDn, hor ageri da Juan Bautista Lasarte 'Durunbele' hori kantatzen, hitz-jokoak eginez, horrelako zerbait: «Txurunbele, burunbele, bele-lere, lere-lere, lere-lere…».

Gerora, Beltranek jakin du Amezketa aldeko artzainek ere bazekitela sunpriñuak egiten. Normala: mendia harremanetarako tokia izan da beti. Pirinio osoan egin izan omen dira horrelako tresnak, eta baita Eskandinavian ere, baina urki-azala erabilita.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Makila zuritu eta soinua!