Borrar
Xabier Minaren erretratu hau egiazkotzat hartu izan da.
Xabier Mina, askatasunaren sinboloa

Xabier Mina, askatasunaren sinboloa

Orain dela berrehun urte hildako nafar gerrillariaren biografia egin du Kepa Larreak

felix ibargutxi

Martes, 3 de octubre 2017

Xabier Mina gerrillaria (1789, Otao–1817, Guanajuato) orain dela berrehun urte hil zen, Mexikon, 28 urte zituela, Borboi erregearen soldaduek fusilatuta. Orain haren lehenbiziko euskarazko biografia publikatu du Kepa Larrea Muxika unibertsitate-irakasleak: 'Mina edo libertatea'. Eta liburu horrekin batera, beste hau: 'Biba Mina! Kontuak eta kantuak'. Izan ere, gizon honi buruz asko publikatu zuten egunkariek, eta kopla eta abestiak ere ugari izan ziren.

«Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta harrapatuago neukan Minak. Zelan daukagu gizon hau hain ahantzita!», adierazi du Kepa Larreak liburuak aurkeztean, Donostiako Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan. EHUn, Hizkuntza eta Literaturaren Didaktikaren Sailean ari da lanean, eta baditu lehendik liburu batzuk argitaratuak, hala nola 'Itzalak harturik' (Juan Zelaia saiakera saria) eta 'Nola atera EGA euskara jakin gabe'.

Kepa Larrea, liburuaren aurkezpenean. SARA SANTOS

Bizitza laburra baina oparoa izan zuen Minak. Frantziako iraultzaren urtean jaio zen, 1789an, Nafarroako Otao herri euskaldunean –Iruñetik hamabost kilometrora, Alaitz mendiaren ipar magalean–. Nafarroan Napoleonen armadaren kontra egin zuen borroka, gerrillarien buru, harik eta 1810ean preso erori zen arte. Frantziako espetxeetatik irtendakoan, 1814an, Fernando VII.aren kontra altxatu zen, Iruñea askatu nahian. Frantzian berriro espetxeratu eta ihesi ibili ondoren, Ingalaterrara joan zen zen 1815ean. Han, Mexikoranzko espedizio baten buru bilakatu zen, independentziaren aldekoen matxinadari lagundu nahian. Veracruzetik hurbileko hondartzetan lurreratu zen, mexikar errepublika independientearen alde borrokatu zen zortzi hilabetez, errealistek harrapatu eta fusilatu zuten arte.

Ezpozen amarrua

«Espoz y Mina esan ohi du jendeak. Baina Espoz Xabier Minaren aginduetara ibili zen, Mina da pertsonaia interesgarria», esan du Kepa Larreak. «Francisco Espoz Ilundain, izatez, Xabier Minaren osaba zen. Ilobaren prestigioa eskuratu nahian, zer egin zuen? Haren abizena erantsi bere lehen abizenari. Eta gero Espoz bera izan zen Mina gehien kritikatu zuenetako bat».

Biografiaren egilearen esanetan, «Mina oso pertsonaia karismatikoa izan zen. Etsaien miresmena ere lortu zuen. Napoleonek Frantzian preso eduki zuenean, estatu-preso moduan tratatu zuten, Napoleonen kontrako jeneral frantsesekin batera eta Espainian atxilo hartutako jeneral espainiarrekin batera. Gerrillaria zen, baina militar profesionalek miretsi egiten zuten», dio Larreak.

Nolako ideologia zeukan? «Liberala zen, baina haren gaizki-esalerik handienak politikari liberalak izan ziren. Garbi dago errepublikazalea izan zela, askatasunaren aldekoa eta independentziaren aldekoa ere bai. Simon Bolivar eta Lafayette bezalako askatzaileen sailean sartu behar dugu. Espainiako historia zentripetotik ezin da ulertu horrelako gizon baten ibilbidea.

Bi liburuotako batean Minaren erretratua ageri da. Besteak ez bezala, hau egiazko erretratutzat hartu izan da. William Robinsonen 'Memoirs of the Mexican Revolution: including a narrative of the espedition of general Xavier Mina' liburuaren azalean agertu zen 1821eko Ingalaterrako edizioan, eta ordurako Mina hilik zegoen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Xabier Mina, askatasunaren sinboloa