

Secciones
Servicios
Destacamos
MIREN IMAZ
Sábado, 8 de noviembre 2014, 13:35
Idaztea ez da letrak juntatzea. Ondo idaztea ere ez da soilik hizkuntza idatzia akatsik egin gabe eta arau denak errespetatuz erabiltzea, pixka bat haraxeago iristea baizik. Baliteke baten batzuk berezkoa izatea dohain hori baina, trebatzea ere badagoenez, testu bat zuzentasunetik kalitatera jaso dezakeen puntu horren bila ehunka lagun gerturatu izan dira azken hamaika urteetan Bergarako Idazle Eskolara.
Hamabigarren edizioa oraintxe ari da abiatzen. Bergaran barrena egindako ibilbide literario batekin jarri zuten martxan urriaren 25ean. Bertan sortu edo bizi izandako hainbat idazleren testuak irakurriz korritu zituzten herriko kaleak, Jerardo Elorza gidari zutela. Ikasgelako lanak azaroaren bigarren asteburuarekin batera hasi dira, Tere Irastortza idazleak zuzentzen duen eskolak UNEDen eraikinean daukan egoitzan.
Eskaintza akademikoaren ardatz nagusia bi ikasturtez luzatzen diren gradu-ondoko ikasketak badira ere (Bergarako UNEDen titulu propioa da, Hezkuntza Sailak homologatua, Europan dagoen bakarretakoa), modulu espezializatuak ere eskaintzen dituzte, solte egin daitezkeenak eta iraupen desberdinekoak, ikasturtean zehar elkarren segidan etorriko direnak. Bi abian dira honezkero, Pako Aristiren esku dagoen 'Iritzi artikuluak idatzi' eta Tere Irastortzaren ardurapeko 'Poesia idatzi'. Hurrengo asteetan etorriko dira gainerakoak: 'Antzerkia idatzi', Xabi Lopezen eskutik; 'Ozenki irakurri' eta 'Gidoiak idatzi', Itziar Gomezen ardurapean biak; Tere Irastortzak zuzenduko dituen 'Emakume batzuk idatzitako literatura iraurtzen' eta 'Norbere testuak zuzentzen' eta, amaiera aldera, Edorta Jimenezek gidatuko dituen 'Ipuinak idatzi' eta 'Nobelak idatzi'. Horiei buruzko informazioa zein Idazle Eskolari buruzko azalpen orokorrak http://ieskola.asmoz.org web gunean daude eskura, eta izena ere bertan eman daiteke.
Normatibizaziotik askatu
2014-2015 ikasturtean bi eta zortzi aste bitarteko iraupena eta 30 eta 95 euro bitarteko matrikula izango duten modulu horietan landuko diren gaien aniztasunak azaltzen du ondo Idazle Eskolaren planteamenduaren zabaltasuna. Helburu nagusia edozein lanetan euskaraz idazteko gaitasuna bermatzea izanik, xede hori betetzeko metodologia propioa garatu du Idazle Eskolak. Zeren eta, izenak bestela iradoki balezake ere, Idazle Eskola ez baita idazketa literariora mugatzen; aitzitik, interes nagusietakoa da euskara oraindik ohikoa ez den alorretan erabilgarri egiteko baliabideak eskaintzea.
Azken urteetan ikasleen ezaugarri eta nahietan igarri dituzten aldaketek ere eragingo zuten planteamendu horretan, nabaria izan baita bilakaera. Tere Irastortza Idazle Eskolako zuzendariak gogoan ditu hasierako ikasleak: Aurreneko ikasleria 40 urtetik gorakoek osatzen zuten. Euskaltzaleak eta euskararen inguruko lanak zeuzkaten pertsonak ziren gehienak, euskara lanerako tresna bezala erabiltzen zutenak. Azken hiruzpalau ikasturteetan jende gazteagoa hasi zaie hurbiltzen, diziplina desberdinetako ikasketak amaitu eta masterra egitera datorkiena. Euskara alor desberdin askotara hedatu den heinean, alor desberdin askotako profesionalek dute hori zuzen ez ezik erosotasunez erabiltzeko beharra.
Jendarteak euskararekin duen harremanean izan den aldaketaren eragina antzematea ez da zaila. Jendea oso normatibizatuta datorkigu. Arauak ezagutzen dituzte, menderatuta daukate euskararen gramatika, alde horretatik ez dute behar berezirik, baina hizkuntzaren alde espresiboa landu nahi dute, hizkuntzaren erabilera ludiko eta askatzailaren bila datoz. Euskararen paradoxa ugarietako bat begien aurrean: alfabetatu gabeko euskaldun askok azken tantaraino ateratzen diote zukua hizkuntzaren gaitasun espresiboari, baina zuzen baino zuzenago idazten duten askok naturaltasun hori ematen duten faltan. Eta gabezia hori berdin nozitu daiteke poema bat edo narrazio bat sortzeko, nahiz laneko txosten bat edo iritzi artikulu bat idazteko. Hain zuzen ere, irakurlea oso aintzat hartzea da ekimenaren ezaugarri nagusietako bat; hizkuntza erabiltzea irakurlearengana iristeko, ahal dela haren gozamenerako, eta ez bakarrik euskarari dagokion espazioa emateko. Oso argi azaltzen dute aurkezpeneko testuan: Idazle Eskolak zuzentasun gramatikalaz haratago, hartzailearen ulergarritasun maila ere hartuko du kontutan. Honela, Idazle Eskolak Erretorikak bere sorreratik duen helburuari heltzen dio: hartzailea testuari atxikirik eusteko helburuarekin.
Idazleen eskutik
Bi ikasturteko ibilbide osoa burutuz nahiz, era zatikatuan, moduluka egin daiteke idatzizko komunikazio eraginkorrerako bide hori. Halere, idazleak dira beti gidari, irakasle finko gisara dihardutenak eta, Maisu Eskola delakoaren baitan, beren idazketa esperientziaren berri ematera hurbilduko zaizkienak. Ikasturte hasi berri honetan urtarriletik martxora eskainiko dira eskola berezi horiek. Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide eta Iñaki zubeldia izango dituzte ikasturte honetan 'maisu'.
Gradu-ondoko ikasleek zein modulu horretan izena eman dutenek aurrez aurre partekatuko dute goiza idazleekin, urrutiko hezkuntzari emandako erakunde baten egoitzan badago ere irakaskuntza presentzialari eusten baitio Idazle Eskolak. Tere Irastortzak ez du ukatzen plataforma birtual batera jauzi egiteak, une honetan, laguntzetan izan duten murrizketen ondorioz-eta diruz estu dabilen ekimenaren gaitasun ekonomikoa gainditzen duenik. Aurrez aurreko harremanari eustea eta hurbileko harreman mota hori lehenestea, haatik, ez da soilik diru kontua. Ezta nagusiki ere. Ikasle gutxi ditu Idazle Eskolak, pena alde batetik gure sostengu ia bakarra matrikulak direlako; abantaila izugarria bestetik, luxua, buruz buruko lana ahalbidetzen duelako. Asko lan egiten dugu elkarrekin, irakasleek ikasleekin, ikasleak beraien artean... Elkarren lanak zuzentzea, esate baterako, oso aberasgarria da. Askotan kontuak ez direnez 'zuzen edo oker', baizik eta arrazoituta azaldu behar diren ñabardurak, lan hori aurrez aurre egin behar da ia ezinbestean. Baliabide telematikoei esker hainbat lan modu semipresentzialean egiten dira, baina ezerk ez du harreman pertsonala ordezkatzen.
Sekulako etekina ateratzen die ordea Idazle Eskolak teknologia berriei, batez ere idazle berrien proiekzioari dagokionean. Bolada luze batean 'L. Luma berriek eleak' aldizkariak barreiatu zituen plazara azaltzen ari ziren idazleen lanak, baina paperezko beste hainbat argitalen bezala hura ere krisiak eragindako haize-bolada bortitzen baitek eraman zuen. Une honetan http://www.idazten.com/ web gunea da, besteak beste, Idazle Eskolak sorkuntzari eta gogoetari irekitzen dien leihoa. Denetariko materialak ditu: ikusteko, entzuteko, ikusteko... Izugarri ondo hornitutako biltegi irekia da idazten.com,eta Idazle Eskolak berak bezala zabal-zabalik ditu ateak.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.