

Secciones
Servicios
Destacamos
N. AZURMENDI
Sábado, 27 de enero 2007, 03:51
DONOSTIA. DV. Euskalgintzako alor gehientsuenetako ordezkari ugariren aurrean banatu zituen atzo Argia aldizkariak duela hemezortzi urte sortu zituen komunikazio sariak; aurkezle lanetan ibili zen Kike Amonarrizek azaldu zuenez, «euskarazko komunikazioaren munduan meritu handiko lana egin dutenei» ematen zaizkien sari «estimatu eta preziatuak».
Prentsa idatziaren alorrekoa Felix Ibargutxi DV-ko kazetariari esleitu diote aurten. Saria eskuratu zion Mikel Asurmendiren hitzetan «gure klasikoetako bat» den kazetaria Legazpin sortu zen 1956. urtean, eta Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen kazetaritza ikasketak. Nafarroan bertan egin zituen aurreneko lanak, Zeruko Argia aldizkarian eta Egin egunkarian eta, HABE aldizkariko koordinatzaile eta 1986tik 1992ra DV-ko Zabalik gehigarriko arduraduna izan ondoren, EL DIARIO VASCOn dihardu lanean. «Gaztelerazko informazioaren erdian» euskaraz aritzearen meritua azpimarratu zuen Asurmendik, «eguneroko aktualitatea jarraitzeaz gain harribitxiak aurkitzen» eta «informazio isila» lantzen. «Ilusioz eta pozez» hartu zuen saria Felix Ibargutxik. «Badut zor bat Argia aldizkariarekin -esan zuen-, zehatzago esanda ahizpa zaharragoarekin, Zeruko Argia-rekin. Hantxe publikatu nuen orain dela 30-31 urte nire lehendabiziko artikulua». Txema Larrea ere izan zuen gogoan: «Hark akuilatuta sartu nintzen euskararen arrastoan eta hasi nintzen euskal mundua ezagutzen, eta segi-segi eginda iritsi naiz honaino. Harengatik izan ez balitz, erderaz egingo nuen nik handik aurrera ibilbide periodistikoa seguru asko».
Urteak daramatza halaber kazetaritzaren inguruko lanetan irratigintzari emandako saria jaso duen Jojo Bidart baxenafartarrak. Besteak beste, Irulegiko Irratiko sortzaileetako bat izan zen duela 25 urte. Saria emateko orduan, erreferentetzat jo zuten, alor desberdinetan egiten dituen lanak azpimarratuz. Berak, berriz, «beste horrenbeste militantek egindako lana» izan zuen gogoan saria eskertzerakoan. Hedabide tradizionalen eremuko hirugarren saria, telebistan egindako lana aintzat hartzen duena, zalantza eta eztabaida handirik gabe erabaki zuten... «Oso zaila zen Wazemank-i ez ematea», esan zuen aurkezleak, eta «gure herri minkor honetan, edonor karikaturizatu arren, guztien barrea eragiten duen» saioari eman zioten.
'Eta zuek, zer?'
Publizitatearen alorreko saria emateko orduan, alor horretan euskarak duen presentzia urri eta ahula azpimarratu zuten aurkezleek. Eta euskararen inguruko kanpaina batek irabazi du, hain zuzen, aurtengoa: Oarsoaldeko Euskara Batzordeak euskararen transmisioa sendotzeko abiarazi duen Eta zeuk zer? kanpainak. Bikote euskaldunek seme-alabei eskaintzen dizkieten eredu kontraesankorrak nabarmentzen dituen kanpaina, mezu jakin hori bideratzeaz gain, euskararen inguruko komunikazio ekintzen inguruko hausnarketaren ondorio ere bada, eta testuinguru horretan kokatu zuen Joxe Luix Agirretxek Oarsoaldeko udalek, Euskara Batzordearen bitartez, bultzatu duten kanpaina saritua.
Internet saria aldizkariaren baitan duela hamar urte sortutako Sareko Argia-k esleitzen du, eta aurtengoa Ordiziako Jakintza ikastolako IKTeroak taldeak eskuratu du. Informazio eta Komunikazio Teknologiek irakaskuntzan eta hezkuntzan zuten garrantziaz eta horietan euskarak zuen presentzia urriaz jabeturik, blog bat (ikteroak.blogsome.com) sortu zuen ikastetxe horreetako irakasle talde batek 2005 urtean. Helburu bikoitza zuten: hezkuntza komunitateari baliagarri gertatuko zitzaizkion baliabideak bildu eta zabaldu, eta komunitate bat sortzen joan. «Sentsazio gazi-gozoz» jaso zuten saria, sentsazioaren alde gazia «komunitate zentzurik» ez ikusteari lotuz.
Merezimenduzko saria, berriz, AEKren eskutik orain dela 25 urte sortutako Aizu! aldizkariak jaso zuen, makina bat oztopo gaindituta euskaraz ikasten ari direnen mesedetan egindako lanagatik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.