Borrar
«Ez, ez da nire mutil-lagunaren ordenagailua». Aurreiritzien kontra, umorea.
Aurrera egin beharrean, atzera

Aurrera egin beharrean, atzera

Gogotsu heldu zieten emakumeek informatikari eta teknologia berriei, baita dimentsio profesionalean ere, baina azken urteetan modu nahiko harrigarrian ari dira aldatzen gauzak. Aurrera egin beharrean, atzera ari da egiten emakumeen presentzia gure eguneroko bizitza gero eta gehiago baldintzatzen duen alor horretan.

nerea azurmendi

Domingo, 8 de marzo 2015, 09:56

Steve Jobs (Apple), Bill Gates (Microsoft), Mark Zuckerberg (Facebook), Larry Page eta Sergey Brin (Google), Jack Dorsey (Twitter)... Jaun txit ospetsu eta dirudun horien guztien eta beste askoren izenari lotuta dauden produktu eta zerbitzuek gure bizitzaren zati gero eta handiagoa baldintzatzen dute; gauza hutsaletan zein garrantzitsuetan; horren jakitun garela edo oharkabean; berdin dio gizonezko izan, edo emakume.

Teknologia berrien izar mediatiko nagusien zerrendan, baina, ez dago emakumerik. Bigarren mailan bai. Facebook-en emakume bat da bigarrena Zuckerbergen atzetik, Sheryl Sandberg. Youtubek emakume bat du zuzendari nagusi, Susan Wojcicki (txutxu-mutxurako tartea: 2006an Youtube erosi zuen Google-eko Sergey Brin-en emazte ohi Anne Wojcickiren ahizpa da). Yahook ere emakumea du buruan, Google-i lapurtu zion Marissa Mayer. Edonola ere, sektoreko aditua izan ezean, dezente ibili behar da Google-en eta Yahoon, edo emakume editore bila dabilen Wikipedian, IKTen dama horien izenak ezagutzeko, aipatutako gizonezkoenak futbolarienak bezain egunerokoak ditugun artean.

Wikimedia Fundazioak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko prestatu duen ekimena oso adierazgarria da (euskarazkoan ez da gehiegi nabarmendu), egoeraren deskribapenerako zein horren ondorioak oroitarazteko balio duelako. Hamar editoretik bakar bat (kalkulu baikorretanm bi) emakume izateak, alegia, eragin zuzena du edukietan, eta horrek "aniztasuna murrizten du. Hori dela eta, tradizionalki emakumearekin zerikusia izan duten edukiak garapen txikia izaten dute, eta ikuspegi sexista ere badute artikuluren batzuek". Milioika pertsonentzat informazio iturri nagusietakoa bilakatu den Wikipediaren tripetan ibili ondoren egin duten ikerketa batek (hemen dago artikulua, ingelesez), erakutsi du badagoela genero arrailaren kontura kezkatzeko arrazoirik. Beste datu-base batzuekin alderatuta, emakumeen presentziari dagokionez nahiko ondo gainditzen du proba Wikipediak. Besterik espero zuten ikerlarien harridurarako, emakumezkoei buruzko erreferentziak, gizonekoei egindakoak baino askoz ere gutxiago izan arren, gainerako datu-baseetan baino %15 gehiago dira. Alde kualitatibotik bestelakoak dira gauzak, eta azterketa findu ahala zabaldu egiten da arraila. Gizonezkoak protagonista dituzten sarreren %1ean baino ez dira azaltzen generoari buruzko aipamenak. Protagonista emakumea denean, kopurua %30era igotzen da.

Baina ez da horren urruti joan behar teknologia berrien alorrean emakumearen rol nagusia erabiltzailearena dela ikusteko, ez sortzailearena, eragilearena edo kudeatzailearena. Eskalafoiko goi-goiko mailetara ez dago zertan iritsi, han goian jarduera-esparru guztietan berdintsua den emakume-eskasia baitago: urterik onenetan, eta azken hauek ez dira horietakoak, Europan %25era heldu da batez beste maila altueneko zuzendaritza-taldeetan zeuden emakumeen portzentajea. Kopuru orokor horren bueltan dabil IKTen alorrean ere.

Behe-behetik hasita antzematen da gezurra badirudi ere gero eta larriagoa den arazoa: informatika fakultateetan emakume gutxi dago eta, ondorioz, emakume gutxi iristen dira eremu profesionalera. Hortik abiatuta ondorio-kate luzea osa daiteke: emakume faltak dakar, besteak beste, emakumeen ikuspegia aintzat hartu gabe garatzea gero emakumeek erosi eta erabiliko dituzten produktu eta zerbitzuak. Hori kasurik onenenean. Okerrenean, ezagunak dira zoritxarrez teknologia berriek ahalbidetu dituzten eremuetan eredu eta portaera sexistak betikotzeak eragiten dituen arazoak. Azken batean, garai berrietakoa zirudien alorra garai zaharretakoen atzetik ari da gelditzen emakumearen presentziari dagokionez.

Gainbehera Euskal Herrian

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatea fenomeno horren isla zuzena da. Azken bi hamarkadatan Informatika Ingeniari bilakatuta irteten dira fakultatetik ikasleak; informatikari izatetik informatika ingeniari izatera igaro zen aurreneko promozioko ikasle izan zen Edurne Larraza doktorea. Konputagailuen Egitura, eta Robotika eta Kontrol Adimendunak ikasgaiak irakasten ditu gaur egun fakultatean, eta E-makumeak taldeko kidea da. Neskak informatikara eta, zehazki, informatika fakultatera erakarri nahi dituen egitasmoa da E-makumeak. Kepa Sarasola dekanoa (dekanotza taldeko gizonezko bakarra) ere bada taldeko kide, emakume falta ez baita inondik ere emakumeen arazo partikularra. Une honetan, hala eta guztiz ere, emakumeek presentzia handia dute Ibaetako campuseko fakultate beteranoan: irakasle eta ikerlarien %40 baino gehiago emakumeak dira, eta ardura handiko zereginak dituzte.

Garai bateko lorpenen fruitu dira, baina, gizonezko eta emakumezkoen arteko berdintasunera horrenbeste hurbiltzen diren datuak, aspalditxo hasi baitziren neskak Informatika Fakultateko ikasgeletatik urruntzen. UPV/EHUn, lehen zikloko ikasketa denak barne hartuta, 50/50 daude emakumeak eta gizonezkoak. Karrera teknikoetan, ingeniaritzatan eta arkitekturan kasu, ozta-ozta heltzen da %30era, eta ez dirudi horri goraka eragiteko modurik dagoenik. Behera ere ez du egin, beti ibili baita herenaren azpitik.

Informatikan askoz ere ilunagoa da panorama, nekez iristen baita %20ra emakume ikasleen kopurua. Sekulako gainbehera, beste herrialde batzuetan gertatu denaren parekoa betiere, kontuan hartzen bada lizentziaturaren aurreneko urteetan, iragan mendeko 80ko hamarkadan, ikasleen erdia baino gehiago zirela neskak.

Edurne Larrazak uste du faktore askok eragiten dutela bilakaera kezkagarri horretan. Arazoa, edonola ere, ez da bakarrik emakumeen presentziaren ingurukoa, enplegagarritasun handia eta, UPV/EHUko fakultatearen kasuan, goi mailako irakasle taldea bermatu arren, gero eta gehiago kostatzen baita neska-mutil gazteei informatika ikasketetara erakartzea.

Estereotipo kaltegarria

Edurne Larrazaren ustez arazo nagusietakoa da lehen hezkuntzan dagoen hutsune handia, teknologiaren eta informatikaren erabilera ikasten baitzaie bakarrik ikasleei. Gaur egun haurrak makinatxo batekin jaiotzen dira, segituan ikasten dute era guztietako gailuak erabiltzen, eta uste dute hori dela informatika, inork baino gehiago dakitela, ez daukatela beste ezer ikasi beharrik.

Baina informatika ez da hori. Informatikari buruzko uste ustel asko badago ere, arazoak ebaztea da funtsean informatika, nahiz eta "ez diren horrekin konturatzen. Fakultatera iristen direnean, matematiken inguruko eskakizun maila zein altua den ikustea ere sorpresa izaten da askorentzat, neska edo mutil izan. Eta alor horretako gaitasunari dagokionez, PISA azterketak-eta besterik esan badute ere, ez dago diferentzia handirik nesken eta mutilen artean. Dauden neskak oso indartsuak dira matematiketan, eta oso aktiboak fakultateko gauza guztietan, azaldu du Larrazak.

Bada, hala ere, nesken kasuan gainerako faktoreei gailentzen zaien fakore bat: estereotipoen eragin kaltegarria. Estereotipo jakin batena, 'geek'-arena, 'friki'-arena, egunak eta gauak zikinkeriak jaten eta edaten ordenagailuaren aurrean pasatzen dituen izaki disfuntzionalarena. "Fakultatera etortzen direnean, ikastera edo batxilergoko ikasleei zuzentzen dizkiegun aktibitateetan parte hartzera, harritu egiten dira ikustean aurreiritzi horrek ez daukala zerikusirik errealitatearekin, informatika ez dela hori, telebistak erakusten diena fikzioa dela", dio Edurne Larrazak. Hala eta guztiz ere, ikasgeletan, enpresetan eta informatikaren alderdi ludikoenetan ('encounter' eta estiko horretako topaketetan, adibidez) errealitatea ez da fikzioa baino atseginagoa. Ez, behintzat, emakumeen presentziari dagokionez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aurrera egin beharrean, atzera