Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
USOZ
Diskurso eta galdera zahar-berriak euskararen inguruan

Diskurso eta galdera zahar-berriak euskararen inguruan

‘Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian' jardunaldia egingo da Iruñean ostegunean eta ostiralean, UEUk eta Jakin Fundazioak antolatuta

n.a.

Miércoles, 24 de junio 2015, 14:06

Bide berriak ari da arakatzen azkenaldian euskararen inguruko hausnarketa; besteak beste, Katalunia eta Eskoziako burujabetza prozesuen eraginez, estatugintza eta naziogintzan euskarak duen edo izan lezaken rolaren ingurukoa. Gogoeta-bide horrek sortu duen interesaren neurria eman du ostegun eta ostiral honetan Iruñean, Jakin Fundazioaren eta UEUren eskutik, egitekoa den Herria, nazioa, estatua... eta euskararekin zer? ikastaroak izan duen arrakastak. Izena emateko epea ireki eta berehala bete ziren plazak, eta 140 lagunek jarraituko dituzte Katakrak liburudendan eskainiko diren hitzaldiak eta egingo diren bi mahai inguruak.

Euskalgintzaren eta herrigintzaren etorkizunari begira funtsezkoak diren galderak mahairatuko dira, erantzun eta iradokizun zain, bi egunez. "Galdera zahar-berriak", jardunaldia aurkezteko zahaldu duten oharrak dioenez: zertaz ari gara euskal estatuaz ari garenean? Naziogintza eta estatugintza euskaratik igaro behar al dira? Euskara eta abertzaletasuna apaldu beharrean al daude independentziaren alde egingo duen subjektu politiko zabal bat eratzeko? Hala balitz, abertzaletasuna eta euskara binomio klasikoa bukatu dela esan liteke? Euskarak zer leku behar duen izan burujabetza politikoaren prozesuan, edozein dela prozesu horren forma eta eskuduntza maila? Nola berritu behar du euskarak eta euskaltasunak bere iruditeria kolektiboa gero eta hegemonikoago izan dadin?

Hamairu lagunen proposamenak entzuteko aukera izango dute bertaratuek. Sarrera hitzaldi nagusia Joxe Azurmendi EHUKo filosofia katedradun eta saiakeragileak emango du. Ondoren, hizlari edota egingo diren bi mahai inguruetako parte-hartzaile bezala, Alaitz Aizpuru, Mario Zubiaga, Koldo Izagirre, Xan Aire, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba, Joxe Manuel Odriozola, Eduardo Apodaka, Gaizka Aranguren, Idurre Eskisabel, Andoni Olariaga eta Iñaki Martinez de Luna ariko dira.

Nondik gatoz? eta non gaude? Galderei erantzuntea egokitu zaie osteguneko hizlariei. Ostiralean, berriz, aurrera begiratzea izango dute langintza, Euskararen iruditeria eta diskurtsoa berritzen. Euskal munduaren bersormena, baitute gai, Jardunaldia Metrokoadroka kolektiboko kide Oier Guillan eta Amaia Corralen irakurketa dramatizatuarekin amaituko da, bazkalaurrean.

'Jakin'-en ale ia monografikoa

Lankidetzan antolatutako jardunaldiaren atarian 'Jakin' aldizkariaren ale ia monografikoa heldu da, 208 zenbakia daramana, Iruñeko saioetan egon gabe eztabaida zertan den jakin nahi duenarentzat ia ezinbestekoa. Alaitz Aizpuru, Haritz Garmendia, Koldo Izagirre, Unai Apaolaza, Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Eduardo Apodaka eta Idurre Eskisabelen artikuluak biltzen ditu, aldizkariaren zuzendaritza orain urtebete hartu zuen Lorea Agirrek jarri dizkiela atariko hitza.

Aldizkariaren zuzendaritza duela urtebete hartu zuen Lorea Agirrek alea aurkezten duen testuan dioen bezala, "galdera berriak agertu dira, berriak edo berrituak, edo, zaharrak, baino inoiz baino gardenago formulatuak. Ahots eta iritzi interesgarri eta kontrajarrirekin bete zaigu plaza azkenaldian".

Galderak bezala, gaiaren inguruko eztabaidaren ildo nagusiak ere ezagunak dira, erantzunak desberdinak -garaira egokituak alegia- badira ere. Galderak potoloak dira, eta tentsioak, kezkak eta dilemak ere pisutsuak, "euskaltzale eta abertzale binomioan sinesten dutenengan bezala, hizkuntza eta kulturaren prozesuarentzat autonomia eskatzen dutenengan ere", Agirreren hitzak erabilita.

Aldizkariaren bitartez paperera eraman den eztabaidara bildu diren zortzi ahotsen artean ere badute isla ikuspegi horiek. Joxe Manuel Odriozolak, esate baterako, euskaren lekua erdigunean ikusten du: "Euskal estatuaren formulazioan abertzaletasunaren aldera guztiak dabiltza oker euskara borrokaren erdigunetik periferiara baztertuta (...) Herri eta nazio gisa Euskal Herriaren baliorik behinena euskalduntzasunean datza. Estatu bat behar du gure herriak beste modu batera garatu eta eutsi ezin dion euskalduntasun hori sustatu, biziberritu eta gauzatzeko". Euskararen normalizazioa Estatuak bakarrik ekar lezakeela uste du halaber Unai Apaolazak. Apaolazak, ordea, abertzaletasuna eta euskalgintza banatzea beharrezkoa dela dio: "Estrategia abertzaleak ezin dio euskarari normalizazioa eman, eta, alderantziz, euskarak ezin dio abertzaletasunari ezin dio estatua lortzeko indarra izan zukeen adina independentismorik artikulatu. Ezkontza horrek euskarari abertzaletasunaren mugak jarri baitizkio, eta abertzaletasunari euskararenak". Ondorioa da euskalgintzak abertzale izateari utzi behar diola, eta estatua eskatzen hasi.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Diskurso eta galdera zahar-berriak euskararen inguruan