Borrar
Eñaut Etxamendi joan den astelehenean Sarako Idazleen Biltzarrean. Omendua izan zen bertan. :: ARIZMENDI
«Kantuaren bitartez baino ez dira ateratzen Iparraldean emozioak»
IGANDEKO HITZORDUA

«Kantuaren bitartez baino ez dira ateratzen Iparraldean emozioak»

'Enkantamendu bat, amets hutsa' da beretzat azken urteetan Iparraldean ikusi duen aldaketa. Eñaut Etxamendi Askotariko eragile eta sortzailea

NEREA AZURMENDI

Domingo, 11 de abril 2010, 05:12

Mende erdiaren bueltan eta hortik gora dabiltzanek, Allande Larralderekin batera ezagutu zuten Eñaut Etxamendi plazaz plaza, 'iup lala' bilakatutako 'In nomine patris' abestian Carrero Blancoren azken hegaldia gogoratuz edo Joseba Elosegiri miresmena, abestia eta diskoa eskainiz. 1935ean Nafarroa Behereko Ezterenzubin jaiotako kantaria mututu zenean, isildu egin zen haren oihartzuna Hegoaldean; ez haatik Iparraldean, bertan jarraitu baitu nekaezin lanean, irakasten, ikasten, iratzartzen, idazten, bazterrak inarrosten... Egiazko erretiroa hartu berritan, omenaldien garaia heldu zaio. Eta, Maiatz argitaletxearen eskutik, bere bizitzan zehar idatzi duen oro bildu eta berreskuratzeko unea.

-Horrenbeste lan eta arduratan ibili zarenez, ez dakit zer jarri zure izenaren ondoan.

-Profesionalki izan naiz irakaslea eta nekazaria, negutegiekin nekazari eta irakasle Donapaleun laborantzako lizeo batean. Publikoak ezagutu nau kantagintzan. Idazlanetan, irakurlegoa txikiagoa zenez, ez naiz hainbeste ezagutua izan. Maiatzeko Luzien Etxezaharretak egin duen lan handiaren bidetik hasi dira idazle bezala ezagutzen, baina idazle ttipi bat naiz.

-Bere osotasunean hartua izateko hainbat liburuki behar dituen obra zabalekoa, haatik. Noiz hasi zinen idazten?

-Osaba bat Ameriketan banuen eta, amak lagundurik, hari idatzi nion lehenbiziko gutuna euskaraz. Gero, hamabi-hamahiru urte nituelarik, idatzi nuen ipuin bat kontatuz etxean nola pasatzen zen urde hiltzea. Ukan nuen sari txiki bat, liburu bat, eta horrek markatu ninduen, gelditu zitzaidan gogoa euskaraz noizbait idazteko. Dena den, hasi nintzen irakasle lanetan, sortu nuen nekazari etxe ttipi bat eta ibiltzen nintzen beti lanez itota. Bi profesio batean eramateak oso nekatzen du, ezen burua behar duzu ukan bai batean eta bai bestean. Oso denbora gutxi neukan, eta aste hondarretan hitza emana neukan kantatzera joateko. Beraz, beti ebaska eta presaka idatzi izan dut. Ez dut uste benetako obra luze eta sakona osatu dudanik.

-Irakasle, laborari, herrigintzan engaiatu, kantari, idazle... Askotariko eginkizunak, baina denak hari berari lotuak. Hobe esateko, une jakin bati lotuak. Zein izan zen une hori eta zer eragin zizun?

-Hamar urte kanpoan ibili ondoren, besteak beste Afrikan, 1963an itzuli nintzen Euskal Herrira, irakasle hasteko, eta shock izugarria izan zen, ikusten nuelarik zer mundutan zeuden nire familia eta nire lagunak oro. Mutilak joaten ziren Kaliforniara eta neskak Parisera. Orduan murgildu nintzen Iparraldeko mundu honetako arazoetan, izugarrizkoak baitziren denbora hartan. Alde horretatik, gauza askotan ibili naizen arren, nire bizitza izan da monolitikoa, eta lan horiek denak iturri beretik etorri ziren, ideia beretik sortuak dira: jendea iratzar arazi gure gizartean.

-Zer ikusi zenuen bada horrenbesteko zartakoa jasotzeko?

-Nire estudioetan, eta Afrikan nekazari perito bezala egindako lanean, atxiki nuen edozein gizarte edo errekara botatzen ahal zela edo promozionatzen ahal zela. Afrikan bagenuen lanerako Frantziaren laguntza, baina hemen ikusi nuen ezer ez zela, bazterrak oro tristeki zeudela. Kulturgintza, berriz, izugarri behera joanda ikusten genuen. Bazirudien Etxahun-Iruri zela azkena pastoralak euskaraz idazten. Berak ere esana zuen 'Sud-Ouest' izparringiak egindako elkarrizketa batean. Bertsolaririk ez zen gehiago entzuten, ez zen euskal musikarik festetan. Nire ametsetarik bat zen mutil eta neskak dantzan ikustea euskal musikaz lagundurik. Eta lehen aldiz ikusi nituenean lotuta dantzan Lourdes Iriondoren abesti batekin, niretzat hori izan zen Napoleonek Austerlitzeko bataila irabazi zuenean baino handiagoa...

- Abagune zail horretan, zer eskaini zizun berezia kantagintzak?

- Familian beti abesten zen asko. Amak bazituen koadernoak-eta bete-beteta, abestiak bilduta ezker eta eskuin. Gure emozioak eta sentimenduak, gainera, Iparraldean kantuaren bidez baino ez dira ateratzen... Apaizek ere ondo zekiten hori! Ni, Euskal Herrira itzulitakoan, hasi nintzen irakasle. Gazteek formazio primarioa erdaraz ukana zuten, oso gutxi eta oso txarra; ez zekiten hitz egiten ondo ez euskaraz ez frantsesez. Hura ikustean izugarrizko itzulipurdikoa jaso nuen nire gogoan, eta horrela hasi nintzen abestiak egiten, autoterapia bezala. Kantaldirik-eta ez zen oraino, ez nuen amesten ere sekulan publikoaren eta mikroaren aitzin kantuz aritzea.

-Eta Ez Dok Amairuk eman zizun horretarako aukera.

-Bazen gipuzkoar familiako andere bat, Ana Intxausti, eta hark muntatu zituen hemen Ez Dok Amairuren lehenbiziko kantaldiak. Horrela hasi ginen bai publikoan kantatzen, Ez Dok Amairurekin batera. Bakarrik ez ginen ausartuko, eta genuke jakingo nola. Orduan ikusi nuen profesionalki eskolak ematen, bulgarizario teknikoan eta garapen ekonomikoari buruz egiten nuen lana beste modu batera egiteko suertea agertzen zela. Kantuz hasi baino lehen ibiltzen ginen herriz herri hizlari orduko egoera sozialari buruz, eta uste zuten anarkista batzuk ginela, gaizki mintzatzen ginela... Kantuz hastearekin, publikoak errazago onartzen zuen erraten genuena, baina laidoak ere entzuten genituen publikotik, jendeak ukatu egiten baitzuen geuk salatu nahi genuen egoera; nahiago zuten ez jakitea, ez zuten ulertu nahi izorrabidean zela gizartea. Eta guk ere, egia errateko, ez genuen beti asmatzen gauzak azaltzeko moduan. Hori guztia ikusia, urrats beretik heldu zen eskolan egiten nuena, nekazaritzan egin nahi nuena, kantuz egiten nuena eta idatziz ere egiten nuena.

-Bide luzea egin duzu deskribatu duzun argazki ilun hura ikusi zenuenetik. Nola ikusten duzu gaur egun Iparraldea?

-Esan dezaket, laburbiltzeko, niretzat dela duela 50 urteko udako amets bat errealitate zoragarri bilakatua; enkantamendu bat dela amets hutsa zen hori egun zer den ikustea. Pentsatzea hasieran oso ezjakinak ziren nire ikasleak direla orain 40-50 urteko nekazari formatuak, badakitenak organizatzen sindikal munduan... Frantziako Administraziok zakurkeriak egiten jarraitzen du, gurekin zakurki jokatu delako beti, baina jende horiek tribunaletan sartzen dituzte, beraien tribulanetan, eta irabazi! Hori esan balidate orain 40 urte ez nuen sinetsiko, baina ari da gertatzen. Ezin da pentsatu inondik ere lana burutua dela, asko da oraindik egiteko eta, gainera, belaunaldi bakoitzak uste du berarekin hasten dela mundua, baina objektibitate pixka batekin aztertzen bada, sekulako aldaketak egin dira maila guztietan. Hori bistan da, eta bistan da halaber horretan asko lagundu digula Hegoaldeak. Gai honi buruz batzuek beti salda mindua atzematen dute, baina Hegoaldeko laguntza gotorra izan da.

-Besteen beharrak horren presente izan dituzun horrek, nola hartu dituzu azkenaldiko omenaldiak?

-Ez ditut hartzen neuri pertsonalki eginak bezala. Bistan dena, ostiko bat baino nahiago dut honelako abaguneak ikusi, baina euskarari buruzkoetan sartu nauen munduarentzat dut zorion. Eta mundu hori da nekazaritza, partikularki mendiko nekazariak, ahal duten moduan, deabruarekin borrokan, mendi zokoetan bizi diren jende ttipi horiek. Jende horietatik etorri zait euskararen eta kulturaren hazia, jende horrentzat dedikatu dut nire bizia, eta jende hori eta horien hizkuntza ikusten dut zoriondua gertatu diren ospakizun eta omenaldietan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kantuaren bitartez baino ez dira ateratzen Iparraldean emozioak»