

Secciones
Servicios
Destacamos
FELIX IBARGUTXI
Lunes, 12 de julio 2010, 04:21
Nola kontatu ditu euskal literaturak lesbianen arteko harremanak? Nolakoak dira gay pertsonaiak euskal eleberritan? Existitzen al da gay literatura?Horrelako gaiak ukitzen ditu 'Desira desordenatuak' liburuak. Bertara hamalau lagunen gogoetak bildu dira, batzuk idazleak, besteak literatur kritikariak.
Liburuaren azpititulua argigarria da: 'Queer irakurketak (euskal) literaturaz'. Koordinatzaile Ibon Egaña literatur kritikari eta irakaslea aritu da.
Hasiera aldera, Angel Errok nafar olerkariak gay poesiaren halako antologia bat egiten du, Greziako klasikoetatik hasita Juanjo Olasagarrerenganaino, tartean autore asko aipatuz, hala nola Paolo Pasolini, Walt Whitman eta Konstantino Kavafis.
Ondoren, Rikardo Arregi Diaz de Heredia arabar poetak 2001.eko hitzaldi bateko testua eskaintzen du berriz ere, baina geroagoko zenbait osagarrirekin, hala nola Irati Jimenezen 2006ko 'Bat, bi, Manchester' eleberriari buruzko gogoeta batzuk. Rikardo Arregiren susmoa da 2001az geroztik «marika eta lesbiana gehiago agertzen direla euskal literaturan».
Gay jendea agertzen den lehenbiziko euskal narrazioa, Karlos Santistebanen 'Uda baten amodio zoroa' (1986) gogoratzen du Rikardo Arregik. «Ez da oso liburu gogoangarria ene ustez», dio Arregik, eta eransten du «ohi bezala» gay jendearen istorio honek bukaera zoritxarrekoa duela.
Arregik badu konstatazio bitxirik ere: «Gauza pare bat esan daiteke ugaritasun berri horri buruz. Ia-ia nobela guzti horietan gay bat agertzen da. Bat. Ez bi, ez hiru, ez talde handi, ez txiki. Bat. Zer egingo du gay horrek nobela horretan betiko bizitzera kondenaturik? Aspertu, seguru asko. Pertsonaia bakar horien agerpenak batzuetan ez du zentzu handirik».
Segidan datorren Mikel Ayerberen artikulutik, berriz, esaldi hau azpimarra daiteke: «Juanjo Olasagarreren 'Ezinezko maletak' (Susa, 2004), nire ustez Euskal Herriko gay jakin eta zehatz baten problematika sakonkien jorra-tzen duen liburua iruditzen zaidala aitortu behar dut».
Itxaro Bordaren nobelagintza ere aztergai da liburuan, batik bat 'Jalgi hadi plazara'. Iratxe Retolazak era honetara hasten du bere artikulua: «Euskal idazleen artean bada ibilbide literario osoa begirada lesbiarren presentziaz zeharkatu duen sortzaile bat, Itxaro Borda, alegia. Joseba Gabilondo literatur kritikariak aztertu du Itxaro Bordaren nobelagin-tza identitate lesbiar horren ikuspegitik».
Bordaren lehen nobelan bertan ('Basilika', 1984), pertsonaia nagusietako batek jada begirada erotikoa agertzen du beste emakume batekiko. Eta gero, Bordak Amaia Ezpeldoi detektibe zuberotarra sortzen duenean, orduan ere etengabe azalduko da osagai lesbikoa.
Juanjo Olasagarrek, aldiz, Daniel Landarten 'Batita Haundia' aukeratu du aztertzeko. Gainera, badira testigantza tankerako hiru idazlan, Monique Wittig, Iñigo Lamarca eta Itxaro Bordarenak. Jakina denez, egungo Arartekoa, Iñigo Lamarca, 'Gay nauzu' idatzi zuen, oihartzun handiko obra autobiografikoa. Itxaro Bordaren artikulua bereziki interesgarria da, batetik euskal literaturako obra asko komentatzen duelako, bestetik bere obren irakurketarako pista ugari ematen duelako.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Horarios, consejos y precauciones necesarias para ver el eclipse del sábado
El Norte de Castilla
Multas por las gallinas 'sin papeles'
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.