Borrar
BAI HORIXE

Liburu berria

Esan behar da oso gutxik bezala ezagutzen zuela euskal literatura, bere garaikoa edo aurrekoa bederen

RUFINO IRAOLA

Jueves, 21 de octubre 2010, 04:49

Datorren asteazkenean, liburu berri baten aurkezpena izango da herrian. Ez dago gaizki. Ez dago gaizki -diot-, izan ere oraindik hamaika hilabete bakarrik dira beste liburu baten aurkezpena izan zela gure artean. Orduan, Patxi Iraolaren 'Naizen apurra' izan genuen hizpide. Arrakasta ona izan du, gainera; bidenabar esanda. Oraingoan 'Jose Garmendia agerian' dugu esku artean. Niri, berriz, bietan ere «saltsan» izatea egokitu. Hori bai, Aranzadi Elkarteko Joxalberto Andresen eskuak eta buruak ez naute gutxi babestu oraingoan, eta zer besterik dagokit, adiskide ordiziarrari eskerrak ematea baino?

Inor ez omen da profeta bere herrian, eta Jose Garmendia beste inor baino gutxiago. Aitzakia, edo arrazoia, izan daiteke haren euskarazko produkzioa urria izatea, baina esan behar da oso gutxik bezala ezagutzen zuela euskal literatura, bere garaikoa edo aurrekoa bederen. Oso erraza da hori frogatzea; aski da egiten dituen aipuei erreparatzea, horretaz konturatzeko. Dudarik gabe, liburu honetatik irakurleak aterako duen ondorioetako bat hori izango da: euskaraz gutxi idatzi bazuen ere, asko irakurri zuela. Adibidez, Iztuetaren euskararen gaineko eztabaidan ederki ikusten da hori: aldeko eta kontrakoen argudio guztiak ezagutzen ditu, eta eztabaida horretan jardun zutenen izenak ere badakartza: Bonaparte, Aita Uriarte, Mitxelena, Villasante, Aita Zavala, Karmelo Etxegarai, etab.

Esan dugun bezala, Garmendiak testurik gehienak erdaraz idatzi zituen, baina beti Euskal Herriko eta euskal gaiak jorratu zituen. Jakina, horretarako, herrian ikasitako euskara eta horrek ematen zion sena ondo baino hobeto etorri zitzaizkion ikerketan aritzeko; asko lagundu zioten, adibidez, Iztueta eta Jauregirengana -'Galbariko bidea'ren egilea- hurbiltzeko. Izugarria da, ohartuko bagina, nola sentitzen zituen, adibidez, Iztueta eta Jauregiren lirismoa. Euskaraz jakin ez balu ez zuen horrelakorik lortuko. Beraz, nire uste apalean, erabat justifikaturik dago Garmendiaren lanak euskaraz ematea.

Azkenerako utzi badugu ere, eskerrak eta zorionak eman behar dizkiogu Ardiki Kultur Elkarteari; lehenik, garai honetan horrelako abentura batean abiatzeko ausardia izan dutelako eta, batez ere, asmoa errealitate bihurtu dutelako. Eta, nola ez, eskerrak eman behar zaizkio Jose Garmendiaren familiari ere, haren paperak esku onetan uzten jakin zuelako.

Inork merezi izatekotan, Jose Garmendiak merezi zuen horrelako omenaldi bat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Liburu berria