Borrar
Urgente Las diez noticias clave de la jornada
Leitzan lasto eta trapukin egindako Orantzaroaren emakumezko manikia, leihoan edo balkoian jartzeko.
Orantzaroa, emakumea zenean Leitzan
LEITZA

Orantzaroa, emakumea zenean Leitzan

Egun berezia biziko dute Leitzako haurrek ere gaur. Baserritarrez jantzita kalez kale ibiliko dira goizetik kantari, baina euren ahotan Kultur taldekoek berreskuratu duten abestia entzungo da

ELISA BELAUNTZARAN

Viernes, 24 de diciembre 2010, 09:24

Egun berezia biziko dute Leitzako haurrek ere gaur. Baserritarrez jantzita kalez kale ibiliko dira goizetik kantari, baina euren ahotan Kultur taldekoek berreskuratu duten abestia entzungo da. Kanta horrek dioenez: Orantzaro buruhaundie, Entendimentuz jan-tzie, Baztar etxera eraman dute bost liberako zagie, Attuna tripaundie, Trapatatapa-trapatatapa. Attuna tripaundie,Trapatatapa-trapatatapa.

Horrela dio Leitzako baserri eta etxeetan jasotako abesti zaharrak. Kanta honek baditu hainbat ñabardura umeak eskolan ikasten duten abestiatik, baina leitzarrek berreskuratu eta gero, euren txikiei erakutsi nahi izan diete, galdu ez dadin. Fernando Oiartzun eta Juan Mari Barriola, kultur taldeko kideak Orantzaroaren inguruko informazio biltzen ibili dira azken boladan, gerra aurretik bizi ziren 'ume haiekin'. Ordu asko eman omen dituzte 95-85 urte inguruko leitzarrekin eta gustora daude lortu duten informazioarekin, «oso berezia baita».

Garbi dute orain beraiek ikasi dutenez ez dutela 'deskubritu'. «Bere garaian Aita Barandiaranek edo Caro Barojak, etnologo garrantzitsuenek, eginak baitute 'Orantzaroaren' inguruko aipamenaren bat. Esaterako Aita Barandiarenek zioenez «euskaldunok hortxe ditugu hainbat pertsonai mitologiko, eta horietako bat Orantzaroa. Lezoko Isasti historialariaren arabera, XVII. Mendean 'onenzaro' izenak Eguberria esan nahi omen zuen, eta hitzak «sazón de los buenos» esanahia luke. Hitzak aldaera asko ditu: Olentzaro Orexan, Lesakan eta Arakillen; Olentzero Beran, Irunen, Oiartzunen eta Donostian; Orentzaro Zarautzen; Onentzaro Andoainen; Orantzaro Berastegin eta Larraunen. Izena eta horren tradizioa, beraz, kostalden, Beterrin eta Nafarroako zati baten baino ez da ageri, eta zalantzarik ez dagoena zera da; Olentzaro aro bat dela. Leitzan, lasto eta trapuekin egindako manikia da, leihoan edo balkoben patzen dutena, bertakoen esanen arabera Orantzaroa irudika-tzeko».

Emakume jantziarekin

Leitzako 'Orantzaroa' irudia prestatzeko unea garrantzitsua omen zen leitzarrentzat. Horrela jaso dute herriko adin nagusiko lagunetatik kultur kideek. «Ospakizun garrantzitsu bat bezala gorde dute. Dirudienez, familiko kide guztiak biltzen ziren, aurrena basotik edo menditik enborra ekartzeko eta gero, Oranztaroaren irudia egiteko. Guztiek esaten dute Orantzaro gauean apari berezia egiten zela etxeetan gainera. Bakoitzak ahal zuena egien zuen baina egun horretarako zerbait berezia, ziur ziur. Batzuek axuri buztanak, besteek tripotxa-zopa, besteek ardikie gisaduan, gehienek suan erretako gaztainak eta. ». Orantzaroa lastoz egiten omen duten etxean zeuden jantziekin «baserrietan beharra handia izaten zen, baina urtero berria egiten saiatzen ziren. Horretarako zituzten jantziak erabiltzen zituzten, amonaren ezkon soinekoa edo harrapatzen zutena balio zuen». Bai, amonaren soinekoak ere balio zuen, izan ere, Orantzaroa emakumez-koaren itxura har zezaken. Ez zeukan zergatik gizon itxurarik izan beharrik «Emakume jantzian paratzeko ohitura zabala zen oso herri guztian; herrian nahiz baserrietan. Oso berezko ezaugarria, adituek ere jaso zutena. Gauza guztien gainetik nabarmentzen da emakume zein gizaseme moduan egiteko era natural-naturala zela» diote leitzarrek. «Gaur egun zoritxarrez galduxea daukagu. Baserri eremuan erabat desagertua eta herrian ere igualtsu.» Baina 1986ko Plazaola herri aldizkarian jasoa dagoenez 'Artxikonekoak' idatzitako 'Ohitterari eutsi nahian' «Leitzen ez zen prezisoa, attun potzolo, pipedun, brusez jantzirik egitea. Ain ongi ematten zun emakumezko bat, bere saxkitxotik ollasko buru edo bixigu buztana agiri zetziola. Baita traje, korbata ta guzi, gabardina besoan zula. Sorgiñek ere bazuen ittekorik».

Dena den, Barriolak eta Oiartzunek eta kultur taldeko kideek egindako lanean jasota dute, «aiton, zahar, bizarzu tripontzia» baina askoz gehiago da «emakume-jantzian nonahi patzen zuen; sorgina, emakumea harilkatzen, emakumea eskobakin, emakume xaharra, emakume dotorea linternakin argie iñez, neska gaztea dantzariz jantzia, emakumea bere haurtxoarekin ttaka-ttakan zerabilela. Eta gizasemea itxuran ere antzera: egunkaria irakurtzen, bizarra egiten, sega bizkarrean duela, bi txapa eskutan hartuta soinua egiteko, ittaie eskun hartuta, dantzarie ezpatadantzan hanka goian zuela, ehiztarie bere oilagorrarekin, 'Amerikanoa' balitz bezala bere korbata eta amerikana eta jantzi guztiekin.»

Olentzero edo Orantzaroa?

Euskal Herriko historialariek, idazleek eta etnologoek ikertu dute orantza-aroaren etimologia. Leitzako Kultur taldeak bere web gunean egindako lan guztia jasota du eta bertan agertzen denez, Oran-tzaroa izenaren inguruan «Bigarren zatiari dagokionez, aroari dagokionez, zalantza gutxi daude: gehienek esaten dute orantzaroa aro bat dela, alegia, garaia. Gure bertako hizkerak berak ere bai: aroak Lei-tzan, eta baita ekialdeko hizkeretan ere, denbora, garaia esanahia du. Eta atzizki moduan ere oso erabilia dugu: ausaroa, gaztaroa.»

«Lehen zatiari dagokionez, zalantza gehiago eta kontuak ilunago. Dena dela, ur handitan sartu gabe, esan dezagun gure herrian lotu izandu dela Orantza-aroa orantzarekin, alegia, esan izandu dela janariarekin lotura zuzena zuela. Beraz, Patziku Perurenak eta beste zenbaitek aipatzen duten orantza kutsu horrekin, bete-betean letorke gure hitz horren lehenengo zatiak, orantzak. Hala, orantzak gure sukaldearekin lotura zuzena luke; Leitzan horrela deitzen baitzaio, besteak beste, legamiari. Eta legamia zeri botatzen zaio? Oreari. Beraz, «gure uste apalean, gure eremurako izena berezkoa eta egoki-egokia dugu orantzaroa: Orantza+aroa=Oranztaroa da».

Lan interesgarria egin dutena leitzarrek, eta oraindik diotenez «jarraitu nahi dugu ildo honetatik lanean. Interesgarria dela uste dugu eta ahal dugun bitartean, herriko adin nagusikoekin hitz egiten jarraituko dugu. Dagoeneko grabazioak egiten ere hasiak gara eta adituekin hitz egiten, baina sute dugu interesgarriena gordeta zegoen historiaren zati horiek berreskuratzea dela eta horretan, lanean jarrituko dugu». bitartean, gaur abesti zaharrak entzungo dira Leitzako kaleetan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Orantzaroa, emakumea zenean Leitzan