

Secciones
Servicios
Destacamos
FELIX IBARGUTXI
Sábado, 11 de febrero 2012, 11:55
Aintzina taldeak bere bigarren diskoa plazaratu du: 'Kosinatik kanberala'. Aspaldiko testu eta doinuak dakartza, Euskal Herriko zazpi probintzietakoak, baita Arabakoak ere.
Aurreko diskoa bezala ('Suitian'), oraingoa Aztarna etxeak eman du argitara, eta horko arduraduna, Joxan Goikoetxea, pozik zegoen atzoko aurkezpenean: «Albiste ona da, oraindik ere gai gara diskoak plazaratzeko».
Testuak eta doinuak, neurri handi batean, Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostiaren kantutegietatik jasota daude. «Egongo dira hemen bostehun urte dituztenak», esan zuen Alan Griffinek atzoko aurkezpenean. Haizezko tresnak -besteak beste, alboka- jotzen dituen gizon hau dugu taldeko liderra. Irlandan jaioa, hogeitaka urte dira Astigarragan bizi dela.
«Astean behin Alanen etxean gosaltzen... halaxe sortu da taldea», esan zuen Aztarna diskoetxeko Joxan Goikoetxeak. Gizon honek ondo eta aspalditik ezagutzen du Griffin, Alboka taldean elkarrekin ibili zirelako, bata akordeoiarekin, bestea albokarekin.
Tradizioari buruz, Goikoetxea era honetara mintzatu zen atzokoan: «Azkuek, orain dela ehun urte, esan zuen %20 jasotzera iritsi zela. Orduan, zer pentsatu behar dugu? Ikaragarrizko tradizioa zegoela. Gure nahia da hori dena bizirik mantendu eta eguneratzea».
«Gure artetik erromes moduko batzuk pasatu izan dira, hala nola Humboldt eta Alan Lomax, gure herria psikoanalizatu zutenak. Nik horien parean jartzen dut Alan Griffin», jarraitu zuen Goikoetxeak.
Sekula argitaratu gabeak
Griffinek esan zuenez, disko berriaren izenburuak badu zer ikusirik aurrekoarekin. 'Suitian' hitzak, Bizkaiko zenbait tokitan, 'sukaldean' esan nahi du, eta oraingo izenburuko hitzei dagokienez, batak 'sukaldea' nahi du esan eta Bidasoaz bi aldeetan erabili izan da; eta besteak 'ganbara' esan nahi du.
Alan Griffinek gogorarazi zuenez, diskoko abesti gehienak guztiz ineditoak dira. «Eta nahi izan dugu publiko zabalarentzako moduko abestiak egin. Gure asmoa ez da jakin-tzuentzako moduko gauzak egitea».
Letrei dagokienez, «abesti guztiak narratiboak dira, istorioren bat kontatzen dute, eta jeneralean istorio izugarriren bat kontatzen dute. Aspaldiko garai haietan -orain bezala- istorio izugarriek tiradizo handia zeukaten. Eta Euskal Herriko probintzia guztietako testu eta doinuak daude, baita Arabakoak ere; horrek poz berezia ematen dit».
Grabaketa-moduaz ere jardun zuen Griffinek: «Material gehienak estudioan zuzenean eta lagun guztiak batera grabatutakoak dira. Ez dut ukatuko: badaude pasarte batzuk ukitu eta moldatu beharra izan dutenak, baina gutxi dira».
Taldekideak lau dira: Zigor Sagarna (ahotsa, baxua, ttunttuna eta panderoa), Arkaitz Miner (arrabita, biola eta mandolina), Juanjo Otxandorena (buzukiak) eta Alan Griffin (haize-tresnak). Hasiera beretik ari dira laurak.
Batzuk, instrumentalak
Diskoari hasiera ematen dion aleak 'Lontxoren karretilla' du izenburu. Instrumentala da eta Griffinek sortua, doinu herrikoietan inspiratuta. Bigarren abestia 'Mari-Eder' da, eta konde baten maitasun- gorabeherak kontatzen ditu.
Hurrengoak istorio harrigarria dakar: Londresen dagoela, Mutrikuko marinel batek bere anaiarekin egiten du topo, eta honek albiste txarra ematen: andregaia beste gizon batekin ezkontzera doa.
Arabako istorioa Legution jasotakoa da. Eta horko doinua ere, Legution jaso zuen Azkuek.
'Kükürükü' delakoa, aldiz, Zuberoako dantza zahar bat da. Eta Zuberoan dago girotua, baita ere, 'Urrutiako anderea' delakoa. Xahok jasotako olerki honetan, Altzürüküko andre baten penak agertzen dira. Hain zuzen ere, kantu honetan datoz diskoaren izenburuko hitzak:
kanberati kosinala,
hiruretan ünürürzi zeitan
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.