Borrar
Las diez noticias de la jornada
Tolosan jaio zen eta bertan bizi da Joxemari Iturralde. :: MITXELENA
«Lehen fotokopiagailua iristean esan genuen: hau bai iraultza!»
Joxemari Iturralde, Idazlea eta institutuko irakasle erretiratua

«Lehen fotokopiagailua iristean esan genuen: hau bai iraultza!»

Risky protagonista daukan beste liburu bat plazaratu du umeentzat: 'Frantzian je t'aime esaten dute'

FELIX IBARGUTXI fibargutxi@diariovasco.com

Domingo, 15 de abril 2012, 03:55

Jubilatu berria dago Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951). Bukatu zaio institutuko lana, baina liburugintzan buru-belarri jarrai-tzen du. Duela gutxi, haurren-tzako 'Frantzian je t'aime esaten dute' atera du, eta laster beste liburu bat izango du kalean, 'Kaleidoskopioa' izenburukoa, 'Mugalari' gehigarrian publikatutako artikuluen antologia.

-Riskyren abenturekin jarraitzen duzu, beraz. Badira urte batzuk.

-Pertsonaia hori sortu nuela 26 urte dira. Beti -edo ia beti- azaltzen da 12-13 urterekin, baina orain dela 26 urte sortu zen. Gazte jendeari asko gustatu zaizkie liburu horiek.

-Azken batean, zure haurtzaroko oroitzapenez baliatu zara istoriook idazteko.

-Bai, hala da. Gaur egunera ekar-tzen ditut gertaera horiek, baina istorioetako denbora ez da gaur egungo denbora ere. Ez da azaltzen Internet-ik, protagonistek ez daukate telefono mugikorrik.

- Hurrengoan Internet sartu beharko duzu. Bestela 'friki' bat bihurtuko zara.

-Beno, baliteke. Sartu beharko dut. Baina baditut beste liburu batzuk, ezberdinak. 'Lehen amodioa Suedia'-n, Riskyk hamazazpi urte ditu. Liburu hori asko saldu da, eta hor ere ez da Internetik eta txateorik azaltzen. Gero badago beste gauza bat bitxia: iaz 'Jack destripatzailearen arrastoa' atera nuen, oso istorio zaindua daukana, urtebete eman nuen lanean. Istorioa zera da: mutil bat euskalduna XIX. mende hasieran Londresen. Liburu hori norentzako da? Helduentzako ere bada, baina sartu zuten gazteentzako bilduma batean eta (hau bai dela bitxia!) askoz gehiago saltzen da. Segun eta liburu bat zein bildumatan sartzen den, horrek garran-tzi handia du: esate baterako, 'Lehen amodioa Suedian'-etik 22.000 ale saldu ditut, eta 'Londresen nago aitonarekin'-etik 40.000. Eta hori inolako publizitaterik gabe. Istorio bati hiru-lau marrazki erantsiz gero, hura askoz gehiago salduko da.

-Ondarroako institutuan hasi zinen irakasle. Eta orain erretiratu berria zara. Pasa dira urte ba-tzuk, horratik.

-Franco bizi zen artean. 1975ean hasi nintzen Ondarroan. Nik egin nuen karrera bukatu, bi urte Ceutan soldaduskan, eta lanean hasi. Miliziak bazeuden, baina nik esan nuen: denak bezala joango naiz soldaduskara, ez dut faboritismorik eduki nahi. Denetik ikusi dut institutuetan.

-Adibidez, ikusiko zenuen material pedagogikoaren bilakaera handi bat.

-Garai hartan institutuetan ez zegoen fotokopiagailurik. Eta lehenengoa iritsi zenean, esan genuen: hau bai iraultza, hartu testu bat eta berrogei ikasleren artean banatu ahal izatea! Bazeuden irakasle moderno batzuk, baina besteak... haiek sartzen zirenean ikasleak zutitu egin behar ziren!

-Ikastetxeen demokratizazioa ezagutu duzu.

-Ez bakarrik barruko funtzionamenduan. Baita ere, sozializazioa ezagutu dugu, eta hori ere demokratizazioa da. Egin kontu: nik hemen ikasi nuen, Tolosan, eskolapioetan. Ez zegon besterik. Pentsa, azkeneko urtean, Preu-n, Tolosan talde bat bakarra zegoe, gurea, non Andoain eta Azpeiti aldeko lagun batzuk ere bazeuden, eta guztira 22 ikasle. Eta orain, Tolosa inguruan, milaka ikasle iritsi dira batxilergoaren bukaerara. Izenak dio: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Hau da: derrigorrezkoa. Beraz, irakasleak gelan era askotako jendea topatuko du: ikasi nahi dutenak eta ikasi nahi ez dutenak. Hori arazo handia da. Derrigorrez eduki behar dituzu gelan.

-Institutuan, zure eskuetatik pasako ziren 'aurpegi ezagunak'.

-Adibidez, Ondarroan lehenengo urtean, Miren Agur Meabe. Orduan ere saiatzen nintzen literaturzaletasuna pizten programa ofizialetatik kanpo, programa oso gauza zurruna zen-eta.

- Beraz, saiatzen zinen literaturzaletasuna txertatzen.

-Normala den bezala. Baina hemen herri bitxi batean bizi gara. Zu gogoratuko zara, zure garaian eta nirean bazegoela asignatura bat izena zuena Geografía e Historia. Eta beste bat zen Física y Química. Guk hemen izan dugu Euskara eta Euskal Literatura, biak batera. Ezinbestekoa izango da oraingoz, baina bi gauza horiek ez dute elkarrekin zer ikusirik. Gainera, Oion eta Gasteizko ikasleek izango dute subjuntiboari buruzko azalpenen beharra, baina Tolosakoek hori gainditua izango dute seguru asko.

-Helduentzako zortzi bat liburu egin dituzu, gehienak eleberriak. Zein dira zure narraziogintzako ezaugarri nagusiak?

- Galdera zaila da. Hainbeste urtetan gauzak aldatu egiten dira.

-Hasi, abangoardiako lanak eginez hasi zinen, Pott Bandaren barruan.

- Hasiera hartan, oso ondo ezagutzen nuen Europako eta Ipar Ameriketako literatura, ibilia nintzelako, eta saiatu nintzen nolabait hemen aurkitzen ez nuen literatura egiten, estilo diferenteak ekarriz. Hasierako bi liburuetan, 'Dudular'-en eta 'Pic-nic zuen arbasoekin' oso estilo eta genero desberdinak erabili nituen, hemen ez zeudenak. Ondorengo liburuetan, berriz, esango nuke gai nagusia zera dela: Euskal Herriko gizakien lekua gaur egun; batzuetan geografikoki Euskal Herrian kokatu dut istorioa, beste batzuetan hemendik kanpo. Idazle bakoitza ibiltzen da beti bi--hiru gairen inguruan, inoiz ez baitu liburu perfekturik lortzen. Orain aterako dudan liburuan, berriz, gaia izango da zein eragin izan dezaken lehenak, iraganak, gugan gaur egun. Ezagutzen ez dugun historiak gugan eragina du.

- Ustebakea izan zen niretzat zure olerki bat ikustea 'Erlea' aldizkarian. Eta olerkiaren gaineko azalpen eta guzti, gainera.

- Ni poeta naiz! Ez dut publikatu nahi izan, baina hiru karpeta dauzkat urteetan osatutakok. Ruper Ordorikak erabili zuen nire poema bat: 'Ni ez naiz Noruegako errege' diskoari izenburua ematen dion olerki hori nirea da. Eta Tolosako abesbatzentzat ere poema asko egin ditut. Hori dena jakinda, Atxagak eskatu zidan zerbait entregatzeko. Dena dela, ni ergel samarra edo erromantikoegi samarra izan naiz, pentsatu izan baitut poeta izateko poeta baten bizimodua eraman behar dela, baina ni funtzionarioa izan naiz, katedratikoa, eta kontraesan hori izan dut. Aspaldi, joan nintzen behin Madrilgo Café Gijón-era, eseri nintzen eta han ikusi nuen gizon bat, trajeduna eta biboteduna, poema bat idazten. Folio hura menbreteduna zen, eta ba al dakizu zer ipintzen zuen?: 'Ministerio de Marina'. Militarra zen!

- 'Erlea'-ko artikulu hartan diozunez, prosak esan ezin dezakeena esateko da poesia.

- Bai, etengabeko bilaketa da poesia. Baina jakingo bazenu nire irizia publikatzen den poesiari buruz... Iritzi latza da: oso poeta gutxi daude benetakoak. Idaztean, identifikatuta sentitzen naiz, adibidez, hiru klasiko hauekin: Auden, Robert Frost eta Robert Gravesekin.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Lehen fotokopiagailua iristean esan genuen: hau bai iraultza!»