Borrar
Lehenengo ikasleak, andereñoak eta sortzaileak. Iñaki Emaldi (ikaslea), Javier Goena (ikaslea), Iñaki de la Caba (ikaslea) María Luisa Rekalde (andereñoa), Javier Goena Aldanondo (sortzailea), Asentxi Otxoteko (andereñoa), Antxon de la Caba (sortzailea), Iñaki Ugarte (ikaslea) eta Miren Urrutia (andereñoa) Kale Nagusiko 19 zenbakian; eraikin berri batek ikastolaren lehen ikasgela hartu zuena ordezkatu du. :: F. PORTU
Euskarak merezi zuelako
IRUNIRUN

Euskarak merezi zuelako

Hilaren 22an Irungo Ikastolaren jaiotzaren berrogeita hamargarren urteurrena beteko da

IÑIGO MORONDO

Domingo, 11 de noviembre 2012, 12:19

Ikastolak, euskaraz ikasketak ahalbideratzen dituzten eskolak, gaur egun ez dira jada gauza harrigarria. Desberdina izan zen, duela berrogeita hamar urte, Irunen halako proiektu bat martxan jarri zenean. Zortzi Aita Sortzailek (esaldi borobiletan adituak diren amerikarrek egindakoa parafraseatuz) ideia adoretsua izan zuten eta aurrera atera zuten. «Ero zoragarriak ziren», dio 1962ko euskarazko lehen gela hartan egondako Iñaki Ugartek. Eta arrazoirik ez zaio falta. Erabat ero, baita zoragarri ere.

Javier Goena, Enrique Garmendia, Rafael Muiño, Andrés Elósegui, Antxon de la Caba, Gregorio Arzak, Rafael Ugarte eta José Genuak Irungo Ikastolaren hazia izan ziren. «Garai hartan, gure semeek euskara ikasteko arazoak izango zituztela argi geneukan denok», dio Goenak. «Gipuzkoako hainbat txokoetan etxean euskaraz irakasten zuten andereñoak bazeudela jakin genuen. Antzeko zerbait ekarri nahi genuen Irunera. Kezka berbera zuten Elgoibarko, Hernaniko eta beste herritako beste lau pertsonarekin bilera bat antolatu genuen Bidaniako elizaren sakristian».

Horrez gero, Goenak argi izan zuen jarraitu behar zen bidea. Bere ardura berbera zeukaten zazpi irundar haiengana jo eta lanean hasi ziren. «Lokala behar genuen, eta andereñoa. Horrekin hasi gintekeen lanean». «Beno, hori eta nolabaiteko babes administratiboa», gogoratzen dio Antxon de la Cabak. «Umeak eskolatuak zeudela frogatu behar genuen eta guk ezin genituen matrikulak egin».

Hiru arazo, hiru konponbide: Irungo Atsegiñaren aintzinako eraikinean, kale Nagusiko 19aren lehen soolairuan, gela; Joxepi, hiriko eskola nazionalean irakasle izandako zaldibiar euskaldun zaharra, andereñoa; La Salle ikastetxeko praileen eskutik, matrikulazio ofizialak. «Aulkirik eta mahairik ez zuen leku hartan hasi ginen 1962ko irailaren 22an», gogoan du Goenak.

La Salle eta El Pilarren babesa

Kale Nagusiko gela hura lehenengoa izan bazen ere, ez zen betirako izan. «Hasierako urteetan, lokal, andereño eta altzari bila pasa genituen udak. Gurasoen furgonetetan mudantza egiten, lokal berria garbitzen, margotzen, prestatzen...» «Nolako konpromisoa zuten gurasoek», baloratzen du Otxotekok. «Etxean garbitzailea zuten hainbat amak ikastolan, aldiz, gela garbitu, gortinak josi eta beharrezkoa zen guztia egiten zuten».

Giza-indar honi esker ikastola hazten joan zen. Hasierako hamaika ikasle haiek 22 ziren lehen ikasturte bukaeran eta berriz bikoiztu ziren hurrengoan. «Isilean eramaten saiatu ginen; interesa zutenek baino enteratu ez zitezen», kontatzen du Goenak. Irungo La Salleren Berrogeita hamargarren urteurrenaren eraikinean ('Vaticanon') egon zen ikastola, baita El Pilarreko gelatan. «La Sallek eta El Pilarrek, neskak eta mutilak bereizi behar izan genituen momentu batean, babes administratiboa eta legala eman ziguten. Eta gehiago ere. Haien laguntza ezinbestekoa izan genuen proiektua aurrera eramateko».

Babes horrek alde batetik eta emaitza onek bestetik, Irungo Ikastola Gipuzkoan eredu bihurtu zuten. «Euskara baserriko hizkuntzatzat hartzen zen. Inork ez zuen baloratzen; ez zeukan gaur duen errespetua. Euskaldunek ere bere seme-alabek euskaraz ikastearen beldur ziren», kontatzen du Goenak. «Gure ikasleekin hainbat herrira hurbildu ginen. Alde batetik, ikastola martxan nola jarri genuen azaltzeko eta bestetik, umeek heziketa euskaraz egin zezaketela baieztatzeko». «Elgoibar, Azpeitia, Arrasate, Intxaurrondo... haien ikastolak gure bisita ondoren jaio ziren», dio de la Cabak. «Eta bitxia da, garai hartan Euskal Herria Gaintxurizketan bukatzen zela uste baitzuten», gogora dakar Maria Luisa Rekaldek, ikastolako bigarren andereñoa.

Elebilduna eta mistoa

Duela berrogeita hamar urte gauzak ez ziren, inolaz ere, gaurko moduan eta andereño haien lana oso desberdina zen baita ere. Testu libururik aukeran ez zegoen. «Xabiertxo-a erabiltzen genuen, zegoen bakarra», dio Rekaldek. Asentxi Otxoteko, hasierako beste andereño bat, «batzuetan gaztelerazko liburuak euskaratu eta orrietan banatzen» zituztela gaineratzen du. «Irakasteko modua, metodologia, ere berritzailea zen. Katalunian erabiltzen hasiberria zen. Hemen ikastaroak egiten hasi ziren. Joan, ikasi eta martxan jarri genituen hasieratik». Baina Irungo ikastolak ekarri zituen berrikun-tzak ez ziren horretan gelditu. «Gelak mistoak ziren», dio Miren Urrutiak, Irakaskuntza ikasten zegoela, ikastolan 'praktiketan' hasi eta bertan jarraitu zuen. «Garai hartan, neska-mutilak gela berdinean elkartzen genituen bakarrak ginen.

Hirurogeiko hamarkada hartan zeozer aldatzear zegoela zirudien. Atzerriko presioak Espainiak jasaten zuen erregimen hura zertxobait irekitzera bortxatu zuen. Barruan ere, mugimendu berriak agerian azaltzeko beldurrak galtzen zihoazen. Ekonomiaren hazkuntzak jaiotza-tasaren sustapena eta hirien zabaltzea zekarren.

Hala ere, ikastola, euskaraz irakastea, hezkuntza mistoa... ez ziren batere ondo ikusten. «Herritarren aldetik ez genuen inongo trabarik izan. Hori argi esan behar dut. Estatutik ordea...» De la Cabak atzo balitz du gogoan Donostian izandako bilera bat. «Estatuak gobernu ordezkari bat ekarri zuen Donostiara euskarazko hezkuntzarekin buka zezan. Honek, ikastolara Guardia Zibilak bidali zituen eta 24 ordu eman zizkigun ixteko». Hori zela eta, gipuzkoar hiriburura joan behar izan zuen bilera batera. «Bazekien berak ez zeuzkala argudioak ikastola itxi ahal izateko. Ondo lotua geneukan dena. Hortaz, garai hartan ohikoak ziren argumentuak jarri zituen mahai gainean: 'Ikastola itxi edo 24 ordutan deportatuak izango zarete'. Nik etxera deitzen nuen itxura egin nuen, 'ama, maleta prestatzen joan', esateko. Hala atera ginen handik eta itxoiten gaude oriandik deportazio hura».

Proiektua denbora gutxian asko handitu zen eta lur eremu bat erosi eta eraikin propio bat edukitzea erabaki zen. «Guraso multzoa handiago zen eta bakoitza eskura zituen kontaktuak erabili zituen». Batzuk, atez ate, diru eske ibili ziren. Batek lursaila erosteko negoziaketa erraztu zuen; Kutxako langilea zen beste batek kreditu baldintza oso onak lortu zituen». Eta de la Cabaren aipamen berezia Alejandro Pérez, 'Tirari'rentzat. «Lanetik atera eta bazkide babestzaileei ordainagiriak kobratzera joaten zen hiri osoan zehar». Bazkide babestzaileak, nahiz ikastolan umerik ez izan, hilero dirua jartzen zutenak ziren.

Ausardia baina haratago zihoan zerbait bultzatzen zuen guzti hau. «Horren ametsgarria zen guzti hura», dio Otxotekok. «Oso zaila zen dena, baina nola hazten zihoan ikusita, ilusioz betetzen ginen denok». Proiektuaren lehenengo harrietako bat izan zen bera, beste andereñoak bezala. Baina hala ere, bere lankide zen Miren Urrutiak argi dauka «sortzaileen talde hark izan zuen meritu handiena. Atzetik etorri ziren guztiak ere beharrezkoak izan dira, baina zortzi horiek...» «Gazteak ginen eta eginbeharrekoa egin genuen, besterik ez» eta «gure lehen pausoak indartu zituzten hainbat irundar dira garrantzitsuenak», diote oraindik ere de la Caba eta Goenak. Hala ere, badakite zer nolako pausoa eman zuten. «Beharbada, axolagabe jokatu genuen. Talde hartakook familia genuen, lanpostu onak (medikuak, fabriketako arduradunak... ginen) eta hori guztia arriskuan jarri genuen», aitortzen dute. Beharbada, horregatik, Iñaki Ugarteren hitz hauek: «Gizon serioak ziren, burutsuak, baina ero zoragarriak baita ere».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskarak merezi zuelako