Borrar
Urrutia Capeau eta Joxemari Iturralde, atzo Donostian. :: G. RIVAS
'Melillako obsesioa' gainetik kendu du Joxemari Iturraldek
LITERATURA

'Melillako obsesioa' gainetik kendu du Joxemari Iturraldek

Tolosako idazleak 'Ilargi horia' nobela plazaratu du, eta Urrutia Capeauk 'Weylerren itzala' ipuin-liburua

FELIX IBARGUTXI

Viernes, 30 de noviembre 2012, 02:20

Euskal Herriko enpresa bateko saltzailea da Eugenio Areitioaurrena. Penintsula hegoaldea du lan-eremua, eta egun batean Melillara azaltzen da. Han dagoela, kanposantura egiten du bisita, eta E. Areitioaurrena baten hilobia ikusten du, Annualen hilda, 1921eko uztailaren 22an. «Bat-batean zulo beltz batean sartzen da. Handik hilabete batzuetara berriro buelta-tzen da Melillara, eta orduan ere zulo beltz batean sartuko da. Ezusteko batzuen ondorioz, denboran atzerantz tira egingo dioten gertakari batzuk etorriko dira, eta atzeranzko tiradizo horiek eragin handia izango dute gizon honen oraingo bizitzan», esan zuen Joxemari Iturraldek atzoko aurkezpenean. 'Ilargi horia' nobela plazaratu du, aspalditik, oso aspalditik buruan bueltaka zebilkion istorioa.

Askotan ibili da Iturralde Melilla alde horretan, «aurreneko aldiz duela berrogei urte, eta azkena orain bi urte. Nire lehen ipuinetan, orain dela hogeita hamabost bat urte idatzitako haietan, topa daiteke nobela honen ernamuina. Istorio hau idatzi beharra neukan, benetan. Bestela ez nintzen lasai geratuko».

Eleberria da, ez da saiakera, baina Iturraldek nahi izan du zer pentsatua eman zenbait gaitaz, hala nola biolentziaz, euskal nortasunaz, eta erro eta sustraien galtzeaz.

Orain dela sei urte atera zuen Iturraldek bere 'Hyde Park-eko hizlaria', eta hori baino sei urte lehenago 'Euliak ez dira argazkietan ateratzen'. «Badirudi sei urtez behin ateratzen ditudala nobelak», esan zuen Tolosako idazleak.

'Ilargi horia' Pamielaren bidez plazaratu da, eta argitaletxe horren bitartez ikusi du baita ere argia Jose Enrike Urrutia Capeau-ren 'Weylerren itzala'-k.

Hau, berriz, ipuin-bilduma da, baina batasun handiko bilduma, narrazioek Kuba eta hango Independentzia gerla baitute kokaleku. Izenburuan agertzen den Weyler delako hori, berriz, Tenerifeko markes Valeriano Weyler y Nicolaú dugu, Kubako kapitain orokorra izandakoa eta historiara pasatu dena arrazoi oso triste batengatik: bera izan zen lehenengoa kontzentrazio-esparruak antolatu zituena. Egungo historialariek uste dute 400.000 kubatar hil zirela itxitura haien barruan. Máximo Gómez, 1895eko Kubako iraultzaileen buruaren ustez, Weyler bera izan zen uhartearen independentziaren alde gehien egin zuena.

«Kubara ailegatu nintzen eta berehala ohartu nintzen Independentzia Gerlaren aztarnak etengabeak direla. Eta euskaldunen presentzia ere handia izan zen. Probintzia batean bakarrik 1.700 abizen euskaldunak topatu dituzte. Banuen Kubaz zerbait idazteko asmoa, baina Weylerrena geroago etorri zen», esan zuen bizkaitar idazleak atzoko aurkezpenean.

Hala ere, ez omen du gerla-istorio batzuen bilduma idatzi nahi izan: «Ez ditut aipatu triskantzak, ez ditut aipatu torturak. Hango gaitz metafisikoak jaso ditut, nolabait esateko.

Urrutia Capeau (Iurreta, 1954) pintorea da baita ere, eta liburuko ilustrazioak berak egindakoak dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Melillako obsesioa' gainetik kendu du Joxemari Iturraldek