Borrar
Las diez noticias de la jornada
GOIERRI

Atez ateko bilketa diseinatzeko parte-hartze bilerek aurrera darraite Legorretan eta Zaldibian

Itsasondon amaitu dira eta behin betiko bilketa sistema nolakoa izango den aurkezteko bilerak egingo dituzte datorren astean hiru herritan

DV

Martes, 11 de diciembre 2012, 02:14

Zonaldekako eta sektorekako bileren erronda egingo dute aste honetan Legorretan eta Zaldibian. Atez ateko bilketaren diseinuan parte hartzeko azken aukera dela, eta bileretara joatera anim-atzeko dei egin die Sasietako Mankomunitateak eta udalek herritarrei.

Atez ateko gaikako bilketa sistema ezartzeko parte-hartze prozesuaren azken txanpara iritsi dira Legorreta eta Zaldibiako herritarrak. Parte-hartzearen bigarren errondan dagoeneko sartuta, zonaldekako bilerez gain, sektorekako bilerak ere egingo dira jubilatuekin, merkatariekin, ikastetxeekin eta elkarte gastronomikoetako nahiz jatetxeetako langileekin.

Legorretan, 8 etxebizitza edo gutxiagoko atariekin bilera atzo izan zen. Bihar, berriz, abenduak 12, 8 etxebizitza baino gehiagoko atariekin egingo da bilera ordu eta leku berean. Behin bilera guztiak amaitua, parte-hartze prozesuak eman duenaren berri herritarrei azaltzeko eta atez ateko hondakinen behin betiko bilketa aurkezteko bilera irekia egingo da abenduaren 17an zineman.

Zaldibian aste osoan

Zaldibian ere, atzo hasita aste osoan zehar egingo dira bilerak: atzo herri antzokian Beheko kaleko bilera izan zen. Gaur, 19:00etan, leku berean, Erdiguneko bilera; bihar, Goiko kalteko bilera, ostegunean gaztelaniazko bilera eta ostiralean 17:00etan landa gunekoa. Parte-hartze prozesuak eman duenaren berri herritarrei azaltzeko eta atez ateko hondakinen behin betiko bilketa aurkezteko bilera irekia berriz, abenduaren 19an egingo da, 19:00etan, herri antzokian.

Azkenik, Itsasondon dagoeneko parte-hartze bilera guztiak amaituta daude, eta bihar arte, etxebizitza komunitate bakoitzak paperarentzat eta kartoiarentzat kuboak edo kontainer komunitarioa erabili erabakitzeko epea zabalik da. Behin betiko atez ateko gaikako bilketa sistemaren aurkezpena abenduaren 18an, 19:00etan egingo da Gaztelekuan.

Parte-hartzea

Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko presidentea baikor agertu da parte-hartze prozesuan orain arte 700 pertsona inguru inplikatu direlako: «Azken batean hondakinen bilketarako sistemarik eraginkorrena guztion artean ari gara diseinatzen. Orain artekoan Legorreta, Zaldibia nahiz Itsasondoko herritarrak asko ari dira inplikatzen eta horren fruitua da parte-hartze prozesua izaten ari den emaitza eta arrakasta».

Horrexegatik, Andonegik Legorreta, Zaldibia nahiz Itsasondoko herritar guztiak animatu ditu hemendik aurrerako bileretan parte hartzera eta bereziki zalantzan dauden horiei egin die dei: «Herritar guztion artean bilketa nola egin ari gara erabakitzen batetik, eta bestetik, hondakinekin nahiz ingurumenarekin loturiko beste hainbat gai ere ari gara lantzen. Beraz, oso garrantzitsua da ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eta zalantzan dauden horiek animatu nahi ditut hemendik aurrera egingo diren bileretan parte hartzera. Etorkizuna gure esku dago eta bide onean goaz».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Atez ateko bilketa diseinatzeko parte-hartze bilerek aurrera darraite Legorretan eta Zaldibian