Borrar
Anoeta, Irura, Alegia, Amasa-Villabona eta Zizurkilek atez-ateko bilketari ekingo diote uda aurretik
TOLOSALDEA

Anoeta, Irura, Alegia, Amasa-Villabona eta Zizurkilek atez-ateko bilketari ekingo diote uda aurretik

Martxoan zehar bilketa sistema berria azaldu eta ekarpenak egiteko aukera izango da

E. MARIEZKURRENA

Miércoles, 6 de marzo 2013, 03:41

Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria den Ainhoa Ugaldek, atzo Orendainen iragarri zuenez «Anoeta, Irura, Alegia, Amasa-Villabona eta Zizurkilek atez-ateko bilketari ekingo diote uda aurretik». Irurako alkate den Ugaldek azaldu zuenez «Mankomunitateak aspalditik eman zuen hitza: zero zabor eskualde izateko bideari ekingo ziola. Hiri hondakinen arazoa larria da, ingurumen krisi jasanezina dugu: hondakin asko sortu eta nahastuta botatzen ditugulako zabortegiak gainezka daude, natur baliabideak edo lehengaiak agor-tzen ari dira eta kutsaduraren eraginez gure osasuna kaltetu eta ingurumena arrisku bizian jarri dugu».

Zero Zabor helburura iristeko, «hondakinak bereiztea eta bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea dira lehen urratsak. Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Beraz %80ko edo %90eko birziklatze tasa batera iristea izan behar du gure helburua, eta aldi berean, hondakinen kopurua gutxitzean ere pentsatu behar da. Ohitura eta ikuspegi aldaketa dakar honek guztiak, eta helmugak merezi duenez, ziurtasunez goaz bide honetan» azaldu zuen.

Atzo Orendainen izandako agerraldian azaldu zutene z«beste urrats bat ematera gatoz. Mankomunitateak, helburu bera biltzen duen plangintza orokor bat proposatu zien berau osatzen duten 28 herriei. Horrela, eskualdean, herri asko dira zero zabor bidean pausoak eman dituztenak, eta jada bilketa sistema berria martxan duten herriak ere badira».

Aipatu zutenez «orain dela 4 hilabete, Orendain, lehenengo zero zabor herri bihurtu zen eta geroztik jasotako birziklatze datuek erakutsi dutenez, bide onetik ari gara. Bilketa eredu berriak ezarriaz jarraitu dute Orexa eta Elduainek ere, eta helburu berarekin, laister Altzo ere Zero Zabor herri izendatzeko moduan izango gara».

Eskualdeko beste herri asko ere, konpostajea zabaltzen ari dira euren herritarren artean, horrela, organikoaren tratamentua herri bakoitzak bere kudeaketaren gain hartuaz. Eta birziklapena ahalik eta kopuru altuenetara eramateko ereduak ere garatzen ari dira eskualdeko herri ugari. «Oraindik ere pauso asko emateke ditugu eskualdean, eta gaurkoa, Mankomunitateak Orendainen ekin zion bide horretan beste bat izango da, hobeto esan, beste bost pauso izango dira».

Orendainen bildutako eskualdeko udal ordezkariek esan zutenez «atez-ateko bilketa sistema jarriko dugu gure herrietan, ekonomia, iraunkortasun eta ongizate irizpideei jarraiki. Izan ere, gaur egun ezagutzen diren bilketa sistemen artetik eraginkorrena eta emaitzarik onenak ematen dituena da. Herri hauetan, gaur egun, %34aren azpitik birziklatzen da eta 5. edukion-tziarekin ikusirik dago zenbatekoa ez dela %45etik gora igotzen. Aldiz, atez atekoarekin %80tik gora birziklatzen da; alde ederra! Hori guztia lortzeko aukera badugu, zergatik ez diogu ekin behar atez atekoari? Pertsonen osasuna kaltetu gabe, ingurumena zaindu eta ekonomikoki merkeago izango den eredua behar dugu gure herrietan».

Bilera ezberdinak

Martxoan zehar herri hauetan bilketa sistema berria azaldu eta ekarpenak egiteko aukera izango da bilera ezberdinetan. «Eta hemendik dei egin nahi diegu herritarrei aktiboki parte har dezaten antolaturiko bileretan sistema denon artean egokitzeko». Alegia, Irura, Anoeta, Villabona eta Zizurkilen, uda aurretik hasiko dira atez-ate hondakinak biltzen. «Ordurarte badugu denbora, beraz, denon artean ekarpenak egin eta ahal den sistema eraginkorrena lortzeko aprobetxatu nahi dugu. Erronka polita dugu aurretik eta eskualde honetan zero zabor bidean, pausoek jarraipena dutela erakutsi dugu. Denon artean lortuko dugu. Denon artean, alde ederra egingo dugu».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Anoeta, Irura, Alegia, Amasa-Villabona eta Zizurkilek atez-ateko bilketari ekingo diote uda aurretik