

Secciones
Servicios
Destacamos
FELIX IBARGUTXI , DIARIOVASCO.COM
Lunes, 23 de diciembre 2013, 01:35
Bernardo Atxagak orain bi aste aurkeztu zuen bere liburu berria: 'Nevadako egunak'. Egitura ez-ohikoa dauka: 150 testu dira guztira, luzera aldetik oso desberdinak. Hasieran kronika ematen du, gero eleberri bihurtzen da. Oinarrian dago Atxagak bere emazte eta alabekin duela sei urte Renon egindako egonaldia.
-Uste dut bere ordenean irakurri behar dela, ezta?
-Piezaz pieza egina izan da eta piezaz pieza irakurri behar da. Eta nire ustea zuzena baldin bada, irakurri ahala pisua hartzen du liburuak, eta bukaera aldera osotasuna hartzen du. Saltoka irakurtzea erokeria da.
-Nahiz eta pieza solteak izan.
-Bai, bere ordenean irakurri beharreko liburua da. Adibidez, jadanik laugarren edo bosgarren atalean azaltzen da King Kongi buruzko testu bat. Baina handik laurogei orrialdera azaltzen da elkarrizketa bat, non ospitaleaan dagoen pertsona bat hizketan hasten den Paulino Uzkuduni buruz , eta esaten du: «Buff, hura King Kong bat zen». Edo nire amarekiko erreferentziak; hasieran komikoak dira, eta gero, liburuaren bukaera, nire amaren hiletaren kontakizuna da. Hileta hori irakurtzea aurrekoa irakurrita ez daukazularik, ba ez dakit komeni den.
-Liburu hau, genero aldetik, sailkaezina da, ala?
-'Obabakoak' atera nuenean -artikuluak hor daude-, batez ere Europako eta Ameriketako iruzkinetan horixe azpimarratzen zen: liburu sailkaezin bat iritsi da, ez duena zerikusirik ezagutzen dugun literatura espainolarekin. Nik uste dut originaltasuna bilatu ziotela, eta originaltasuna ez da bakarrik liburuaren kontzeptua, nola eratuta dagoen, baizik eta tonua baita ere. Uste dut liburu hau kefirra bezala hazten dela. Eta irakurlea bukaerara iritsitakoan harritu egingo da, zeren hor liburuak buelta ematen du.
-Pentsatzen dut Nevadan zeundela idatziko zenituela liburuko pieza batzuk, baina orduan ez zenuen imajinatu ere egingo azkenean liburuak zer itxura hartuko zuen.
-Banuen halako esperantza bat. Gogoratzen nintzen Benito Pérez Galdosek esaten zuela leku desertuak tormentuak direla gizakiarentzat. Alegia, horrelako tokietan, irudimena bizitu egiten da eta pertsona erotu egiten da. Nevadako artzainak ere erotu egiten ziren. Zergatik? Irudimena egiten delako azkartu, eta fantasmak hasten dira agertzen. Paradoxa da, ezta? Hemen, gure gauzak egiten ari garelarik, ematen du burua bizkorrago doala. Esango nuke azkarrago doana gure burmuin instrumentala dela: bizikleta hartu, ez dakit nori deitu. Baina han geundela, Renon, etxetik gertu ospitala geneukan eta ikusten genituen helikopteroak lur hartzen. Nola ez, gogoratzen nin-tzen nire aita zenaz, lau hilabete lehenago ospitalean izan baitzen. Nire-tzako, aitarekin ospitalean egindako saioa, latza izateaz gain, errudun-sentimenduak azalerazteko izan zen. Lehen esan dizut fantasmen kontu hori, eta jendeak esango du: zeri buruz ari da? Zu, munduan bizi baldin bazara, badakizu fantasma gehienak errudun-sentimendu batekin lotuak daudela. 'Hau egin nuen ba!' 'Hau ez nuen egin behar!'... Liburuaren erdia baino gehiago horri buruz da.
-Lehenago burmuina aipatu duzularik, liburuko pasarte batean gauza bitxi bat gertatzen da: pertsona baten burmuinak autonomía har-tzen du, bere kabuz hasten da.
-Ez dakit fenomeno unibertsala den edo pertsona batzuei bakarrik gerta-tzen zaien. Aspalditik eduki dut inpresioa batzuetan nire burua edo nire emozionalitatea ez dagoela lotuta eguneroko gorputzarekin. Horixe gertatu zitzaidan 'Antzinako bihotz' ida-tzi nuenean, adibidez. Ipuin afrikar batzuk badira, non buruak bere kasa agertzen diren, solte... Adibidez, Pyramid Lake-ko testu horietan, aurrenekoan burua bere kasa dabil.
-Liburu hau autobiografia bat da baita ere. Kontuan eduki behar da hirurogei urteko langa pasatu duzula eta beharbada balantzea egiteko garaia da.
-Normala da. Nire bizitza zabala izan da, eta gogoeta egiteko ohitura izan baduzu... Iruditzen zait gai naizela bizitakoari aurre egiteko behar den moduan. Esate baterako, 'Jose Francisco' ipuina. Nik lehenbizikoz gai dramatiko honi heldu nionean, orduko ikuspuntua drama bera zen. Denbora pasa da eta konturatu naiz gai askoz garrantzitsuagoa dela dramaren aurreko indiferentzia. Hori islatzen da oraingo testu berrian. Eta gero bukaera aldera koru greko bat agertzen da, sukaldean bazkaltzen dagoen jendearen korua. Galdetzen zaio jende horri eta, jakina, ez du erantzuten.
-Txikitako oroitzapen batzuk ere agertzen dira. Esaterako, hildako zaldi bat.
-Nik batzuetan distantzia bat hartu behar dut. Eta horrelakoetan, ipuin moduan kontatzen dut oroitzapena.
-Familiako gorabehera asko ager-tzen dira. Bai zure oraingo familiarenak (senar-emazteak eta bi alabak Nevadan egon zarete) bai txikitako familiarenak. Euskaldunok pudore handikoak omen gara. Nola erabaki duzu zer kontatu eta zer ez?
-Hor distantzia da gakoa. Gaiak urrundu egin ditut. Adibidez, Gabriel Urza Laxalt izeneko bat agertzen da. Horiek benetako izen-abizenak dira, protagonista hori oso gutxi agertzen delako liburuan, baina beste batzuk ez ditut bere benetako izenekin izendatzen. Ez da disimulatzeko bakarrik. Da egia handiagoak esateko. Adibidez: nire aita. Berari buruz luze idatzi beharko banu, kronika bat eginez, ezin izango nuke, besteak beste ez nuelako hainbeste ezagutzen.
-Haren benetako izena darabilzu, hala ere: Jazinto.
-Zintzo erantzungo dizut. Hemen egin ditugun txisteak argentinarren heziketa psikoanalitikoari buruz! Euskal Herrian oso psikiatra gutxi egon da, asko aipatu dira Marx eta Lenin, eta oso gutxi Freud. Jendeak pentsatuko du: ba zer ondo! Orain radikalki esaten dut: zer gaizki! Hortik dator euskal bizitzaren, euskal izakeraren halako konbentzionalkeria bat, eta egietara iristeko ezintasun bat. Entzun kaleko argentinar bati bere buruaz hitz egiten eta entzun euskal herritar bati bere buruaz hitz egiten, eta alde ikaragarria dago! Gogoratzen naiz: mutikotan, Andoainen, lagun bat suizidatu egin zitzaigun. Eta jendea: ez da posible! Zer gertatu zen? Sekula ez genuela hizkuntzarik izan harekin hitz egiteko. Mutil hari buruz ez genekien ezer ere! Eta gurasoak! Zer irudi estereotipatua daugun! Zer izan dira aita eta ama gure-tzat? Ikono batzuk! Eta ez benetako pertsona batzuk.
-Eta ezagutu, gutxi.
-Haien emozionalitatea-eta? Ezer ez! Liburuko testu bat, beharbada ez da izango onena, baina asko gustatzen zait: 'Reader's Digest irakurtzen zuen emakumea', alegia. Gogoratzen zara aldizkari hartaz?
-Horixe! 'Selecciones'! Oso aldizkari amerikarra, errusiarren kontrario porrokatua.
-Nire amaren adineko ekamukeek aldizkari hori irakurtzen zuten gehienera. Testu horretan gogoeta bat egiten dut gurasoez. Konpasioz, egia esateko. Kupidatu egiten naiz haien bizitzaz. Haiena bai bizitza gogorra! Eta ez zuten ezagutzen beren burua. Zer ziren ez zekiten.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
El origen de la expresión 'joder la marrana' y su conexión con el vino
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.