Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
CULTURA

'Frankenstein' eta Canetti euskarara itzuli dituzte Errasti eta Uribarrik

Bi liburu hauekin, Eusko Jaurlaritza eta EIZIEren 'Literatura unibertsala' bilduma 160. alera iritsi da

IRAITZ VAZQUEZ ,

Jueves, 27 de febrero 2014, 02:12

Bi itzulpen aurkeztu ziren atzokoan Donostiako Liburutegiko Sotoan. Ibon Uribarri Zenekortak Elias Canettiren 'Mihia aske' itzuli du eta Iñigo Errastik, aldiz, Mary Shelley-ren 'Frankenstein' klasikoa. Lan hauek Erein eta Igela argitaletxeek plazaratuak izan dira, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sailaren, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta interpreteen Elkartearen (EIZIE) laguntzarekin.

Atzo aurkeztutako bi lan hauek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak EIZIEkin batera aurrera daraman 'Literatura Unibertsala' sailean argitaratutako 159. eta 160. aleak dira.

Atzoko aurkezpenean, Uribarri Zenekortak hau adierazi zuen: «Oso aukera polita izan da alemaneratik euskarara itzuli ahal izatea. Atzo galdetu zidaten ea orain egile italiarrak itzultzen hasi naizen. Horrelako pasadizoekin nabaritzen da oraindik idazle hau ez dela hain ezaguna gure artean». Elias Canettik bere autobiografia hiru tomotan idatzi zuen eta 'Mihia aske' liburua horietako lehenengo da. «Lan hau oso interesgarria da. 16 urte zituen artekoak kontatzen dira bertan, garai hori oso interesgarria da, hainbat bizipen izan zituelako».

Ibon Uribarri Zenekorta irakaslea eta itzultzailea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Filologia alemanean lizentziatua da eta hainbat lan itzuli ditu bai alemaneratik, baita japonieratik ere. Horregatik azpimarratu zuen horrelako autore baten lana euskarara itzultzeko garrantzia.

Familia sefardia

Elias Canetti familia sefardi batean jaio zen Bulgarian. «18 urte bete zituen arte Londresen, Zurichen edota Vienan bizi izan zen. Askok Canettiren literatura alemanaren aldean jartzen dute, baina bere literatasuna oso zabala da, bizi izan zituen bidaia horiek guztiak direla eta. Liburu honetan batez ere garrantzitsua da bidaien prozesu horretan dagoen giro eleanitza», esan zuen Uribarri Zenekortak atzoko aurkezpenean. «Datu bitxi bezala, Canetti James Joycen ondoan dago lurperatuta Zuricheko hilerrian, beste ibiltari handi baten ondoan», azaldu zuen itzultzaileak.

Canetti zortzi urterekin hasi zen alemanera ikasten. «Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean hizkuntza horri eutsi zion azkenera arte, nahiz eta bere hizkuntza eta kultura sefardia zen».

Frankenstein gaur

Iñigo Errastik, bestalde, klasiko bat itzuli du euskarara, Mary Shelley-ren 'Frankenstein' goraipatua. «Pentsa daiteke gauza berririk ezin daitekela esan istorio honen inguruan, baina gaur egungo hainbat konturekin oso lotuta dago», esan zuen itzultzaileak.

Frankenstein munstroaren istorioa oso ezaguna da, baina Errastik adierazi zuenez, «denek ezagutzen dugu mitoa, baina oso gutxik irakurritakoa da. Ez da ezaguna egin literaturaren bidetik, baizik eta egin diren antzezlan eta zinema bertsioengatik». Hainbat edizio idatzi zituen Mary Shelleyk liburu honenak eta hori dela eta aldaketa nabarmenak izan zituen batetik bestera. «Adibidez lehenengo ediziotik hirugarrenera bitartean, antzerkietara eta zinemetara eraman zuten munstroa, eta prozesu horretan mutu gelditu zen Frankenstein», azpimarratu zuen Errastik.

Errastik azaldutakoaren arabera, «sinplifikatu egin da istorioa, munstroaren eta zientzialari eroaren irudiak bakarrik ditugu gogoan. Baina obran Frankensteinek bilakaera bat dauka, zientzialariak eratzen duenean ona da eta gero doakabea bihurtzen da».

«Oraindik liburu honek gaur egun irakurketa asko ditu eta egun zien-tziaren inguruan izaten diren debateekin lotzen da Mary Shelley-ren obra», azaldu zuen Errastik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Frankenstein' eta Canetti euskarara itzuli dituzte Errasti eta Uribarrik