HARKAITZ CANO
Viernes, 28 de septiembre 2007, 10:50
Le scaphandre et le papillon filma ikus daiteke sinopsiari jarraiki «gatibutzaren sindromea» pairatu eta garun isuri baten ondorioz betazal bat soilik mugi dezakeen Jean-Do Bauybiren istorio gogorraren kontaketa liriko-zinikoa bezala. Inguruan gerta-tzen den guztiaz kontziente da Jean-Do, ordea, eta betazal bakar hori erabiltzen du komunikatzeko (kliskada bakarrak baietz esan nahi du, ezetz bi kliskadek). Ikusleok, zuzendariak gizon paralizatuaren buru barruan kokatzeko pribilegioa eman digunez, haren barne ahotsa entzuten dugu -filmean agertzen diren mediku eta lagunek ez bezala-. Abantaila horren kontrastea eraginkorra suertatzen da oso. Mugitzerik ez duenez, Jean-Dok berehala onartzen du benetan gerta dakioken guztia buru barruan gertatzen zaion huraxe dela. Eta haren irudimenean, bera dela jaun eta jabe, berak agintzen duela: irudimenaren botereak eta bere betazalaz haraindiko munduari buruz egiten duen interpretazio bere kasako batek bakarrik salba dezakete.
Publicidad
Bizitzaren aldeko kosta ahala kostako apostu eta irudimenaren indarraren apologiatzat uler daiteke, honenbestez, Le scaphandre et le papillon. Irudi indartsuak nola erabili eta kontzeptualizatu badaki Schnabelek, Basquiat filmean erakutsi zuen bezala. Baina ez hori bakarrik: eskafandra itogarri baten barruan mugiezin egotea bera, betazala eta begia izatea munduarekiko dugun lotura bakarra, ez al da, akaso, zinema areto batean gaudenean bizi dugun esperientziaren pareko, nolabait? Gure kasuan «gatibutzaren sindromea» borondatezkoa eta iragankorra den arren, zinera joatea geure erabakia izan arren, filmeko protagonista gurpildun aulkian nola, halaxe gaude gu ere aretoko besaulkian iltzaturik mugiezin eta mutu, begietatik sartzen zaigun errealitatea (?) edanez, prozesatuz, geure interes eta gustuen arabera interpretatuz eta birsortuz. Zentzu horretan, zinemari berari egindako omenaldi gisara ere uler liteke Le scaphandre et le papillon, voyeur eta pentsalari izatea beste aukerarik ez duen gizon baten parabolak, geronen kondizio mugatua gogorazten baitigu.
Zine aretoko besaulkia da gure eskafandra: geure begien tximeleta-kliskaden bidez irensten dugu mundua. Tximeletak hegoak nola, halaxe salto egiten dute argazki soilek bata bestearen segidan, abiadaren eta bizi-tzaren ilusioa sortuz: argiaren aurrean hegoak astindu eta argi--itzalak konbinatzea, horixe besterik ez da zinea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.