

Secciones
Servicios
Destacamos
AMAIA GOIKOETXEA
Lunes, 6 de octubre 2008, 04:18
DV. «Oso ondo irten da! Eskerrik asko!», esan zien Txus Aranburuk, Desordutan taldeko abeslariak, eurekin batera agertokira igo eta abestia kantatu zuten Irurako ikastolako haurrei. Abesti hori izan da Tolosaldeko Desordutan taldeak 2008ko Kilometroei jarri dien doinua, eta atzo Anoetako plazan eskaini zuten kontzertuak Irurako ikastolako partaideek luzaroan ahaztuko ez dituzten momentuak izan zituen.
Zalantzarik gabe, une horien artean bereziena, eta inor gutxik espero zuena, emanaldiaren amaieran etorri zen. Irurako ikastolako dozena bat haur taula gainera igo, eta Desordutaneko musikariek lagunduta aspalditik ederki ikasia zuten abestia abestu zuten, behean txaloka eta jauzika zituzten hainbat eta hainbat entzuleren aurrean. «Beraiek dira gaurko benetako protagonistak, eta hori mundu guztiak jakin zezan nahi genuen. Horregatik eskatu diegu agertokira igotzeko», azaldu zigun Txusek. Benetako profesionalen moduan portatu ziren gaztetxoak agertoki gainean.
Baina ez zen hori izan kontzertuko sorpresa bakarra. Emanaldiari hasiera eman zion kantuaren ondoren, Desordutan taldeak abesti berri bat aurkeztu zuen primizian, izenekoa. «Gaur ekarri dugu kantu hau lehen aldiz lokaletik jendaurrera, eta publikoari zer irudituko ote zaion jakiteko irrikan gaude», aitortu zuen Aranburuk.
Dena den, garbi zuten atzoko kantua, ezbairik gabe, Oinarria eraikitzen zela. «Gaurkoak gainera nolabaiteko urduritasun bat dakarkigu», zioen Txusek. «Izan ere, aurretik beste kontzertu batzuetan jo dugu abestia, eta jendeak harrera oso ona erakutsi du, baina gaurkoa berezia da, egun honetarako egin baikenuen kantua». Kontzertuaren amaieran ikastolako umeekin abestu aurretik, emanaldiaren erdian ere jo zuen taldeak kantua, eta «Ikastola berria» dioen abestiaren lehen hi-tzak entzun orduko Irurako ikastolako ume eta guraso mordoa inguratu zen agertoki aurrera, euren kantua bizitzera.
Orokorrean, ohikoa baino errepertorio bizixeagoa prestatu zuen atzorako Desordutan taldeak. «Gaur festa giroa sortu nahi dugu, horrenbeste lan egin ondoren, horixe tokatzen baita. Gainera, kantu hau sortu eta grabatzerako garaian izan dugun ilusio horixe bera helarazi nahi diegu entzuleei, eta horretarako, kantu biziagoak egokiagotzat jo ditugu», argitu zuen taldeko abeslariak.
Atzokoa, nolabait esateko, ziklo baten amaiera gisa ikusten dute taldekideek, baina proiektu honetan murgildu izanak jende asko ezagutzeko aukera eman eta ate berri ugari ireki dizkiela diote. «Asko izan dira gurekin kolaboratu duten musikariak, eta aurrerantzean ere kolaborazio berriak martxan jartzea gustatu litzaiguke. Horregatik uste dugu Kilometroaken zikloa gaur amaitu dela baina ziklo honek ate asko utzi dizkigula irekita».
Desordutan taldeak atzokoan bereziki gogoan izan zuen Bonbereneako jendea. «Apartekoa izan da eskaini diguten laguntza. Bertan grabatu genuen abestia, oso eroso sentitu ginen eta edozer gauzetan laguntzeko prest agertu dira uneoro». Seriotasunez hartzen diren proiektu guztietan gertatzen den bezala, tentsiogune batzuk ere izan dituzten arren, atzoko emai-tza ikusita oso pozik geratu da Desordutan.
Kilometroetako kantua egin duen taldearen aurretik, Jone abeslari anoetarrak eskaini zuen kontzertua, horrek ere Anoetako plazan. «Plazer bat da niretzat gaurkoa bezalako egun batez herrian jotzea». Enparantzan eguzkiak ederki jotzen zuen, eta bertan patxadan eserita jendeak gustura entzun zituen etxeko abeslariaren doinu lasaiak.
«10 txorizo talo!»
Arratsaldeko 15:00ak inguruan amaitu zen Joneren emanaldia, eta orduak halaxe agintzen zuenez, jendea mokadutxo bat jatera mugitu zen. Eta horien artean, asko izango ziren, taloaren aldeko aukera egin zutenak; izan ere, ikustekoa zen nola ari ziren lanean talogileak. Hura zen, hura, taloen joan-etorria! «10 txorizo talo, bost hirugiarrezko eta sei txokolatezko», eskatu zituen gizon batek Ataungo talogileen postuan, eta ez zuen ez asko itxaron beharrik izan hogeita bat taloak jasotzeko. Hamar lagun ari ziren lanean taloak egiten.
«Urte asko daramatzagu gaurkoa bezalako egunetan lanean, eta gelditu gabe aritzen gara. Asko saltzen da» . Taloak erosteko lerroan zegoen jendetza ikusita, ez genuen lan handirik izan emakumeak esandakoa sinesten.
Gainontzean, ibilbidean zehar, ia denetarik aurki zitekeela esan daiteke. Adibidez, haurrei bularra eman eta pardelak aldatzeko tokiak atondu zituzten Anoetako ikastolako eta Irura herriko guneetan. Bestetik, azpimarragarria izozkiak saltzen zituzten guneetan izan zuten mugimendua. Aste guztian zehar izan dugun eguraldia ikusita nekez sinets zitekeen astearen hondarrean atzokoa bezalako giroaz gozatu ahal izango genuenik. Goiza fresko antzean joan zen arren, eguzkiak gogotik berotu zuen eguerdian eta izoz- kiak barra-barra saldu ziren.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.