Borrar
Ostegunean Eko moda autobus ehunez egindako diseinuak erakusketa inauguratuko da Igartubeitin.
Eko-modaren inguruko ekitaldi desberdinak antolatu dira Igartubeitin
Ezkio-Itsaso

Eko-modaren inguruko ekitaldi desberdinak antolatu dira Igartubeitin

Eko-poltsa egiteko helduentzako tailerra igandean izango da eta parte hartzeko lekua dago oraindik; aurretik izena eman behar da

MIRYAM GALILEA

Ezkio-Itsaso.

Lunes, 17 de octubre 2022, 22:40

Autobus-ehunez moda egin daiteke? Horixe da Igartubeiti baserri museoko 'Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak', ostegunetik (urriaren 20tik) maiatzaren bukaera arte ikusgai izango den erakusketa berriak azaltzen duena. Urrian zehar, erakusketa, tailer eta solasaldi baten bidez, museoak egunero egin daitezkeen jasangarritasun-ekintzei buruzko gogoeta eragin nahi du.

Igartubeiti baserri museoak bat egingo du Ondarearen Europako Jardunaldiekin, 'Ondarea loratuz, gozatu!' leloari jarraituz, jasangarritasuna izango du ardatz, museoarentzako gai nagusietako baten, jasangarritasunaren ikuspegitik gizartea eraldatzeko praktika gisa.

Erakusketa

Gero eta gehiago dira ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duten ekimenak. Sektoreen arteko lankidetza ere funtsezkoa da ekonomia zirkularrago baterantz eta gure ingurunearekiko begirunetsuago baterantz aurrera egiteko.

'Eko-moda: autobus ehunez egindako diseinuak' erakusketa, Irizar garraio-enpresak, Emausek eta KOTOI marka-etxeak ehun-hondakinei bizitza berri bat emateko hasitako bidearen erakusgarri da, gaur egungo diseinuko modako jantzi berrietan eraldatuz. Erakusketaren diseinua jasangarritasunaren erakusgarri ere bada, baserritik bertatik berrerabilitako materialekin girotu baita. Bertan, birziklatutako materialez eta baserriko elementu berrerabiliez osatutako hiru ingurunetan barrena egindako ibilbidean, Fanny Alonso diseinatzaileak sortutako jantziak aurkezten dira, baita Kotoi markak egindako janzkera tradizionalaren osagarriak eta berrinterpretatutako beste jantzi batzuk ere.

Solasaldia eta tailerrak

Erakusketa berriarekin batera, helduentzako eta haurrentzako jarduera-programa bat antolatu da. Hasteko, datorren urriaren 20an, ostegunean goizeko 11:30ean, erakusketa osatzen duten erakundeak, Irizar garraio enpresa, Emaus, Sindesperdicio eta Kotoi diseinu marka elkartuko dira Igartubeitiko Interpretazio zentroan.

Solasaldian, erakunde horietako arduradunek beren ekimen iraunkorrak aurkeztu eta azalduko dituzte. «Museoarentzat ere garrantzitsua da horrelako mezuak bere hezkuntza-programan sartzea. Horregatik, urriaren 22an 'Zure estutxea egin ehun-hondakinekin' tailerra antolatu du», azaltzen dute Igartubeititik, «Igartubeiti baserria ezagutuz, garai hartako baserriak jasangarriak zirela deskubritzeko».

Parte-hartzaileek, Igartubeitiren fruiturik baliotsuaren, sagarraren formako estutxea sortuko dute, ehun-hondakinak erabiliz.

Nahiz eta lehenengo tailerrerako plazak agortu diren, azaroaren 19rako beste tailer bat antolatu da. Moda gehien kutsatzen duten sektoreetako bat dela aitortzen dute museotik eta 'Eko-poltsa' tailerrean egunerokoan egin daitezkeen jasangarritasun ekintzak aztertuko dira eta, ondoren, Irizar enpresako ehungintzako hondakinekin, dolareko baserrietako elixirra, sagardo botila bat garraiatzeko poltsa bat egingo da. Helduentzako tailer hau urriaren 23an, igandea, 11:30ean izango da.

Izen emateak

Bi tailer hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea eta honetarako igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi daiteke edota 943 72 29 78 eta 943 72 51 07 telefono zenbakietara deitu.

Igartubeiti Baserri Museoko ordutegiari dagokionez, urriaren 31a bitartean ondorengoa izango da: asteartetik larunbatera eta jaiegunetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak bitartean. Igandetan, 10:00etatik 14:00etara dago zabalik; astelehenetan itxita. Bisita gidatuei dagokienez, 11:00etan, 12:30ean eta arratsaldeko 17:00etan izango dira.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eko-modaren inguruko ekitaldi desberdinak antolatu dira Igartubeitin