Borrar
Musealiak proiektuaren barruan bi neurri-pieza aurkitzen ditugu Igartubeitin. GALILEA
Ezkio-Itsaso: Gaitzerua eta lakaria ikusgai daude museoan, Musealiak proiektuan barne
Ezkio-Itsaso

Gaitzerua eta lakaria ikusgai daude museoan, Musealiak proiektuan barne

Bi neurri-pieza hauek museoko interpretazio zentroan kokatuta daude eta iraila arte izango dira bertan ikusgai

MIRYAM GALILEA

Sábado, 9 de julio 2022, 00:09

Igartubeiti Baserri Museoko Interpretazio zentroan, Musealiak proiektuan barne, Kafe jokoa, Kuela, Bola jokoa eta azkenik orinala, konketa eta eskuoihala hobeto ezagutzeko aukera izan da orain arte, eta momentu honetan pieza berriak daude ikusgai, hauek iraila arte bertan egongo direlarik.

Gaitzerua eta lakaria dira momentu honetan Igartubeiti baserri museoan Musealiak proiektuaren baitan ikusgai dauden bi piezak. Baserrietan eta nekazal munduan oro har, elikagaiak neurtzeko erabiltzen ziren neurri ugarietako bi dira: zurezko ontziak ziren eta batez ere garia, artoa eta babarruna neurtzeko erabiltzen ziren. Gaitzeruak eta lakariak zerikusia dute baserrian eta oro har nekazal munduan produktuak neurtzeko erabili izan diren unitateekin.

Prozesu sozial eta historiko baten ondorioa da gaurko mendebaldeko gizartean Kilo, Litro eta Metro unitateak erabiltzea. Baina horren aurretik nola neurtzen ote zituzten elikagaiak baserritarrek, bi pieza hauekin hobeto ezagutu dezake bisitariak.

Piezak

Bi pieza hauek egurrezko kaxa batzuk dira. Gaitzeruak eta lakariak globalizazio aurreko neurketa sistemen berri ematen digute. Sistema Metriko Hamartarra ezarri aurreko gizarteak erabiltzen zituen neurriak zein ziren jakiteko eta ulertzeko lekukoak dira.

Baserriko lanetan eta ekonomian, eguneroko bizitzaren parte zen elikagaiak eta gainerakoak neurtzea. Gaitzerua eta lakaria laboreak neurtzeko erabiltzen ziren. Laboreen multzoan leudeke aleak, eta bolumenaren arabera neurtzen ziren, eta ez pisura. Horrela, aleak neurtzeko zurezko ontziak erabiltzen ziren, eta horien artean zeuden gaitzerua eta lakaria, besteak beste. Hau da, lakariak eta gaitzeruak aleen edukiera neurtzen zuten.

Gaitzerua eta lakaria kantitate jakin batzuk ziren, baina laboreak neurtzeko oinarrizko unitatea anega zen, eta hortik eratortzen ziren gainerakoak. Gipuzkoan anega 55,3 kg-takoa zen. Ondoren erregua zegoen, bere balioa anega erdikoa zelarik. Gaitzerua izango litzateke hurrengo neurria, honek gutxi gora behera 11 kilo inguruko edukiera izango lukeelarik; eta azkenik berriz, lakaria.

Bai baserrietan eta bai hiri inguruetako azoketan, gaitzeru eta lakariak ohiko herramintak ziren. Are gehiago, salerosketa puntuetan gaitzerua eta lakaria behintzat herritarren eskura egon behar ziren, eta askotan hormetan katez loturik egoten ziren.

Gaitzerua

Baserrietan erabiltzen zen neurri mota bat zen gaitzerua, aleen edukiera-neurria zen hain zuzen. Batez ere garia, artoa eta babarruna neurtzeko erabiltzen zen.

Bere edukiera, gariari dagokionez, gutxi gorabehera gaurko 11 kilokoa zen. Zenbait lekutan 'imina' bezala ere ezagutu izan da.

Zurezko kaxa laukizuzena da. Aurrealdea inklinatua dauka eta atzekaldean berriz helduleku bat. Barrenean sakonera duen ontzia da, aipatu bezala, aleen edukiera neurtzea baitzen bere funtzioa. Beraz, etxeko tresna baino, jarduera ekonomikoekin, hau da, salerosketekin zerikusia duen pieza da.

Gaitzeru hau Zaldibiako Zaldibarrena baserrikoa da jatorriz, eta XIX. mendekoa litzateke. Gaur egun Gordailuako bildumaren parte da, Josu Tellabide etnografoak jaso baitzuen Gipuzkoako gizarteak izan duen bilakaeraren lekuko gisa.

Lakaria

Lakaria ere baserrietan eta salerosketa guneetan erabiltzen zen beste neurri bat da, aleak neurtzeko erabiltzen zena. Hau ere gari, arto edo babarrunetarako erabiltzen zen. Gaitzerua baino neurri txikiagoa da, 3,5kg gari sartzeko edukiera zuen.

Zurezko kaxa karratua da, barrenean sakonera duena, aleak neurtu ahal izateko. Gariaz gain, lakariarekin artoa eta babarruna ere neurtzen ziren. Jatorriz Beasaingo Ezkiaga Erdikoa baserrikoa da, eta 1999. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan eman zitzaion. Noizkoa den zehatz mehatz ez jakin arren, baliteke hau ere XIX. mendekoa izatea.

Proiektua

Musealiak K6 Gestión Cultural-en ondare sentsibilizaziorako proiektua da, erabilera arrunta duen objektu batek museo batean erakutsi arte egiten duen bidaia ezagutzeko aukera eskaintzen duena.

Honen helburua, inguratzen gaituzten eta ondare bihurtzen diren objektuei buruz gogoeta egitera gonbidatzea da. Horretarako, hiru museoek (Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi museoa eta Igartubeiti museoa) beraien gaiarekin lotutako Gordailua bildumako objektuak aurkezten dituzte.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gaitzerua eta lakaria ikusgai daude museoan, Musealiak proiektuan barne