Borrar
Musealiak proiektua abian da aspaldi museoan eta oraingoan martxora arte ikusgai egongo da azken pieza.
Ezkio: Zurezko koadroa ikusgai Igartubeitin, Musealiak proiektuaren barne
Ezkio

Zurezko koadroa ikusgai Igartubeitin, Musealiak proiektuaren barne

Martxora arte ikusi ahal izango da pieza hau baserri museoko Interpretazio zentroan

MIRYAM GALILEA

Martes, 27 de septiembre 2022, 00:05

Kafe jokoa, Kuela, orinala, bola jokoa... eta bestelako piezak hobeto ezagutzeko aukera izan ondoren, oraingoan zurezko koadroa dugu ikusgai Igartubeiti Baserri Museoko Interpretazio zentroan, Musealiak proiektuaren barne, martxora arte bertan izango dugularik.

Oraingo honetan ikusgai dagoen pieza zurezko koadro bat da. Ez da orain arteko objektuak bezala baserri munduari erreferentzia egiten dion etnografia pieza. Hala eta guztiz ere, baserriak gai edo paradigma bezala izan duen tratamenduaren inguruko hainbat xehetasun erakusten ditu, baserria ikur edo simbolo kultural bezala nola irudikatu izan den hausnartzeko eta pentsarazteko abagunea sortzen duen objektua da.

Zurezko koadro laukizuzen bat da, dekoraziorako egindakoa. Egurra zizelkatuz eginda dago, hainbat erliebetako forma emanaz. Koadroaren sinbologiaren oinarria XX. mende hasierako sagardotegia eta haren inguruan sortzen zen giroa irudikatzen duen eszena da.

Igartubeititik azaltzen dutenez, zurezko koadro hau XX. mende hasierako lehen hamarkadetan egindakoa dela esan liteke, eta garaiko burges familia batentzako enkarguz egindakoa, zehazki Laffort senar emazte frantziarrei.

Jatorria eta kontakizuna

Laffort sendia hainbat urtez bizi izan zen Gipuzkoan. 1937. urtean Zarauzko zurgin bati eskatu zioten egin zitzan beraientzako hainbat altzari mota: mahaia, bizkar-aulkiak, arasak, besaulkiak, lanparak, etab. Eta horiekin batera zurezko kuadro hau ere egin zuen zurgin hark. «Tamalez, aipatu altzariak egiteko eskatu zuten Laffort senar-emazteen ondorengoek, orduko hartan adin txikikoak izanik, ez dute gogoratzen Zarauzko zurginaren izenik, beraz ez dakigu zehazki zein zurgin izan zen altzari haiek eta tartean koadro hau egin zituena», diote museotik.

Beraz, zurezko koadro hau Laffort sendiaren ondasuna izan zen, eta Gipuzkoatik Parisera bizitzera joan zirenean beraiekin eraman zuten. Horien ondorengoek –haietariko zenbait gaur egun Euskal Herrian bizi dira–, piezen jatorriaz eta duten ondare balioaz jabeturik, Gordailuari, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, dohaintzan eskaini zioten. Gaur egun, altzari horiek, eta zehazki zurezko koadro honek, Gipuzkoako ondare bilduma osatzen dute, gure gizartearen bilakaera historikoaren eta kulturalaren adierazgarri baitira.

Garai hartan, oso ohikoak ziren zurezko altzari dotoreak izatea burges familietan. XIX. mendetik aurrera, gisa honetako altzarietan eta bestelako artelanetan modan jarri zen dekorazio elementu bezala baserriari loturiko iruditegiak egitea.

Musealiak

Musealiak K6 Gestión Cultural-en ondare sentsibilizaziorako proiektua da, erabilera arrunta duen objektu batek museo batean erakutsi arte egiten duen bidaia ezagutzeko aukera eskaintzen duena.

Honen helburua, inguratzen gaituzten eta ondare bihurtzen diren objektuei buruz gogoeta egitera gonbidatzea da. Horretarako, hiru museoek (Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi museoa eta Igartubeiti museoa) beraien gaiarekin lotutako Gordailua bildumako objektuak aurkezten dituzte.

Proiektu honen edo momentu honetan ikusgai dagoen piezaren inguruko informazio gehiago baserri museoko web orrian eskuratu daiteke: www. igartubeitibaserria.eus

Ordutegia

Urriaren 31a bitartean Igartubeiti Baserri Museoko ordutegia ondorengoa da: asteartetik larunbatera goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak bitartean. Igandetan goizez bakarrik dago zabalik 10:00etatik 14:00ak arte; astelehenetan itxita.

Museoa nork bere aldetik ere bisita daiteke, baserriaren deskribapen formala azaltzen duten eta XVI. mendeko baserriaren bizitza kontatzen duten QRak eskaneatuz, bisitaria garaiko atmosferan murgiltzen laguntzen duten kontakizun sortzaile eta literarioen bidez. Baina azalpen zehatzagoak jaso nahi izanez gero, bisita gidatua ere egin daiteke: goizeko 11:00etan euskaraz, 12:30ean gaztelaniaz, eta arratsaldeko 17:00etan euskaraz edo gaztelaniaz.

Kontzertua

Juan Manuel Beguiristain klarinete jotzaileak eta Gorka Hermosa akordeoilariak 'Gernikak' kontzertua eskainiko dute Igartubeiti baserriko dolarean datorren urriak 2an, igandean, arratsaldeko 18:00etan.

Kontzertu honetara joateko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da, kopurua mugatua baita. Zumarragatik autobus zerbitzua jarriko da hau hasi baino ordu erdi lehenago. Ekitaldia ordu eta erdikoa izango da gutxi gorabehera.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zurezko koadroa ikusgai Igartubeitin, Musealiak proiektuaren barne