Borrar
Egitasmoaren baitan egindako jardueren artean hainbat gai ukitu dituzten tailer esperimentalak egon dira. IGARTUBEITI
Balantze oso positiboarekin itxi du Igartubeitik Barne Begiradak programa

Ezkio-Itsaso

Balantze oso positiboarekin itxi du Igartubeitik Barne Begiradak programa

240 parte-hartzailek eta 30 eragile sortzailek baino gehiagok hartu du parte proposatutako jardueretan

A. Urbieta

Ezkio-Itsaso.

Jueves, 20 de abril 2023, 22:13

Balantze oso positiboarekin amaitzera doa Igartubeiti Baserri Museoak sustatu duen eta urtarrilaz geroztik Gabirin, Zerainen eta Ezkion burutu den Barne Begiradak kultura-proiektua, antolatzaileek aditzera eman dutenez. Kulturak landa-ingurunean aldaketa-dinamikak eta eraldaketa sozialak bultzatzeko duen gaitasunean sakondu du Barne Begiradak programak, eta Igartubeitirako mugarria izan dela nabarmendu dute, «inguruneko eragile, pertsona eta proiektuekin elkarlanean lan egiteko moduak indartu baititu». Era horretan, «jakintza tradizionalak eta jardun sortzaile garaikideak uztartzen diren proiektuen larrialdiko espazio eta, elementu eta baliabide endogenoetatik abiatuta, berrikuntza sozialerako agertoki» bihurtu da hiru hilabetez Baserri Museoa, eta zera adierazi dute arduradunek: «Horixe da funtsezko helburuetako bat, eta horretan lanean jarraituko dugu».

Guztira, sortzaileak eta ekoizleak kontuan hartuta, 30 eragilek hartu du parte, eta 240 lagun baino gehiago joan da proposatutako jardueretara. Lau ardatzetan banatu dira jarduerok:

Ars Natura egoitza artistikoa, Gari Aranbarri protagonista izan duena; 'Jakintzen hibridazioa' tailer esperimentalen zikloa; 'Ber(topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak' jardunaldiak; eta laster argitaratuko den argitalpen bat.

Egitasmo honen bidez landa-eremuetako «kultura-proiektuen suspertze gune gisa» nabarmendu da IgartubeitiHainbat hitzaldi eta tailer esperimentalek, eta egoitza artistiko batek osatu dute Barne Begiradak programa

Bihar larunbata, itxiera-jaia egingo da, eta han izango dira proiektuan protagonista izan direnetako batzuk. Prozesu osoari buruzko dokumental labur bat proiektatuko da, eta Sara Azurza abeslariaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, baserriko dolarean. Amaitzeko, afari-merienda egingo da.

Atalez atal

Balantzea egiterako garaian, Barne Begiradak programa hainbat hitzaldi eta tailer esperimentalek, eta egoitza artistiko batek osatu dutela nabarmendu dute Igartubeiti Baserri Museoko arduradunek.

«Otsailean egin zen 'Jakintzen hibridazioa' tailer esperimentalen zikloa; edukiera osoa bete zen saio guztietan, eta kultura eta belaunaldi arteko partaidetza izan zuen. Tailer horiek Ezkio eta Gabiriako bizilagunak berrelkartzeko eta errealitate ezberdinak berrirakurtzeko modu baterako aukera eman dute, joskintza, zeramika, artea eta dantza bezalako jardun sortzaileen bitartez. Gainera, landa-ingurunearekin lotutako memoriarekin eta jakintza tradizionalekin lan egiteko eta naturarekiko eta lurrarekiko konexioaren garrantzia azpimarratzeko aukera ere eman dute», adierazi dute.

Ars Natura egoitza artistikori dagokionez, Gari Aranbarri artistak hartu du parte eta materialtasunaren, espazioaren eta paisaiaren kontzeptuei heldu die, hegemoniaren aurkako bizitzeko moduak aztertuz. 'Hik egurre ta nik teilatue' izenburuarekin, Gipuzkoako komunitateko hainbat bizi-esperientziari buruzko azterketa batetik abiatu da, 70eko hamarraldiko proposamen politiko erradikal batzuetan oinarrituta, eta gaur egunera arte etorri da, gertaera horien bilakaera ikusteko, Zerainen bertan behera utzitako baserri batzuetan kontzeptualizatuz. «Inor bizi ez den baserri baten narriadura progresiboa irudikatzen duten irudi batzuetan oinarrituta, 'Les paysans se révolteront 1976' (Nekazariak matxinatu egingo dira 1976) dioen pintada bat ageri den Straub-Huilet zinemagileen 'Trop tot, trop tard' (1982) filmeko pasarte batera garamatza obrak», azaldu dute Igartubeititik. «Komunitate oso aktiboa aurkitu dut Zerainen, herri hauen alde lan egiteko oso motibatuta dagoen komunitatea», adierazi du artistak berak.

Martxoaren 28an eta 29an, 'Ber(topaketak). Artea, lurraldea eta landa-eremuak' jardunaldiak egin ziren. Hainbat adituk hartu zuen parte, baita hainbat artistak ere, hala nola Benito Burgosek, Marc Badalek, Eva Caballerok, Koldobika Jauregik eta Laurita Silesek. «Jardunaldi horietan agerian gelditu zen landa-eremuari dagokion ingurunea –'mikro' dimentsioa– esperimentaziorako eta kultura-jardunbide berritzaileak garatzeko espazio pribilegiatua dela, maila sozialean aldaketa-dinamika zabalagoak bultzatzeko gai dena», diote Baserri Museoko arduradunek.

Barne Begiradak egitasmoa

Sorkuntza Garaikidea landa-eremutik Igartubeiti Baserri Museoaren lan-ildo bat da Barne Begiradak, 2013an abiarazi zena, eta ondarearen eta artearen arloetan mugitzen dena. Gizarte-berrikuntzaren eta arte-jardunbide garaikideen bitartez, landa-ingurunean bizi izateko moduak arakatzea planteatzen du.

2013az geroztik, lan-ildo hau garatuz joan da Igartubeiti, haren urteko kultura-programazioan ildo artistiko bat, egoitza artistikoak eta sorkuntza garaikidea txertatuta, besteak beste. Igartubeitik bere ibilbidean jarraipena eman nahi dio lan-arlo horri.

2023an, beste bultzada bat eman dio egitasmoari, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, hiri-eremuetatik kanpoko kultura-eskaintza handitzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen finantzazioari esker (Next Generation Funtsen bitartez).

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Balantze oso positiboarekin itxi du Igartubeitik Barne Begiradak programa