Iker Galartza | Gure Zirkua
«Adin guztientzako benetako zerbait egitea da gure lorpenik handiena»Secciones
Servicios
Destacamos
Iker Galartza | Gure Zirkua
«Adin guztientzako benetako zerbait egitea da gure lorpenik handiena»Iñigo Aristizabal
Hondarribia
Sábado, 21 de septiembre 2024
Antzerkia egin du, kalean eta antzokietan, telebista ere bai ('Vaya semanita', 'Allí abajo' eta 'Irabazi arte', beste hainbaten artean), baina Iker Galartzaren proiektu nagusia Gure Zirkua da. Bigarrenez Hondarribira etorri dira eta asteburu hontan eta hurrengo bietan hamaika emanaldi eskainiko dituzte. Gaurkoa 18:00etan izango da.
–Nola sortu zen Gure Zirkua?
–Betidanik egin dugu lana bai antzerkian, pailazoak, kalean, antzokietan... Zirkua gustatzen zitzaigun eta aspalditik buruan hau bueltaka eduki izan dugu. 40 urterekin batzuei krisia etortzen zaie eta guri hau martxan jartzeko sasoia. Komentatu nien nirekin lehendik lanean ibili ziren batzuei, beste gazte pare bat inkorporatu ziren eta... aurrera!
–Pluralean ari zara baina oso pertsonala da proiektu hau, ezta?
–Bereziki nere desioa zen, baina argi neukan atzetik talde bat behar zela, hau bakarrik ezingo nuela aurrera atera. Nirekin urte askoz aritu zirenei galdetu nien. Esplikatu nien nola izango zen, karabana batean bizitzea eta guzti hori.
–Zaila izan zen martxan jartzea?
–Ez. Aipatzen dizudan pertsona horiek baiezkoa eman zutenean aurrera jo genuen. Hemen dauden gehienak duela hogei urte edo gehiago ezagutzen ditut. Horiek dauden bitartean, hau aurrera doa. Hemen gero artista bat gehiago, gutxiago, bat gaixotu edo aspertu eta joan... Hori gerta daiteke, baina hezurdura nagusia lehendik dator eta hezurdura horri eustea da inportanteena.
–Sekulako apustua egin zenuten. Ekonomikoa, bizimodu aldetik...
–Suerte izan nuen Antena3en lanean nenbilela eta hango soldatak ez dira Euskal Telebistakoak bezala. Diru ingreso on bat izan nuen eta pentsatu nuen, 'oraintxe da momentua diru honekin beti egin nahi izan dudana egiteko. Zirku bat erosi'. Orduan etortzen dira jendearen iritziak. Beste garaiko zerbait dela, ez duela funtzionatuko... Baina zirkua beti esistitu izan da eta orain arte iraun badu, zergatik ez du gehiago iraungo?
–Baina ezin ukatu beste aro batean bizi garela...
–Bai. Orain kultura beste noranzko batean doa. Teknologia, espektakuloak... Baina hau da benetakoa. Ortzi gure indartsuak esaten du 'etorkizuna gurea da!'. Hainbeste teknologia daukagu inguruan eta jendeak beste zerbait behar du. Nik uste medikuek terapia bezala gomendatuko dutela: Dena itzali eta zoaz zirkura. Ze hau benetakoa da.
–Zazpi urte hauetan noizbait damutu zara? Izan dira dudak?
–Beti joan da ondo. Izan dira momentu hobeak eta okerragoak. Komunikabideetan atera gara, telebistan ere, baina beti izan ditugu oinak lurrean. Bagenekien, ez baikinen 18 urterekin hasi, hasteko momentuan nobedadea izango ginela, moda. Ez genuen egin nahi bi urteko zerbait, eta kamisetak eta DVDak saldu. Geratzeko etorri den proiektu bat da. Hemen saltzen den bakarra palomitak eta ura dira, ez dago besterik. Eta hona datorrena ez dator pentsatzen 'sacacuartos' bat dela. Sarrera, kamiseta, motxila... ez. Hemen gozatzen duzu. Disfrutatu.
–Zirkuak badu toke erromantiko bat baina nomada bizitzak ere izango ditu alde txarrak...
–Eguraldi txarrarrekin gogorra da, ez da erraza. Momentu txarrak ez egoteko formula da positibo izatea, elkar animatzea. Eta hori argi izan behar dugu denok eta argi dugu. Zerbait okertzen denean ez dugu purrusta egiten, buelta ematen diogu egoerari. Eta gero, montaje edo desmontajeko momentuetan, denok erabakitzen dugu ze erritmoan egin. Agian astelehen batean gaueko hamarretan bukatzen dugu eta beste batean arratsaldeko seietan eta hondartzara joaten gara.
–Bigarren txanda da Hondarribian. Nola gogoratzen duzu lehenengoa?
–Zonalde bati minimo ematen diogu urtebeteko deskantsoa. Eta numeroak aldatzen ditugu, beraz aurten ekartzen dugunak ez dauka zerikusik duela bi urte eskaini genuen espektakuloarekin. 2022an oso ondo joan zen. Egia da kostatu zela hastea, jaiak bukatu eta segituan. Lehenengo egunetan flojogo ibili ginen, ez zen bete, eta azkeneko egunetan, ordea, jendea kanpoan gelditu zen.
–Euskal kulturari egiten duzuen aportazioaz konsziente al zarete?
–Batzuetan hauei esaten diet, gure buruari gogorarazi behar diogula. Nazio sentimendu hori, hizkuntza, gure musika, gure artistak, gure lana dignifikatzea. Jendeak pentsatzen du zirkua prekarioa dela. Baina hemen poesia dago. Zirkuak eboluzionatu du, gaurkotu da, baina teknologia handiegirik gabe, gauza txikiekin gauza politak egin daitezkela demostratzen da. Laguntasuna, adiskidetasuna, errespetua, konfiantza... Balore horiek denak Gure Zirkuak betetzen ditu. Eta hori trasmititzen lortzen dugu, publikora iritsita. Jendeak esaten digu: 'eskerrik asko gure herrira etortzeagatik'. Aurrekoan Lesakan tabernari batek aperitibora gonbidatu gintuen.
–Ze adinetarako dago pentsatua ikuskizuna?
–Guztietarako! Adin guztientzako benetako zerbait egitea da gure lorpenik handiena. Aitona batek esan zigun: 'Ez nuke esango, 80 urterekin, 7-8 urteko bilobekin etorri naiz, beraiek txoratzen atera dira baina ni ere bai».
–Azkenaldian gaixo ibili zara, nola bizi duzu zirkua kanpotik.
–Hunkituta, emozionatuta. Apunteak hartzea pentsatu nuen. Baina... zer esango diet zer dagon ondo eta gaizki, jendea pozik ikusten badut? Zer gehiago dago esateko? Ezer ez. Disfrutatu.
–Taldeko besteak nola moldatu dira zu gabe?
–Zein egia den inor ez dela inpreszindiblea. Konturatzen gara gu falta garenean gauzak berdin edo hobeto jarraitzen dutela. Nabaritu dut jendeak hartu duen ardura. Eta behin ere baino gureagoa dela Gure Zirkua. Beraiena balitz bezala, eta beraiena da. Jende gutxi etortzen bada denok sufritzen dugu. Jende askorekin, denok pozik. Denok elkarrekin konpartitzen dugun lan bat da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.