Andoain

Ibilaldia antolatu du Manuel Larramendi kultur bazkunak herrian barna hilaren 14an

El Diario Vasco

andoain.

Miércoles, 4 de septiembre 2024, 19:52

Irailaren 14an, larunbatarekin, goizeko hamaiketan hasiko da, Manuel Larramendi kultur bazkunak antolatuta, Andoaingo guduari buruzko ibilaldi gidatua, Goikoplazan, eta Jon Unanuek zuzenduko du Unanibiko zubian amaiera eman arte. Ordu pare pasatxoz Andoaingo kale eta txokoetan barrena ibiliz herrian izan den gertakari historiko larrienetakoaren berri emango dute. Parte hartzeko aurretik izena eman behar da, harrera@larramendibazkuna.eus helbidera idatzi eta parte hartuko duten lagun guztien izen-deitura eta harremanetarako telefono zenbakia emanda.

Publicidad

Partaide kopurua mugatua izango da eta ibilaldiko azalpen guztiak euskaraz izango dira.

Aurten 187 urte beteko dira; 1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo gudua, lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O'Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7.000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren.

Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O'Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.

Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako. Izan ere, soldadu karlistekin batera herritarrak izan ziren gogorren jo zutenak gudaroste liberalaren aurka, mendekua eskatuz «ez da kuartelik su ematen dutenentzat» oihuaren oihartzunaz. Horri guztiari buruzko azalpenak entzun eta gertakariak izan ziren lekuak ikusi ahal izango dituzte partaideek, Leitzaran ibaian gora azkena Unanibiko zubian amaitzeraino.

Izena eman eta zalantzak argitzeko idatzi harrera@larramendibazkuna.eus helbide elektronikora edo deitu 656 782 521 telefono zenbakira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad