2023ko ordenantza fiskalak eztabaidatu eta zituzten, iraileko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin: hala, udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igotzea onartu zuten, irizpide orokor gisa, bi salbuespenekin. Batetik, kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak %2 igoko dira, Buruntzaldeko udalen artean hala adostu baitzuten, eta, bestetik, iaztik datorren akats tekniko bat konpontzeko asmoz, ur hornidurarekin lotutako hiru tasa izoztea erabaki dute. PSE-EEk kontra bozkatu zuen, eta EAJk abstentziora jo zuen.
Publicidad
Irizpide orokor gisa, zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren «oso azpitik» igotzea proposatu zuten: %1,5 igotzea, alegia. «Ukrainako gerraren ondorioz, argindarrak eta erregaiek izandako garestitzeak eraginda, KPIak sekulako igoera izan du, %10ekoa; iaz erreferentziatzat hartu genuen azpiko inflazioa bera ere %6koa da une honetan». Udal taldeak azaldu zuenez, prezioen etengabeko gorakada, etxeko ekonomian ez ezik, udalaren egunerokotasunean ere nabaritu da, eta gobernu talde gisa udalaren gastuen eta sarreren arteko oreka ekonomikoa mantentzeko arduraz hartu dute erabakia. Añarbek bere zerbitzuetarako planteatutako igoera ere nabarmendu dute: euren zerbitzuengatik ordaindu beharrekoa %19 igotzea proposatu zuten.
Irizpide orokor horrek bi salbuespen izango ditu. Batetik, ohi bezala, kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak Buruntzaldeko udalen artean finkatzen dituzte, eta aurten %2 igotzea adostu zuten. Bestetik, iaztik datorren akats tekniko bat konpontzeko asmoz, ur hornidurarekin lotutako hiru tasa izoztea erabaki zuten: tarifa finkoa, tarifa aldakorra eta ur-sarera lehenengo aldiz lotzeko tasa. Iaz, azpiko inflazioari jarraituz, udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igo zituzten, baina akats bat tarteko, hiru tasa horiek %3 igo ziren. Kontu hartzailearen esanetan, akats horrek ez du alde esanguratsurik eragin, dirutan, herritarren poltsikoan, baina udalari akats hori zuzentzea dagokio, eta, beraz, hiru tasa horiei ez zaie igoerarik aplikatuko aurten, eta bere horretan utziko dira, izoztuta.
Oposizioko alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, ordenantza fiskalak izoztearen alde egin zuten. EAJk, abstentziora jo zuen, argudiatuta aurten egoera ekonomikoa duela bi urte baino egoera larriagoa dela, eta, beraz, aurten ere ordenantza fiskalak izoztu behar liratekeela. PSE-EEk, berriz, udal taldearen erabakiaren aurka bozkatu zuen. «Iaz, izoztearen alde nengoen, eta aurten ere bai: Usurbilgo Udalak baditu baliabide ekonomikoak, nahiz eta kudeaketa zaila izan arren».
Udal gobernuak «diskurtso erraz eta demagogo samarra» egitea egotzi zien bi alderdiei. «Badakigu herritarren egoera zaila dela, baina udalaren oreka ekonomikoa bermatzea dagokigu. Iaz, larrien dauden herritarrentzako hobariak jarri genituen martxan, eta zuek ez zenuten hobari horien alde bozkatu. Hobariak dira, hain zuzen ere, egoera zaurgarrienean daudenei laguntzeko tresnarik onena, oinarrizko zerbitzu eta tasetan %50, %75 eta %90eko hobariak jaso ditzaketelako». Udal taldearen esanetan, ordenantza fiskalak izozteak mesede nori egiten dion aztertu behar da: «Beharrik ez duenari eta baduenari neurri berean izoztea dakar. Ordenantza fiskalak ere herritar guztiei zabalduta daude, baina mesede gehiena gehien behar dutenei egiten die».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.