Secciones
Servicios
Destacamos
Emakumeen Etxearen proiektua gorpuztuko duen lantaldea aurkeztu dute, gaur, prentsaurrekoan, Kalezarko Pelaioenean. Datozen hilabeteetan, hainbat lan egingo ditu Emakumeen Etxearen talde sustatzaileak, Elhuyarren aholkularitzarekin. Aldi berean, Pelaioenea barrutik eraikitzeko obrak martxan dira hilabete hasieraz geroztik: sei hilabete iraungo dute lanek, eta dena ondo bidean, 2023ko udaberrirako amaituta izatea espero da.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, legealdiko proiektu estrategikoetako bat da Emakumeen Etxearena, dagoeneko «azken txanpan» sartua dena. «Usurbilgo emakumeentzako erreferentziazkoa izango den espazio bat sortzeko mandatua genuen: emakumeak ahalduntzeko espazio bat, herriko emakumeok elkar ezagutu, topatu, zaindu, hausnartu, konspiratu, maitatu, eraiki eta burujabetzeko gunea sortzekoa». Gogoratu duenez, parte-hartze prozesu bat egin zuten 2020-21 bitartean, Elhuyarren laguntzarekin, herriko mugimendu feministarekin eta, oro har, berdintasunaren alde lanean aritzen diren herriko emakumeekin batera. Aldi berean, auzotarrek prozesu propioa egin zuten: izan ere, Pelaioenea bi proiekturen egoitza izango da, Emakumeen Etxearena eta kalezartarren udal-ekipamenduarena. Horren guztiaren berri eman zuten 2021eko martxoko aurkezpenean, prozesuotan landu zen proiektu arkitektonikoarekin batera.
Talde sustatzaileak, orain, proiektua gorpuzteko beharrezkoak diren beste urrats batzuk egingo ditu. Lehenengo prozesuan lanean aritu ziren emakume talde batek osatuko du taldea: zenbait norbanakok eta aurkezpenean egon ezin izan duten Kafe Tertuliako neska gazteek. Hemendik aurrerakoak ere elkarlanean egingo dituztela nabarmendu du Solaberrietak: «Azken batean, Emakumeen Etxea eta Pelaioenea kokreaziorako espazioa izatea nahi dugu, elkarlanerako, topagunerako, harreman berrietarako, guztiontzako auzo/ herri bizigarri, kohesionatu eta berdinzalea zerumugan».
Elhuyarreko kide Naiara Arrik azaldu duenez, elkarlanean arituko dira talde sustatzailearekin, etxea ireki bitarteko lanetan aholkularitza lana eskainiz. Gogoratu duenez, parte-hartze prozesuaren lehenengo faseaz geroztik, auzotarrek euren bidea egin dute elkartea sortuta, eta emakumeek talde sustatzailea sortu zuten. Lehenengo fase hartan, 24 emakumek hartu zuten parte bileretan, eta gaur-gaurkoz horietatik zortzi dira orain talde sustatzailean parte hartzen.
Arkitektura proiektu bat adostu zuten Emakumeen Etxearen eta auzo ekipamenduaren prozesuetako parte-hartzaileek. Proiektu hori bera lizitatu du udalak azken hilabeteetan, eta hilabete hasieran hasi ziren obrak: Indenort enpresak eraikiko du Pelaioenea barrutik, eta udalak 585.000 euro bideratuko ditu horretara. Solaberrietak nabarmendu duenez, dena ondo bidean (obretan gerta daitezkeen ezustekorik ez bada), sei hilabete beharko dituzte lanak amaitzeko, eta, beraz, litekeena da udaberrian Pelaioenea zabaltzeko moduan izatea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El pueblo de Castilla y León que se congela a 7,1 grados bajo cero
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.