Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Obra amaitzean eremua nola geratuko den erakusten duen infografia.

Usurbil

Igogailua eta autobus geltoki berria egiteko proiektua abian

Udalaren eta Matia Fundazioaren arteko akordioari onespena eman dio udalbatzak

El Diario Vasco

Usurbil.

Jueves, 6 de abril 2023, 22:00

Usurbilgo Udalak eta Matia Fundazioak igogailua eta autobus geltoki berria egiteko proiektua adostu dute, N634 errepideko oina eta zaintzadun auzunea eta Kalezar auzoa modu irisgarrian lotuko dituena. Martxoaren 30eko osoko bilkuran onartu zuten bi aldeen artean proiektua gauzatzeko eta finantzatzeko adostutako hitzarmena.

Publicidad

Matia, mendekotasuna duten pertsonentzako arretaren esparruan, pertsonak ardatz dituen arreta ematera bideratutako egoitza eredua bultzatzen ari da, etxearen edo 'etxean bezala' kontzeptutik pertsonen beharretara hurbilduz. Premian dauden pertsonei ostatua eskainiko die Kalezarko auzuneak, eta ohiko bizilekutik etxebizitza txikiez osatutako gerontologia zentro batera ahalik eta egokien igarotzea bermatu asmo dute. Eredu hori osatzeko, Eguneko Zentroa ere auzunean integratuko da.

Hasieratik garbi izan dute auzuneak ziurtatua behar zuela izan irisgarritasun unibertsala, baina gehiegizko aurrekontuak kolokan jarri zuen proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa, eta, ondorioz, bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea eta bere aurreko urbanizazioa lehenengo, eta finantzazioa lortutakoan geltoki berriak eta igogailua.

Proiektu horren bidez, N634 errepidean autobus geltoki berria egingo dute, egun dagoenetik metro batzuetara, geltokia auzunearen oinean egon dadin. Izatez, bi geltoki berri izango dira, noranzko bakoitzean bana. Geltokitik auzunera 22 metroko desnibela dago, eta hori gainditzeko bi igogailu eta eskailerak eraikiko dituzte: geltokia eta auzunearen kotan sortuko den plaza publikoa lotuko dituzte, eta, ondorioz, baita Kalezar eta Ugartondo ere.

Proiektua Matiak idatzi du eta bera izango da obraren bultzatzailea. Sebastian Cardenas Matiako proiektuen koordinatzaile teknikoak aurreratu dutenez, 6-7 hilabete iraungo dute lanek, eta urte amaierarako prest egotea espero dute.

Publicidad

Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, hiru urtetan banatuta: 150.000 euro 2022an, 150.000 2023an eta 180.000 euro 2024an. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izango da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jasoa dute, eta bultzada garrantzitsua izan da proiektuarentzat.

Igogailuaren obra egin ondoren, udalaren gain geldituko da instalazioaren mantentze lanak egitea; geltokien mantenuaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiarena izango da ardura.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad