Urgente Cortada la N-121-A por una colisión entre dos camiones que deja dos heridos graves

Usurbilen turismo informazio guztia, aplikazioan

DV

Sábado, 16 de marzo 2024, 20:53

«Hilabete luzeetako» lanaren ondoren Usurbilen edonork bere kabuz bisita gidatua egin ahal izateko aplikazioa aurkeztu dute, «gida baten beharrik gabe, telefonoaren laguntzarekin» herriko interes guneak, besteak beste dema plaza, Zumetaren murala edo Judas Arrietarena, eta herriguneaz harago egin daitezkeen bestelako planak -zaintzari lotuta, Errotarrien bidea, herri-auzoak ezagutzea...- ezagutzeko. Horrez gain, Adi Usurbilek egiten zuen bezala, interes gune horiek modu irisgarrian ezagutzeko bidea eskaintzen du. Era berean, bisita gidatuen agenda kontsultatu eta erreserbak egiteko aukera ere ematen du, 650 Usurbil Biziren webgunearekin lotura eginez.

Publicidad

650 Usurbil Bizi proiektuak smartphoneetarako sortutako aplikazioa Android zein iOS telefonoetarako irisgarria da eta Elhuyarrekin eta Baturarekin elkarlanean sortu du. Aurkezpenean izan ziren Ines Azpiazu 650 Usurbil Biziren dinamizatzailea, Itziar Cortes Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitatearen koordinatzailea eta Gotzon Arzelus Baturako Negozio Zuzendaria.

Cortesek nabarmendu zuenez Bidaide plataformaren bitartez hizkuntza batean sortutako edukia beste hizkuntzatara itzulpen automatiko bidez itzultzeko aukera ematen du. Era horretara, audiogida eleaniztun eta irisgarria da, zehazki, sei hizkuntzatan: euskara, gaztelania, katalana, galegoa, ingelesa eta frantsesa.

Ez da elkarlan honek emandako emaitza bakarra, aurkezpenean Azpiazuk azaldu bezala 2016an Harria Hitz ibilbidean bildutako artelanak QR sorta batekin identifikatu eta bisita nork bere kabuz egin ahal izateko modua eskaini baitzen. «650 Usurbil Bizi app-a bokazio horrekin sortu dugu, funtzio berriak eranstearekin batera».

2024rako eskaintza, bidean

Azpiazuk jakinarazi duenez, 2024rako eskaintza berria prestatzen ari dira. Orain arte, arteari lotutako eskaintza egin izan dute, eta hemendik aurrera herriaren alderdi desberdinak ezagutzeko aukera emango dute. Esaterako, badira zenbait hilabete zaintzari lotutako bisita egiten ari direla: «Bisita hauek eskaripekoak izaten dira, Usurbilen zaintza ereduaren inguruan egin dugun lanketa ezagutzeko interesa duten instituzio eta taldeena: azalpenak emateaz gain, Txirikorda eta Egurtzegi ezagutzeko aukera eskaintzen diegu».

Publicidad

Aukera sortzen denean, gainera, herriko zein gertuko eragileekin elkarlanean aritzeko bokazioa dute, Azpiazuk gaineratu duenez: horren adibide, Chillida Lekurekin elkarlanean eskainitako bisita bereziak. Iaz bezala, aurten ere Museo Irekia bisitarekin batera Zumeta estudiora bisitak antolatu dituzte, Usoa Zumetarekin elkarlanean: 650 Usurbil Biziren webgunean zein egunetan izango diren kontsultatu eta erreserbak egin daitezke, dagoeneko.

Horrez gain, beste bi bisita prestatzen ari dira. Batetik, elizako ondarea ezagutzekoa: «Hitzarmena sinatzeko badaukagu ere, esan dezakegu bisita horien bidez Salbatore parrokia, bertako erloju bikaina eta organoa ezagutzeko aukera izango dela». Usurbilgo hondakinen kudeaketaren inguruan udalak orain arte egindako bisitak turismo eskaintzaren barruan sartuko dituzte, baita ere.

Publicidad

Era berean, 650 Usurbil Biziren euskarriak berrituko dituzte datozen egun eta asteetan: artelanen ondoko QR-ak eta Mikel Laboa plazako totema.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad